Txakurrak eta itxiturak

Arabako Foru Aldundiak diruz lagundu ez arren, otsoen aurkako prebentzio neurri gisa mastinak eta itxiturak gomendatzen ditu. Albo kalteak ere badituzte.

Maribel Alabaren mastinetako bat, artaldea zaintzen. Otsotik babesteko «dena» behar dela dio jabeak. RAUL BOGAJO / FOKU
Maribel Alabaren mastinetako bat, artaldea zaintzen. Otsotik babesteko «dena» behar dela dio jabeak. RAUL BOGAJO / FOKU
Kerman Garralda
Etxaguen
2024ko urriaren 27a
05:00
Entzun

Zaintza artzainen osagarri, administrazioak mastinak izatea eta itxiturak jartzea aholkatzen du otsoen kontra. Halere, Arabako Foru Aldundiak ez du bere gain hartuko horien kostua. Duela urte batzuk, mastinekin proba bat egin zuten Enkarterrian, eta, orduan, Bizkaiko Foru Aldundiak lagundu zuen ekonomikoki.

Maribel Alaba artzainak zazpi mastin ditu: Marta, Linda, Leon, Sua, Lur, Kandi eta Tigre. Mora izeneko beste bat ere badauka, baina behean du, Etxaguen herrian duen baserrian. Kumeren batzuk ere baditu, «ikasiz joan daitezen». Batzuek lepoko berezia dute, arantza zorrotzekoa, garranga deritzona, otsoek lepora jotzeko ohitura baitute eta, hala, hozkadetatik babesten ditu. Halaber, beste zenbait txakur txikiago ere baditu. «Dena behar da hemen», dio.

«Mastinak lanabes bat dira ganaduzalearentzat. Gizarteak hori ulertu behar du»

ENRIQUE ARBERASBiologoa

Horrenbeste txakurrekin eta batzuk horren handiak izanda —80 zentimetro garai izan daitezke mastinak, eta 90 kiloko pisua ere har dezakete—, otsoak direnak eta ez direnak ere beldurtu ditzakete. Alaba horren jakitun da, «baina otsoak guztioi eragiten digu», desenkusatu da.

«Gizarteak otsoak nahi baditu, ze ganaduzaleek ez dute nahi, asumitu beharko du mastinak ere egongo direla. Otsoaren eremuan dabiltzan artalde guztiak daude mastinek zainduta, prebentzio gisa», osatu du Enrique Arberas biologoak. «Mastinak lanabes bat dira ganaduzalearentzat. Gizarteak hori ulertu behar du. Kartelak jarrita daude esanez txakur hauek lanean ari direla, eta ulerkorrak izan behar dugu. Ez da batere zaila artaldea inguratzea. Haize handia dabilen egunetan, edo bidean bestelako oztoporen bat dagoenean, ibilbidea moldatzen dugu».

Gainerako txakurrek lotuta joan behar dute, arauak hala dioelako. «Kaletarrek ulertu behar dute mendira datozenean batzuen lan eremura datozela. Mendian, perretxikozaleak daude, ehiztariak, korrikalariak, txirrindulariak… baina baita artzainak, unaiak, teknikariak, biologoak, basozainak, egur-mutilak ere… Geroz eta gehiago bizi gara naturari bizkar emanda, eta badirudi mendia aisialdirako besterik ez dela, baina erabilera asko ditu. Lehenik eta behin, lanean ari dena errespetatu», aldarrikatu du biologoak.

Beste prebentzio neurri bat itxiturak jartzea da. Artzainen zaintzapean ez dagoenean artaldea otsoa sar ezin daitekeen eremu batean gordetzean datza. Biek diote aukera ona dela, baina ez dela onena. Esparru itxi horretan, azkenerako, lokatza sortzen da, eta horrek ardiak herren gelditzeko arriskua handitzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.