Tuvisako langileek greba mugagabea egingo dute otsailaren 10etik aurrera

Akordio batera heldu ezean hasiko dute greba mugagabea. EAJ eta PSE-EEri gatazkarekin amaitzeko «inplikatzea» eskatu diete.

(ID_13443948) (Endika Portillo/@FOKU) 2023-12-21, Gasteiz. TUVISAko langileak manifestazioa egin dute greba egunean
Tuvisako langileek abenduaren 21ean egindako protesta. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Maixa Utrera Puelles.
2024ko urtarrilaren 24a
17:03
Entzun

Tuvisako gidariek greba mugagabea egingo dute otsailaren 10etik aurrera, Iñaki Gurtubai Tuvisako zuzendariarekin eta Gasteizko Udalarekin akordioa egitea lortu ezean. Argitu dute hamar langiletik bederatzik bozkatu dutela deialdiaren alde: «Langileen %90 ezin dira oker egon».

Tuvisako langileek herritarrei eskerrak emanez hasi dute prentsaurrekoa, Gasteizko Plaza Berrian. Izan ere, uste dute herritarrak direla azken hilabeteotan egin dituzten lanuzteen ondorioz «kaltetutako lehenak». Hala ere, adierazi dute mobilizazioak direla Tuvisaren kudeaketa «negargarriari» aurre egiteko «modu bakarra». 

Udalarekin bost bilera izan dituztela azaldu dute Tuvisako gidariek, eta langileen arazo eta aldarrikapenen berri emateko baliatu dituztela. Iritzi diote aurrerapauso batzuk eman direla, baina ez direla «nahikoa». Are, Gurtubairi eta Maider Etxeberria Gasteizko alkateari leporatu diete zerbitzuan pribatizazioak egitea eta gatazka «artifizialki luzatzea». «Udalak badaki zein den arazoa, eta badakite zein den gatazka amaitzeko irtenbidea», adierazi dute. 

Otsailaren 10a baino lehen

Tuvisako langileen ordezkariek azaldu dutenez, bilerei esker aurrerapenak egin dituzte puntu batzuetan. Horregatik, eta «borondate ona» eta gatazka konpontzeko «prestasuna» adierazteko, gidariek bertan behera utziko dituzte otsailaren 10era arteko greba deialdiak. Otsailaren 10ean, baina, greba mugagabea hasiko dute gobernu taldea (PSE-EE eta EAJ) eta Administrazio Kontseilua osatzen duten gainerako alderdiak «gatazka amaitzeko inplikatu» ezean. 

«Berriz diogu ez garela dirua eskatzen ari. Zorroztasuna eta osasuna hobetu nahi ditugu. Horretarako, autobus gehiago behar ditugu kalean», azaldu dute. «Ezohikoa» izan arren, ez dute soldata igoerarik eskatu. Bi eskakizun nagusi dituzte: autobusek ibilbidea egiteko denbora gehiago izatea eta udalak ezarritako maiztasunak betetzea.

Horretaz gain, 8/2019 Errege Dekretua betetzea exijitzen dute, enpresak langileen lanorduen erregistroa izatera behartzen dituena. «Ez dituzte zenbatzen gure lanordu guztiak», jakinarazi dute. Baldintza horiek guztiak betetzeko asmoz, Tuvisako langileen batzordeak adierazi du «atsedenik gabe» jarraituko duela lanean, gatazka otsailaren 10a baino lehen amaiarazteko. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.