Txakurren pixa garbitzera behartzen duen ordenantza onartu du Bilboko Udalak

Txakurren jabeek erantzukizun zibileko asegurua kontratatu beharko dute, eta uhalak gehienez bi metrokoak izango dira.

Txakur batzuk parkean jolastean, artxiboko irudi batean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Txakur batzuk parkean jolastean, artxiboko irudi batean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2025eko martxoaren 27a
15:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bilboko udalerrian konpainia animalien ongizatea, babesa eta edukitza arduratsua arautzen duen ordenantza onartu du gaur Bilboko Udalak. Haren helburua da «konpainia animalienganako errespetua eta tratu ona bermatzea, adopzioa sustatzea eta haien abandonuari aurre egitea». Horrez gain, araudiak jasotzen du betebeharra dela gorotzak biltzea, baita eremu publikoan animalien pixa garbitzea ere.

Batez ere txakurrei, katuei eta hudoei eragingo die araudi berriak, udalak jakinarazi duenez. Jabeek animalia horiek identifikatu eta erregistratu beharko dituzte, eta amorruaren aurkako txertoa jarri. Txakurra dutenek, gainera, erantzukizun zibileko asegurua kontratatu beharko dute. Udalak adierazi du kontuan hartuko dituztela beste animalia lagungarri eta exotiko batzuk ere.

«Etxean maskotatzat hartzen ditugun animalien eskubideak zaindu behar ditugu», esan du Alvaro Perez Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotziak. Ordenantzaren arabera, «konpainia animaliak izaki sentikor gisa» trata ditzaten nahi dute, haien babesaz eta ongizateaz arduratzea, eta bizitza osorako zaintza bermatzea.

«Etxean maskotatzat hartzen ditugun animalien eskubideak zaindu behar ditugu, eta, aldi berean, oinarrizko jokabide arau batzuk bete behar ditugu gure maskotek bizikidetza egokia izan dezaten Bilboko herritarrekin»

ALVARO PEREZBilboko Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotzia

Bestalde, animaliek Bilboko herritarrekin «bizikidetza egokia» izan dezaten nahi dute, Perezek azaldu duenez. Horretarako, ezinbestekoa da «oinarrizko jokabide arau batzuk» ezartzea. Hauek dira jaso dituzten arauak: «Animaliak partikularren artean saltzeko debekua, gorotzak biltzeko betebeharra, eta eremu publikoan animalien pixa garbitzeko betebeharra».

Bi metroko uhala

Txakurrei dagokienez, uhalak gehienez ere bi metrokoa izan beharko du aurrerantzean. Txakurrak zein katuak «laga edo eskualdatu» aurretik, antzutu egin beharko dituzte, eta arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak zikiratu beharko dituzte ugalketa zentrotik irten aurretik. Horrez gain, katu komunitateen kontrola ezarriko dute, «haien populazioa pixkanaka murrizteko helburuz». Pertsona fisikoek udalak aitortutako katu koloniak baino ezingo dituzte elikatu.

Onartutako ordenantza betetzen dela bermatzeko, zaintza eta ikuskapen funtzioak indartuko dituzte. Eta, arau hausterik antzeman ezean, 100 eta 100.000 euro bitarteko zigorrak ezarriko dituzte. Larritasunaren arabera sailkatu dituzte arau hausteak. Animaliei kalte fisikorik edo portaeran aldaketarik eragiten ez dieten jokabideak arau hauste arintzat joko dituzte; berriz, jarduerek kaltea edo sufrimendua eragiten badiete, larritzat. Arau hauste oso larriak izango dira animaliari heriotza edo ondorio larri iraunkorrak eragiten dizkioten jokabidak.

Lankidetza ere aurreikusi du ordenantza berriak. Konpainia lagunak babesteko lanean ari diren elkarteekin egin nahi dute lan, hezkuntza eta sentsibilizazioa sustatzeko. Komunikazio kanpainak ere egingo dituzte herritarrek arau berriak uler ditzaten.

Hiru hilabetez jendaurrean egon eta gero onartu du udalak araudia. Tarte horretan, hemeretzi alegazio aurkeztu dituzte, eta horietatik hamalau hartu dituzte kontuan azken testuan, «partzialki behintzat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.