Koronabirusa. Urtebete lehen kasuetatik

Txagorritxu: zero eremua

COVID-19aren izurria Euskal Herrira ailegatu zenean, Gasteizko Txagorritxu ospitalea bihurtu zen foku nagusietako bat. Langileek gogoan dute egun haietako «kaosa» eta «ezinegona».

Anbulantzia bat, Gasteizko Txagorritxuko ospitalera sartzen. SINADURA / AGENTZIA.
Ion Orzaiz.
2021eko otsailaren 28a
00:00
Entzun
«Ostiral batez hasi zen dena». Urtebete igaro bada ere, Ruben Gonzalez Burguera atzo izan balitz legez akordatzen da pandemia Euskal Herrira iritsi zen egunez: lehen kutsatuak, ikusmina, plastikozko janzki babesgarriak... «Aitortuko dut barregura apur bat eman zigula hasieran», aipatu du. Txagorritxuko ospitaleko larrialdi zerbitzuan zen lanean, zeladore. «Astronautarena zirudien janzki batekin jantzitako teknikari bat jaitsi zen anbulantziatik, eta, haren atzetik, emakume bat batarekin eta etxeko zapatilekin. Zer da hau?, pentsatu genuen, erdi txantxetan. Ez genekien zer zetorkigun gainera». Otsailak 28 zituen, eta aurreko asteetan hainbesteko harrabotsa eta kezka sortua zuen koronabirus famatua ate joka ez, etxe barruan zuten jada.

Gasteizko lehen kutsatuetako bat mediku bat zen, Txagorritxuko langilea, eta hamar egun lehenago Malagan (Espainia) egondakoa. Horrekin batera, Haron (Errioxa, Espainia) atzeman zuten beste foku nagusietako bat: hileta bat. Dozenaka lagun kutsatu ziren han, eta horietako batzuen bidez iritsi zen izurria Gasteizera. Oso denbora gutxian azaleratu ziren kasu horiek guztiak, eta Txagorritxuko ospitalea bilakatu zen gaitzaren foku nagusia. Handik bi astera, Euskal Herri osoa konfinatua zegoen.

«Erabateko kaosa izan zen», laburbildu du Ane Ibañez erizainak. Txagorritxuko ZIUan egiten du lan orain, baina, egun horietan, larrialdietako erizaina zen: «Hasieran ez zegoen ez protokolorik ez ezer. Maskararik ez janztea gomendatzen ziguten, alarmarik ez sortzeko, baina ezin ginen gaixoengana asko hurbildu ere; beldurrez ibiltzen ginen...».

Pixkanaka, kutsatuak ugaritzen hasi ziren, eta batzuk ZIUra eraman behar izan zituzten, larri. Txagorritxuko beste zeladore bat izan zen horietako bat: Loli Ruiperez. Gonzalezek ez du orduko ezinegona ahaztu: «Asteburuan lanean izan ginen elkarrekin, bromak egiten, eta astelehenean nabaritu zituen lehen sintomak. Medikuek esan zioten pneumonia arrunt bat besterik ez zela, eta etxera bidali zuten, koronabirusaren proba egin gabe. Zazpigarren egunean ospitaleratu zuten, eta hurrengo igandean ZIUn zegoen, intubatuta eta buruz behera etzanda».

ZIUetakoak izan ziren, hain zuzen, izurriak utzitako irudirik gogorrenak. «Guretzat, oso eritasun arraroa zen hura», azaldu du Ibañezek: «Pneumonia eta arnas aparatuko gaitz ugari ikusitakoak ginen, baina berehala antzeman genuen honek beste ezaugarri batzuk dituela. Gaixoak nahiko ondo egoten ziren, eta zazpigarren egunean okerrera egiten zuten bat-batean; arnas aparatuari ez ezik, beste organo batzuei ere eragiten zien birusak». Era grafikoagoan azaldu du Gonzalezek: «Egun batez pertsona batekin hizketan ari zara, eta handik bi egunera ZIUan dago, konorterik gabe, buruz behera etzanda, eta gorputzeko zulo guztietatik hodiak ateratzen zaizkiola».

Lan egiteko modu berriak

Gaitzaren ezaugarri bereziek behartuta, lan egiteko era berrietara ohitu behar izan zuten osasun arloko profesionalek: «Izurria lehertu zen arte, adibidez, ez zen batere ohikoa ZIUko paziente bati buelta ematea arnasa hartzea errazteko; oso kasu gutxitan erabiltzen genuen teknika hori. Orain, gure egunerokoan txertatu dugu», azaldu du erizainak. Urtebeteko eskarmentuak, baina, ez du ZIUan egunero ikusten dituen kasu dramatikoetarako prestatu: «Familientzako bereziki gogorra da: egunak ematen dituzte beren senidea ikusi gabe, eta ikusten dutenean, askotan, agur esateko baino ez da».

Kasuen ugaritze etengabearen ondorioz, izugarri handitu zen zen larrialdietako beharginen lan karga. «Pazienteak itxaron gelan pilatzen ziren», oroitu du zeladoreak: «Oheak ez ezik, aulkiak ere falta genituen. Egun horietan, telebistan eman zituzten Madrilgo ospitaleetako irudi penagarri batzuk: gaixoak pasabideetan botata, osasun langileak gainezka eginda... Bada, ozta-ozta ez ginen hemen ere horretara iritsi».

Iazko martxoan, sindikatuek salaketa egin zuten: aurrena diagnostikatu zuten medikuak astebete zeraman lanean, sintomekin. Jaurlaritzako Osasun Sailak bere jarduna defendatu zuen, esanez medikua ez zela sartzen probak egiteko orduko baldintzetan. ELAk eta LABek «gaizki eta berandu» ekitea egotzi zioten Jaurlaritzari.

«Protokoloak astetik astera aldatzen ziren, eta unean uneko baliabideen arabera», azaldu du Gonzalezek. Uste du osasun arloko arduradunak «berandu» iritsi zirela, eta osasun langileen eskaerak aintzakotzat hartu gabe aritu zirela gehienetan. Horregatik, duela urtebeteko egoerak berriz ez gertatze aldera, erabakiak hartu behar dituztenei eskatu die langileei «kasu» egiteko: «Ospitaleko eguneroko errealitatea ezagutzen dugu; askotan, arduradunek baino hobeto».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.