Tuvisako grebaren lehen zantzuak

Tuvisako langileek larunbatean hasi zuten lanuzte mugagabea. Langileen batzordeak adierazi du gutxieneko zerbitzuekin aurrera jarraituko dutela EAJrekin eta PSE-EErekin akordioa lortu ezean.

Tuvisako langileak greba mugagabean daude pasa den larunbatetik. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Tuvisako langileak greba mugagabean daude joan den larunbatetik. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Maixa Utrera Puelles.
2024ko otsailaren 12a
15:10
Entzun

Urtarrilaren 24an iragarri zuten, eta, ia hiru aste geroago, esandakoa bete dute. Larunbatean hasi zen Gasteizko Tuvisako gidarien greba mugagabea, baina gaur izan du eraginik handiena lanera zihoazen herritarrengan. Tuvisako langileen batzordeak ez du lortu otsailaren 10a baino lehen udalarekin eta enpresarekin espero zuen akordioa egitea, eta, iragarri antzera, gutxieneko zerbitzuak baino ez dira atera gaur kalera. Horren ondorioz, geltokiak ia hutsik ikus daitezke hiriburuan, baita autobusen zain dauden gutxi batzuen haserrea eta etsipena aurpegian ere, 40 minutu baino gehiago itxaroten egon ostean.

Adibidez, 09:20 dira, eta Teresa Garridok 30 minutu daramatza autobusa itxaroten Jesus Guridi kalean; autobusa iristeko oraindik beste hamar minutu geratzen direla erakusten dio pantailak. Gatazka «lehenbailehen» amaitzea nahiko luke: «Oso urrun lan egiten dut, ia-ia hiriko beste puntan, eta hainbeste itxaron behar izateak gogaitu egiten nau». Hala ere, uste du gidariek «arrazoi osoa» dutela, nahiz eta aitortu duen grebak «kalte handia» egiten diola: «Espero dut akordioren bat egitea, bestela… Ezin dugu horrela jarraitu».

Iritzi berekoa da Sheila Tomache zerbitzaria: «Penagarria iruditzen zait gidariekin egiten ari direna». Haren ustez, grebari amaiera emateko, gasteiztar guztiak kalera atera beharko lirateke gidariei elkartasuna adierazteko. «Horrela bakarrik lor dezakegu eserleku batetik agintzen dutenak arazoaz jabetzea».

Autobus gidari askok atseden hartzen duten taberna batean egiten du lan Tomachek, eta aitortu du haiengatik sarri  «pena» sentitzen duela: «Autobusetik presaka jaitsi, eta komunera korrika sartzen diren bitartean eskatzen dizkidate kafeak. Komunetik korrika atera, eta ia trago batez osorik edan bitartean ordaintzen dute, berriro autobusera presaka joateko. Hori ez da normala».

Presaka dabil 09:30ean Omar Osawaru, hain zuzen. Mariturri auzora doa, telefonoz nagusiari azalpenak emanez: «Autobusa berandu doa, oso berandu». Telefonoa eskegi du, eta burumakur geratu da. Bere geltokira iritsi bezain laster, autobusetik salto batez atera, eta korrika hasi da, lanera garaiz iristeko asmoz.

Osawaru bezain estu ibiliko dira gasteiztar asko beren helmugetara iristeko gaur eta bihar, baina asteazkenean izango da benetako erronka. Izan ere, inauteriak direla eta, ikastetxe gehienetan jaiegunak dira aste honetako astelehena eta asteartea, eta ohi baino askoz jende gutxiagok erabiliko du garraio publikoa. Asteazkenean, baina, haur eta gazteak ikastera bueltatuko dira, eta espero izatekoa da askoz gehiago nabaritzea grebaren eragina.

Manifestazioa 17:30ean

Tuvisako langileen batzordeak adierazi duenez, asteburuan bezala, gaur ere gidari guztiek egin dute lanuztea, soilik gutxieneko zerbitzuak eskainiz. Argi utzi nahi izan dute mezu hori; autobusen aurreko beira guztietan ageri baita «Gutxieneko zerbitzuak» zehazten duten kartelak.

Markesinak ere aldarrikapen ugariz bete dituzte, bereziki Tuvisaren, Gasteizko Udalaren, EAJren, PSE-EEren, Iñaki Gurtubai Tuvisako zuzendariaren (EAJ) eta Maider Etxeberria Gasteizko alkatearen (PSE-EE) aurkako mezuez. 10:20 aldera, aurreko asteetan bezala, auto ilara zaratatsu bat egin dute gidariek Gasteizko kaleetan zehar.

Gaur arratsaldean ere protesta egingo dute. Azken hilabeteotan egin dituzten eskakizun berak defendatzeko asmoz, manifestazio bat egingo dute Gasteiz erdialdean. Adriano VI kaletik abiatuko da 17:30ean, eta hainbat kale zeharkatu ondoren, Andre Maria Zuriaren plazan amaituko da.

Bihar, berriz, Bilboko autobus gidariek egingo dute greba: 24 orduz gelditzera deitu dituzte Bilbobuseko gidariak. Otsailaren 27an ere egun osoko greba egitekoak dira, akordiorik lortu ezean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.