Txentxo Jimenez, Pablo Azkona, Mikel Azkona, Mikel Nuin, Felix Esparza, Floren Luki, Arantxa Elkarte, Pedro Huarte, Zutoia Toral, Inma del Rio, Juan Carlos Espinal eta Jesus Mari Txasko Aralarreko afiliatuak dira alderdiko zuzendaritzak VI. biltzarrerako proposatutako estatutuen aurkako osoko zuzenketa aurkeztu dutenak,Jimenezek BERRIAri jakinarazi dionez. Uste dute estatutu berriek Nafarroako Aralarri «erabakieskubidea kendu» egingo lioketela, Hegoaldekoaren mesedetan, eta barne araudia berritzeko prozedura eteteko eskatu dute. Nafarroako afiliatuak dira hamabiak.
«Aralarreko zuzendaritza nagusiak biltzar honen bidez erabakien zentralizazio batera joan nahi du. Nafarroako Aralarren ahalmen berezitua desagertu egingo da, beraz, eta hori alderdiarensorrerako printzipioak zakarrontzira botatzea izango litzateke», adierazi du Jimenezek.
Datorren larunbatean egingo dute VI. kongresuko lehendabiziko saioa, Bilbon. Zuzenketak eztabaidatu eta bozkatuko dituzte afiliatuek. Estatutuei eta txosten politikoari 181 zuzenketa aurkeztu dizkiote, eta zuzendaritzak 110 adostu egin ditu. 29 erretiratu egin dira, eta 42 daude adostu gabekoak. Hilaren 15eko saioan, Iruñean, estatutuak eta txosten politikoa bozkatuko dituzte, eta zuzendaritza berria hautatuko dute.
Txentxo Jimenezek iritzi dio Nafarroako afiliatuen gehiengoa bat datorrela euren planteamenduarekin. «Aralarren tradizio politikoaren eta ideologiaren kontrako jarrera horren azalpen bakarra, agian, Hegoaldeko zuzendaritzak bere kontrol politikoari ihes egiten dion gunerik nahi ez izatea da; hala gertatu zen 2013ko iraileko Nafarroako biltzar politikoan, non Hegoaldeko zuzendaritzaren proposamenen kontrako akordioak hartu zituen nafar militantziaren gehiengoak», dio osoko zuzenketak. Orduan, Jimenez Nafarroako koordinatzaile izateko aurkeztu zen, baina gero erretiratu egin zuen hautagaitza; Xabi Lasa Berriozarko alkatea hautatu zuten, %87ko babesarekin.
Indarrean dauden estatutuak—2011ko kongresuan onartutakoak— eta zuzendaritzak orain proposatutakoak eskuratu ditu BERRIAk. Bietan Antolamendua atalean alderdiaren biltzarra jotzen da «erabakiak hartzeko eta eztabaidarako organo gorena» bezala: ildo ideologiko eta politikoa onartzeko, kargu nagusiak hautatzeko, estatutuen zuzenketak ontzat jotzeko.... Bi ereduetan ondoren dator Hegoaldeko batzarra, biltzar arteko goreneko organo gisa: ildo politikoa finkatzeko, koalizioak onartzeko, bozetako hautagaiak, alderdiaren aurrekontuak...
Gero dator desberdintasuna: 2011ko estatutuetan bereizita ageri dira Nafarroa eta EAEko esparruak. 24. artikuluan, Nafarroako konferentzia politikoa jotzen da herrialdeko Aralarren organotzat; besteak beste, Nafarroako ildoa onesteko, «biltzar nagusian onetsi diren ildo nagusiekin bat etorriz». Konferentzia politikoa egin artean Nafarroako batzarra jotzen da organo nagusitzat herrialdean. 25. artikulua, berriz, EAEko eremuari buruzkoa da, Herrialdekokonferentzia politikoa eta Herrialdeko batzarra izenpean. «Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari dagokienez, Herrialdeko batzarra da erabakiak hartzeko eta eztabaidarako organo gorena Aralarren, herrialde bakoitzaren esparruan». Nafarroakoaren antzeko egitekoak dauzkate haiek.
2011ko estatutuetako 46. artikuluan ere, Lurralde Antolamendua atalean, Nafarroako eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskumenak bereizita daude, baina bietan puntu batek dio toki bakoitzean egiteko bat «Hegoaldeko batzarraren eta Hegoaldeko zuzendaritza batzordearen akordioak garatzea eta betearaztea» dela.
Aldiz, aurtengo estatutuen proposamenean, bi eremuak artikulu berean aipatzen dira: 25.ean. «Herrialdeko konferentzia politikoa edo Herrialdeko batzarra da Aralarrek Nafarroan eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herrialdeetan erabakitzeko eta eztabaidatzeko daukan organo gorena». Egitekoen artean, herrialde bakoitzean hautatuko lirateke tokiko ildo politikoa, koordinatzailea, zuzendaritza, hauteskundeetako hautagaiak eta aurrekontuak; herrialdeko batzar nagusi edo parlamentuko taldearen kontrola legoke...
Herrialdeen autonomia
Osoko zuzenketa aurkeztu duten hamabi lagunek uste dute badagoela aldea araudi berriaren proposamenean, Nafarroako Aralarren erabaki ahalmenaren kalterako litzatekeelakoan, «erabaki nagusiak Hegoalde mailan hartuko direlako», Jimenezen hitzetan. Zuzendaritzako iturrien arabera, Aralarren estrategia modu koherente batean eramateko Hegoaldeko ordezkaritza gorenek «gainbegiratu» egingo dute alderdiak bi esparruetan daraman jarduera, baina Nafarroakoak baino ez diren gaiak bertako organoei utziz gero ere. «Lurralde autonomia da Aralarren oinarrizko irizpideetako bat. Horrek esan nahi du esparru bakoitzak autonomia handiz joka dezakeela bai antolamenduari, bai politikari, bai funtzionamenduari dagokionez, betiere estatutu hauetan xedatutakoarekin bat etorriz», dio 8. artikuluak.
Jimenezek ez du aurreratu nahi izan zuzenketaren izenpetzaileek zer egingo duten larunbateko saioan galtzen badute. Ziurtatu duez dutela Aralarren idazkari nagusitzarako hautagairik aurkeztuko.
Hura da hamabi haietatik Aralarren Hegoaldeko zuzendaritzako kide den bakarra. Rebeka Ubera Antolaketa idazkariaren alboko gisa, harreman politikoen ardura dauka hark, Ainhoa Beola eta Aser Lertxundirekin batera. Nafarroako zuzendaritzako hamahiru kideetatik bost dira osoko zuzenketaren egileak: Pablo Azkona, Luki, Huarte, Toral eta Txasko —inor ez da herrialdeko koordinatzailea edo Antolaketa arduraduna—.
Txentxo Jimenezek eta beste 11 afiliatuk aurkeztu dute osoko zuzenketa
Nafarroako Aralar kaltetuz, alderdiaren printzipioak deuseztatuko direla uste dute.Estatutu berriek ere Nafarroari autonomia aitortzen diote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu