Txernobylgo 108 haur etorri dira Hego Euskal Herrira uda pasatzera

Bidaia autobusez egin dute, eta hamar orduz egon dira atxikita Poloniako mugan.

Txernobylgo haurrak autobus kanpoan. CHERNOBIL ELKARTEA
Txernobylgo haurrak autobus kanpoan. CHERNOBIL ELKARTEA
2024ko uztailaren 1a
16:00
Entzun

Urtero bezala, Chernobil elkarteak hango haurrek uda Hego Euskal Herrian pasatzeko programa hasi du. Goizaldean iritsi dira bi eguneko bidaiaren ondoren, eta hainbat familiak Txernobylgo (Ukraina) 108 haur beren etxetan hartuko dituzte abuztuaren 27ra arte. Programa horri esker, gazteek Ukrainako gerratik eta Txernobylgo zentral nuklearreko hondamendiak eragindako erradioaktibitatetik urrun egoteko aukera izango dute.

Ostiralean irten ziren bi autobus Ivankiv ingurutik, Ukrainan ezin baita hegazkinez bidaiatu. Gainera, Polonia eta Ukraina arteko mugan hamar ordu baino gehiago egon dira atxikita. Hiru begirale Ukrainatik etorri dira haurrei bidaian laguntzera, eta elkarteko beste hiru boluntariok Katowicen (Polonia) itxaron diete. Autobus bat Gasteizen eta Arrigorriagan geratu da, eta bestea, Irunen eta Iruñean.

Haur gehienek Gipuzkoan pasatuko dute uda, 50ek hain zuzen. Bizkaian 30 gazte egongo dira; Nafarroan, hogei; eta Araban, zortzi. Aurten iaz baino hemeretzi haur gehiago iritsi dira, eta 36k lehen aldiz hartu dute parte programan.

Chernobil elkarteak hainbat ekitaldi antolatu ditu udan zehar ukrainar haurrentzat eta harrera familientzat. Horrez gain, elkarteak boluntarioei eta harrera familiei eskertu egin die eskuzabaltasuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.