EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Txarli Prieto PSEko legebiltzarkide eta Arabako idazkari nagusi ohia inputatu du, ustezko iruzur delitua eta dokumentuak faltsutzea leporatuta. Haren enpresa batek hainbat egoitza sozialistatan egindako obretan izandako ustezko irregulartasunengatik diligentziak ireki ditu Auzitegiko Zigor Arloko salak. Prietorekin batera, Arabako PSE-EEko Antolakuntza idazkari Victor Garcia Hidalgo ere auzi berean inputatu dute. Biak ala biak hilaren 30ean deklaratzera deitu ditu epaileak. Irekitako prozesuan kaltetu gisa aurkezteko eskubidea duela gogoraratu dio auzitegiak PSOEri.
Ustezko iruzur delitua eta dokumentuak faltsutzea egotzita, Prietoren eta Garcia Hidalgoren aurkako salaketa jarri zuen EAEko fiskalburu Juan Kalparsorok joan den ekainean. PSEk Araban dituen egoitzen segurtasuna handitzeko lanak Prietorena zen Escoiba enpresari adjudikatzeagatik ikerketa abiatu zuen EAEko fiskalburuak. Hilabete batzuk lehenago era anonimoan heldutako salaketa batean oinarrituta hasi zituen ikerketak Kalparsorok. Salaketa horren arabera, 2010. eta 2011. urteren artean Rivabellosa, Amurrio, Bastida, Laudio eta Agurain herrietako egoitzetan obrak egiteko PSE-EEk 50.000 euro inguru bideratu zituen, eta Espainiako Barne Ministerioaren laguntzak erabili zituen horretarako. Salaketa anonimoaren arabera, diru hori ez zen erabili lanak egiteko, nahiz eta Prietoren enpresaren izenean konponketa lanak egiteko fakturak egin ziren. Hori hala, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak argitu beharko du PSEko ordezkariek iruzur egin ote zuten diru horrekin.
Auzibidea zabaldu eta berehala onartu zuen Prietok egoitzetako lanak bera bazkide zen Escoiba enpresari adjudikatu zizkiola, baina argudiatu zuen «segurtasun eta konfiantza» arrazoiengatik eman zizkiola lan horiek; hau da, ETAren «mehatxua» zela medio kontratatu zuela enpresa hori obrak egiteko. Azaldu zuen azken hamabost urteetan PSEk enpresa horren lanak kontratatu dituela indarkeriaren ondorioz kalteak izan dituzten egoitzetan konponketak egiteko. PSEko idazkari nagusi ohiaren arabera, «normaltasun osoz» eta «legearen baitan» egin dira kontratazio horiek. Horrez gain, Prietok onartu egin zuen 1992. eta 2012. urteen artean enpresa horretako kudeaketaz arduratu zela, eta 2009an politikan hasi zenean jarduera bietan aritu zela.
Salaketaren aurrean, PSEren zuzendaritzaren babesa jaso zuenPrietok, eta haren defentsan mintzatu zen Idoia Mendia PSEko idazkari nagusia ere, egoitzen lanean irregulartasunak egon izana ukatuz.
Txarli Prieto inputatu dute, eta hilaren 30ean deklaratu beharko du
Victor Garcia Hidalgo ere inputatu du EAEko Auzitegi Nagusiak.PSEren egoitzetako lanetan ustez irregulartasunak egitea egotzi diete
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu