TXERRI GRIPEA. Nafarroan ez dela txerri griperik baieztatu dute adituek

Asteburuan Gurutzetan ospitaleratutako gazteak txerri gripea duela zabaldu du Radio Euskadik

arantxa elizegi egilegor
2009ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Txerri gripearen birusa lehen aldiz AEBetan eta Mexiko agertu bazen ere, dagoeneko iritsi da Europara. Euskal Herrian lau kasuren berri eman zuten atzo: bat Bizkaian eta hiru Nafarroan. Azken horretan, ordea, iluntzerako gezurtatu zituzten susmoak. Aldiz, Radio Euskadik Gurutzetako Ospitaleko iturriek aipatuz jakinarazi zuenez, asteburuan ospitaleratutako gazteak txerri gripea du. Jaurlaritzako Osasun Sailak, ordea, gaur du jakinaraztekoa albistea.

Gabriel Inclan jarduneko Osasun sailburuak atzo azaldu zuenez, hala ere, gaztearen egoerak hobera egin zuen ospitaleratuz geroztik. Horretaz gain, ziurtatu zuen ez zela beste gripe kasurik aurkitu gaztearekin batera hegazkinean etorritako bidaiarien artean.

Gurutzetan ospitaleratutako gaztea larunbatean heldu zen Loiura Mexikotik zetorren IB 0438 hegaldian. Inclanen esanetan, gaixoa Mexikon bertan kutsatu zen, eta berehala artatu zuten erietxean. «Inportatutako kasua da, eta beraz ez dago larritzeko arrazoirik. Oraingoz lasai egon gaitezke». Bide beretik, Gabriel Inclan jarduneko Osasun sailburuak aholkatu die herritarrei gripearen aurkako botikarik ez hartzeko, baldin eta medikuak berak hala aholkatu ezean, osasunerako kaltegarria izan daitekeelako.

Lasaitasuna Nafarroan

Nafarroako Bideko Ama Erietxean eta Nafarroako Klinika Unibertsitarioan hiru lagun ospitaleratu zituzten asteburuan A/N1H1 birusa zutelakoan. Probek, ordea, usteak gezurtatu zituzten. Maria Kutz Osasun sailburuak, bestalde, lasaitasuna eskatu zien herritarrei, eta nabarmendu Nafarroan neurri bereziak daudela indarrean ostiralaz geroztik. Txerri gripeak ostiralean eragin zituen lehen biktimak Mexikon. Gerora jakin zen A/H1N1 birusaren aldaera berria zela heriotzak eragin zituena. Horiek hala, Nafarroako Gobernuak Gripearen Zaintzarako Sarearen lana luzatu zuen, eta baita aholkuak eman ere osasun zerbitzuei, kasuren bat agertuz gero jarraitu beharreko urratsei buruz.

Orain arte, Amerikan jo du gogorren A/H1N1 birusak, nahiz eta Europan ere hainbat kasu ikertzen ari diren. Orain arte, soilik hiru baieztatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.