Ahal Dugu. Nafarroako Parlamentua

Txatalak josteko azken aukera

Astebete igaro da Nafarroako Ahal Dugu bitan zatitu zenetik. Elkarrizketak abian dira, baina bi ildoak adostasunetik urrun dira oraindik. Astelehenean bukatuko zaio Perezi alegazioak aurkezteko epea

Laura Perez, Nafarroako Parlamentuko pasabideetan telefonoz hitz egiten, asteleheneko irudi batean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2018ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Ahala ezintasun bihurtu zen iragan astean. Nafarroako Ahal Dugu-ren talde parlamentarioa bitan zatitu zen ofizialki, zuzendaritzak Laura Perezen militantzia «behin-behinean eten» zuela filtratu ostean. Aldaketa politikorako ezinbesteko tresna izandako alderdiaren inplosioak ezustean harrapatu zituen alderdiko kideak nahiz lauko gobernuari eusten dioten beste indarrak.

Zazpi egun hauetan, gainera, elur bola neurrigabe handitu da, batzuek zein besteek eginiko adierazpenek elikatuta. Trapu zikinak jendaurrean astintzeak duen arriskuaz ohartuta —eta gobernuko bazkideek bultzatuta— elkarrizketak abiatu dituzte bi aldeek, gutxieneko adostasun bat erdiesteko esperantzarekin. Azken aukera dute, gatazka atzerakorik gabeko fasean sartu eta eztandaren hedatze uhinak alderdiari erremediorik gabe kalte eginbaino lehen.

NOLA DAGO GIROA?

Hotz. Atzo, Nafarroako Parlamentuko osoko bilkuran, agerikoa izan zen sektore ofizialeko eta ildo kritikoko legebiltzarkideen arteko tentsioa. Hala ere, elkarrizketarako deia egin dute bi aldeek: astelehenean, «telefonoa hartu eta hitz egiteko» eskatu zien Mikel Buil bozeramaileak alderdikide kritikoei, eta, dirudienez, gonbita onartu egin zuten Laura Perezen aldekoek.

Hain zuzen, Perezek BERRIAri baieztatu dio kontaktuak abian direla; ez berarekin zuzenean, baina bai bere taldeko beste kide batekin: «Carlos Couso ari da zuzendaritzarekin hizketan, krisiari irtenbidea emateko». Ahal Dugu-ko idazkari nagusi ohia itxaropentsu agertu da, eta «egoera bideratzeko gai» izanen direla uste du: «Heldutasunez jokatu behar dugu, gurea den ardura bat beste inoren bizkar utzi gabe».

Ahal Dugu-ko ildo ofizialeko kideekin ere harremanetan jarri da BERRIA, baina, hartu-emanak egon direla konfirmatzeaz harago, ez dute azalpenik eman nahi izan, eta elkarrizketak «diskrezioz» egiteko beharra azpimarratu dute.

ZERTAZ HITZ EGIN DUTE?

Krisia piztu zenetik, bi izan dira eztabaidaren ardatz nagusiak: batetik, talde parlamentarioaren gaineko kontrola; eta bestetik, Laura Perezi zabaldutako zigor espedientearen zilegitasuna. Eduardo Santosek alderdi barruko primarioak irabazi ostean, idazkaritza nagusia ez ezik parlamentuko bozeramaile kargua ere utzi zuen Perezek. Mikel Buil izendatu zuten eledun, uztailaren 3an. Trantsizio lasaia zirudiena, ordea, mikaztu egin da azken bi asteotan. Perez alderditik apartatzeko erabakiaren ostean, talde parlamentarioa kontrolatzeko borroka hasi zen: Buil kendu eta, haren ordez, Carlos Couso bozeramaile izendatzeko eskaera aurkeztu zuten legebiltzarkide kritikoek (Perez, Couso, Fanny Carrillo eta Ruben Velasco), taldean gehiengoa dutela baliatuta —Builez gain, Tere Saez eta Ainhoa Aznarez dira ildo ofizialeko parlamentari bakarrak—. Builek, ordea, txosten juridikoa eskatu zuen, izendapenak egitea alderdiko Hiritar Kontseiluari dagokiola argudiatuta. Txostena eskatzea onartu zuen Parlamentuko Mahaiak —Geroa Bai eta EH Bilduren botoei esker—, astebeteko etenaldiak negoziaziorako atea zabalduko zuelakoan. Puntu horretan katramilatuta segitzen dute bi aldeek. Izan ere, pisu politiko handiko kargua da parlamentuko bozeramailearena: ikusgarritasun handia eskaintzeaz gainera, aukera ematen du Eledunen Batzordean parte hartzeko eta taldearen izenean posizio politikoak finkatzeko.

Bigarren eztabaida puntua Perezen aurkako salaketak dira. Sektore ofizialaren arabera, «oso larria» da idazkari nagusi ohiari leporatzen zaiona, eta alderdiaren «kode etikoa» urratzen du bete-betean. Hala ere, erabakia zuzendaritzak ez, Berme Demokratikoen Batzordeak hartuko duela diote, eta, horren aurrean, Perezek aukera izanen duela bere burua defenditzeko.

Sektore kritikoaren ikuspuntua oso bestelakoa da: prozesu zigortzailea abiatu bezain laster Perezen «behin-behineko kanporatzea» iragarri izana eta salaketen edukiak zenbait hedabideri filtratzea «arduragabea eta zikina» izan zela uste dute. «Epaiketa paralelo baten biktima izan naiz: publikoki epaitu eta kondenatu egin naute dagoeneko, eta, gainera, nire errugabetasuna frogatzeko beharra ezarri didate. Zuzenbidearen oinarriak bihurritzen ditu horrek», azaldu du Perezek.

ZER EGOZTEN DIOTE PEREZI?

Bi salaketa daude haren kontra. Batetik, leporatzen diote Hezkuntza Batzorde batean «bidegabeki» parte hartu izana: behin-behineko irakasleen zerrendetanaurkeztu beharreko titulazioari buruzko bozketan parte hartu zuen, auzi horretan «interespertsonalak» izan arren —euskara irakaslea zen A ereduko institutu batean—. Perezek behin baino gehiagotan ukatu du auzian interesa zuenik: «Bozketa horrek ez zuen inongo eraginik nire egoera profesionalean».

Bestalde, alderdia suntsitzeko azpilanean aritzea leporatzen diote bigarren txostenean. Zehazki, Orain Mugituz adierazpena sinatu zutenek Ahal Duguri «kalte egitea» beste helbururik ez zutela argudiatzen dute salaketa jarri zutenek. Tesi horren arabera, alderdi berri bat sortzeko lanean ariko litzateke idazkari nagusi ohia. Hori ere ukatu du akusatuak: «Gezurra da». Bere burua Ahal Dugu-ren barruan ikusten du Perezek —«beti sentitu izan naiz alderdi honen parte»—, baina alderdi barruan «sentsibilitate eta ildo ezberdinak» onartzeko borondatea falta dela uste du. «Iaz, idazkari nagusia hautatzeko hauteskunde primarioetan, 28 botoren aldeagatik irabazi zuen Eduardo Santosek. Oso alde txikia da, eta, hala ere, gure ildoko inor ez zuten onartu zuzendaritzan. Alderdiaren erdia aginte organoetatik kanpo utzi zuten.Halako jarrerak ez dira batere aberasgarriak». Astelehenean bukatuko da alegazioak aurkezteko epea.

ZER DA, AUZI IDEOLOGIKOA

ALA PERTSONALA?

Bietatik du apur bat. Erro ideologikoa du auziak, baina azken hilabeteetan, ezinikusi pertsonalak ere nahastu egin dira... eltze barruko presioak gainezka egin eta eztanda eragin duen arte.

Perezen ustez, erabakigunea Madrilen edota Nafarroan egotea, horixe da desadostasunaren ardatzetako bat: «Ahal Dugu subirano bat nahi dugu Nafarroan. Erabakiak hemen hartu, gure interesak eta Madrilen dituztenak, askotan, ez baitira berberak». Kataluniako prozesu konstituziogileaz Pablo Iglesiasen zuzendaritzak erakutsitako jarrera, edota Ione Belarra diputatua Espainiako armadaren desfilera joan izana aipatu ditu adibide gisa.

2019ko hauteskundeen ostean, Madrildik kontrolatutako zuzendaritza batek Nafarroako Gobernua osatzeko negoziazioetan izan dezakeen jarreraz ere zalantza agertu du Perezek: «Nafarroako errealitate politikoa ezagututa, guk oso argi dugu PSN ez dela bidelagun egokia, eta haiekin ezin dugula koalizio-gobernu bat osatu. Madrilen, ordea, lehentasun bihurtu da PSOEren gobernu batean sartzea».

Eduardo Santosen aldekoek, berriz, ez dute alde ideologiko handirik antzematen. Krisia «parlamentuan ardaztutako arazoa» dela esan zuen Santosek berak Euskalerria irratian. Botere borroka hutsa. «Ahal Dugu-ren talde parlamentarioa bahitu du Laura Perezek», gehitu zuen Tere Saez legebiltzarkideak, iragan astean. Arrakalaren tamaina ikusita, argi dago oso konplikatua izanen dela alderdia berriz jostea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.