Koronabirusa

Txertatutako ikasleek ez dute egingo berrogeialdirik kontaktu estuak direnean

Labik erabaki du edukiera handitzea kultur, kirol eta eta gizarte jardueretan: orokorrean, %60koa izango da, asteazkenetik aurrera

Labiren aholku batzordea bilduta, atzo goizean, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak COVID-19aren hedapena eteteko hartutako neurriak malgutzea erabaki du. Hala jakinarazi zuten atzo Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik eta Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek, Labiren aholku batzordea bildu ostean egindako prentsaurrekoan. Batez ere, edukieretan izango dute eragina neurri berriek, eta bihartik egongo dira indarrean. Sagarduik ikasle askorengan eragina izango duen erabaki baten berri ere eman zuen: txertatuta dauden ikasleek ez dute egin beharko berrogeialdirik, positibo eman duen batekin kontaktu estua izanda ere.

Pandemiaren bilakaeraren ondorio dira erabaki horiek, Sagarduik azaldu duenez. «Joera aldaketa argia da». Halere, herritarrei eskatu die txertatzeko eta prebentzio neurriei eusteko: «Aste erabakigarriak dira bosgarren olatu hau menderatzeko eta seigarren olatua eragozteko».

EDUKIERA

Orokorrean, lokal eta instalazio guztien edukiera handituko dute, %60ra. Halere, aparteko zenbait muga ezarri dituzte jarduera batzuetarako. Ostalaritzako establezimenduen barnealdean, edukiera muga %50ekoa izango da, eta mahai bakoitzean zortzi lagun eseri ahalko dira, sei izan beharrean. Gainera, gizarte, kultura eta kirol ekitaldietan gehienez ere 600 pertsona bilduko dira barruan direnean, eta 800 kanpoan badira. 1.600 eta 5.000 pertsona artean sar daitezkeen lekuetan 800 pertsona biltzeko aukera emango dute, eta 1.200 pertsona aire zabalean; 5.000 lagun baino gehiago sar daitezkeen lekuek %30eko edukiera izango dute.

IKASTETXEEN PROTOKOLOA

Ikasturtea hasteko astebete pasatxo falta den honetan, Bildarratzek ikastetxeetako protokoloan eginiko aldaketen berri eman du. Haren hitzetan, eutsi egingo diete iazko ikasturteko neurri nagusiei: maskara erabiltzen jarraitu beharko dute, metro eta erdiko segurtasun distantzia mantenduko dute... Gainera, kazetarien galderei erantzunez, Sagarduik esan du protokoloa bera dela herritar guztientzat; beraz, txertoaren pauta osoa duten ikasleek ez dute egin beharko berrogeialdirik, positibo eman duen pertsona baten kontaktu estuak izanda ere.

Bildarratzek protokoloaren zenbait puntu nabarmendu ditu. Esaterako, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan «bizikidetza talde iraunkorrak» osatzeko aukera izango dute. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetan, berriz, hiru edo lau ikasleko talde egonkorrak osa ditzakete, elkarren artean 1,5 metroko distantzia mantenduz. Gainera, barnetegiak antolatuko dituzte berriz ere, ikasleek euskara landu dezaten; iaz, pandemiagatik bertan behera utzi zituzten.

Ikastetxe barruko jarduna ez ezik, eskolaz kanpokoak ere arautzen ditu protokoloak. Besteak beste, ahal den neurrian, eskolako «bizikidetza talde iraunkorrak» mantendu beharko dituzte; metro eta erdiko distantziara egon beharko dute, eta materiala partekatzeko aukera izango dute, baina talde batetik bestera materiala garbituta.

ORDUTEGIA

Merkataritza, kultura eta gizarte jarduera guztiak 01:00ean itxiko dituzte. Gainera, gazteen lokalek eta gaueko aisialdiko establezimenduek itxita jarraituko dute.

MASKARA

Hondartzetan eta igerilekuetan derrigorrezkoa izango da maskara erabiltzea, pertsonen arteko distantziari etengabe eustea ezinezkoa bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.