Espainiako Gobernuak otsoaren ehiza erabat debekatu izanak txaloak, kezkak eta kritikak eragin ditu. Espainia iparraldean eta Galizian bizi da otsoa Iberiar Penintsulan, eta orain arte ehizarako espezie zen toki horietan; zehazki, Duero ibaiaren iparraldera. Gaurtik, ordea, hor ere debekatuta egongo da ehiza, eta soilik kasu bakan batzuetan ehizatu ahal izango da, kalteak sortzen dituenean, autonomia erkidegoaren baimenarekin.
Atzo argitaratu zen Espainiako buletinean Babes Bereziko Erregimenean Dauden Basaespezieen Zerrenda (LESPRE) aldatzen duen agindua, eta Iberiar otsoa (Canis lupus ignatus) zerrenda horretan da gaurtik. 1950eko hamarkadan desagertu ondoren, Euskal Herrian otsorik modu finkoan bizi ez bada ere, azken bi hamarkadetan mendebaldean sartu izan da Espainiatik. Horregatik, erabakiaren aurka agertu dira Enba eta EHNE sindikatuak, abeltzaintzaren aurkakoa delakoan.
Talde ekologistek, berriz, txalotu egin dute. SEO/BirdLife taldeak esan du espero zuela erabakia, eta espeziea kontserbatzeko "beharrezkoa" dela. Euskadiko Otsoa taldeak ere txalotu egin du erabakia, eta esan du amaitu direla, batetik, "aisialdi ehiza eta kontrol hilgarriak", eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzaren saiakerak otsoa zerrenda horretatik ateratzeko.
ðټ🚫 #Otsoa Kudeatzeko Plan bat behar da, ez da nahikoa baliabideak izatea bajak berrezartzeko.
— Arantxa Tapia (@arantxa_tapia) September 22, 2021
Ezin dira neurriak ezarri nekazaritza eta abeltzaintzako bizitzatik urrun dagoen bulego batetik, mendiak bizirik mantentzen laguntzen digutenen interesak nola uztartu entzun gabe. pic.twitter.com/Ih9DVvdFw4
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak gaur Onda Vasca irratian plan bat eskatu du otsoaren babesa eta abeltzainen interesak uztartu ahal izateko. Eta salatu du ez zaiela behar bezala entzun otso gehien dituzten eta otsoaren kudeaketarako plan oso garrantzitsuak dituzten erkidegoei".
Tapiaren hitzetan, ez da nahikoa baliabideak bideratzea abeltzainek otsoak hildako buruak ordezkatu ditzaten. "Abeltzaintza estentsiboa aurrerantzean ere existitzea nahi dugu; bestela, gure mendiak hutsik geratuko dira, eta abeltzain horiek lan garrantzitsua egiten dute natura mantentzen".
Abeltzainen sindikatuek, ordea, ez dute ikusten tarterik otsoaren babesa eta euren interesak uztartzeko; ez orain, behintzat. EHNE sindikatuak ohar batean azaldu du nekazarien izaeraren eta natura basatiaren arteko oreka aurkitu ahal izango dela, "baina artzaintzaren eta abeltzaintza estentsiboaren iraupenari eutsi ondoren bakarrik". Eta otsoaren ugaltzeak arriskuan jartzen duela hori.
Canis lupus signatus Iberiar otsoaren hedadura 2013. urtean. / Fulviusbsas, erabilera publikoa, Wikimedia Commons
EHNEk iragarri du ehiza debekatuta "kontrolik gabe" ugalduko dela otsoa, eta "landa eremuan abeltzaintza estentsiboaren iraupenaren aurkako beste mehatxu bat" bilakatuko dela. "EHNE ez dago otsoaren aurka, baina orain desagertzeko arriskuan dagoena abeltzaintza estentsiboa da", dio.
Enba sindikatua "haserre eta etsita" agertu da, eta Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako ministroaren dimisioa eskatu du. "Otsoa ez dago arriskuan; abeltzaintza estentsiboa, bai", adierazi dute ohar batean horiek ere. Iragarri du Euskal Herrian ondorioak "larriak eta berehalakoak" izango direla, otsoa ugaritu egingo delako eta hemen ere egonkortuko delako. Horrek Idiazabalgo gazta ere arriskuan jarriko lukeela iradoki du Enbak.
Espainiako Natur Ondarearen eta Bioaniztasunaren Batzordeak egin zuen otsoa babes bereziko espezieen zerrendan sartzeko proposamena, eta Estatu Kontseiluarekin eta Zientzialarien Batzordearen onespenarekin hartu du erabakia Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioak. Aurrerantzean otsoa ehizatu ahal izateko, aurretik frogatu beharko da ez dagoela beste irtenbiderik eta botatzeak ez diola eragingo espeziearen kontserbazioari.