Txapartegiren auzia salatu du Torturaren Aurkako Mundu Erakundeak

Ez Espainiaratzeko eskatu dio Suitzari. Gogoratu du torturak salatu zituela. Estrasburgok zortzi aldiz zigortu du Espainia torturengatik

Suitzaren kontsuletxe batean uztailean eginiko protesta bat. BERRIA.
jokin sagarzazu
2016ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Nekane Txapartegi ez estraditatzeko eskatu dio OMCT Torturaren Aurkako Mundu Erakundeak Suitzako Gobernuari, hura Espainiako justiziaren esku uzteko galdegiteak jatorria duelako «torturapean egindako deklarazioetan oinarritutako epai batean». Datozen asteetan erabakiko du Suitzako Justizia Bulego Federalak estradizio eskaerari buruz. Txapartegi Zurich inguruko kartzela batean dago atxilo, apirilaz geroztik.

300dik gora gobernuz kanpoko erakunde biltzen ditu OMCTk eta Nazio Batuetarako eta beste instituzio batzuentzako txostenak egiten ditu. Erakundeak oroitu du Espainia zortzi aldiz zigortu duela Giza Eskubideen Europako Auzitegiak, tortura salaketak «behar bezala» ez ikertzeagatik —azken aldiz, maiatzean—. Euskal Herrian tortura erabili dela «frogatuta» dagoela dio, eta Jaurlaritzaren Tortura 1960-2013 txostena aipatu du. Era berean, ohartarazi du Txapartegi estraditatuz gero, urruneko espetxe batera bidalia izateko arriskua duela.

18/98 auziko Xaki atalean zigortu zuten Txapartegi. Epaiketan azaldu zuen torturapean deklaratu zuela inkomunikatuta egon zen egunetan. Esan zuen elektrodoak eta poltsa jarri zizkiotela eta bortxatu ere egin zutela. 2007an, epaia irmo egin zutenean, ihes egin zuen Txapartegik.

Aurtengo apirilean atxilotu zuten Suitzan, duela hamar urteko zigorra betetzeko, eta ekainean egin zuen estradizio eskaera Espainiako Ministroen Kontseiluak. Suitzak Txapartegiren tortura salaketari buruzko informazioa eskatu dio Espainiari, eta Barne Ministerioak erantzun du «oinarririk gabekoak» direla defentsaren alegazioak. Adierazi du torturak salatu zituela ETAk hala aginduta eskuliburu batean, eta epaileek aztertu zutela salaketa, eta artxibatu. Ziurtatu du, halaber, Espainiako Poliziak ez duela legez kanpoko jarraipenik egin Suitzan eta bermatu egin direla Txapartegiren eskubide guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.