Nekane Txapartegi euskal iheslariaren aurkako estradizio prozeduraren barruan, Suitzako Justizia Bulego Federalak harentortura salaketari buruzko informazioa eskatu dio Espainiari. 18/98 auzian zigortu zuten Txapartegi, eta zigorra ez betetzeko, Suitzara egin zuen ihes. Han bizi izan da azken urteetan, eta haren hurbilekoek BERRIAri azaldu zioten «erabat integratuta» zegoela eta bizimodu «arrunta» egiten zuela. Apirilean atxilotu zuten, eta Zurich inguruko kartzela batean dute orain. Iazko ekainean egin zuen estradizio eskaera Espainiako ministroen kontseiluak, eta Txapartegik argudiatu zuen haren aurkako epaiak torturapean lortutako inkulpazioak zituela oinarri, eta sakabanatua izateko arriskua zuela Espainiara bidaliz gero.
Hala, Txapartegiren abokatuak BERRIAri azaldu dionez, Suitzak Espainiari eskatu dio tortura salaketa horren ingurukoak azaltzeko. Atzo Espainiari bidalitako gutunean, Txapartegiren defentsak aurkeztutako dokumentuak aipatu ditu Suitzak. Batetik, Paco Etxeberria auzi medikuaren lantaldeak egindako ikerketaren ondorioak sartu dituzte —Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Tortura: 1960-2013 ikerlanaren barruan dago Txapartegiren kasua ere—; hau da, kasuari buruzko informazio guztia. Etxeberriaren hitzak ere jaso dituzte, eta salaketari sinesgarritasuna aitortzen dio auzi medikuak: «Egia da».
Horrez gain, beste txosten bat ere bidali diote Espainiari: Suitzako psikologo batek egindakoa. Txapartegiri egindako azterketa baten ondoren, psikologo hark ondorioztatu du trauma osteko estresa jasan duela iheslariak, eta 1999an Guardia Zibilak egindako torturen ondorio dela.
Ekainean, hala kontatu zion BERRIAri Mikel Egibarrek —Txaparekin batera atxilotu zuten, eta Nekane Libre plataforman dihardu—: «Berari [Txapartegiri] galdera bat egiten zioten, eta nik isilik egon behar nuen. Nik, haren ahotsa entzutean, esan nion: 'Nekane, egon zaitez lasai'. Horregatik bakarrik, izugarrizko jipoia jaso nuen. Baina bera, juxtu horren ondoren bortxatu zuten».
2006an, Txapartegik 18/98 auziko ahozko epaiketan eman zuen Guardia Zibilaren esku jasotako torturen testigantza. Salaketa judiziala egina zuen aurrez, baina beste askok bezala, bide motza egin zuen: 2001erako artxibatu egin zuten Espainiako auzitegiek. Estrasburgoko auzitegiak dagoeneko zazpi aldiz zigortu du Espainia euskal herritarren tortura salaketak ez ikertzeagatik.
Orain, uztailaren 15era arteko epea du Espainiak Suitzari erantzuteko. Eta idatziz egin beharko du. Hala nabarmendu du Txapartegiren abokatuak: «Zer egingo dute, gezurra esan, idatziz?».
Irregulartasunak
Aurtengo apirilean atxilotu zuten Txapartegi, Espainiaren estradizio eskaeraren ondorioz. Aurrez, ordea, iheslariak salatu zuen Espainiako poliziak izan zituela atzetik. Ekainaren 4an Gara egunkariak argitaratu zuenez, iazko urtarrilaren 4an hiru polizia joan zitzaizkion identifikatzera, estradizioa eskatu baino lehen. Eta Suitzako Gobernuak ez zuen horren berririk izan. Beraz, hango legediaren arabera, delitu bat egiten ari ziren polizia haiek, gobernuaren baimenik gabe ezin delako Suitzan lanik egin atzerriko estatuen interesei erantzunez.
Euskal Herritik, Nekane Libre plataforma gutunak bidaltzen ari da Simonetta Sommaruga Suitzako Justizia departamenduko buruari, Txapartegi ez Espainiaratzeko eskatuz. Suitzan ere sortu dute babes plataforma bat.
Txapartegiren tortura salaketaz informazioa eskatu du Suitzak
Espainiari egin dio galdea, Txapartegiren estradizio prozedura dela eta. Paco Etxeberria auzi medikuaren txostena aipatu du eskaeran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu