«Ez dugu espainolismoaren goratzea egiten duen sinbolorik nahi, Euskal Herria antifaxista bere luze-zabalean aldarrikatzen jarraituko dugu». Aldarrikapen horrekin, bart gauean Ernai gazte antolakundeak bota egin du Osborne etxeak Tutera inguruan duen zezenaren iragarki ezaguna.
Antolakundeak X sare sozialean eman du ekintzaren berri, bideo batekin, Tafallarako deia egitearekin batera.
Gaur Tuterako Zezena bota dugu. Ez dugu españolismoaren goratzea egiten duen sinbolorik nahi, Euskal Herria antifaxista bere luze zabalean aldarrikatzen jarraituko dugu✊
— Ernai (@ernaigazte) October 10, 2024
Larunbatean, denok tafallara! pic.twitter.com/pMml9v5thw
Alejandro Toquero (UPN) Tuterako alkateak sare sozial berean salatu du Ernairen ekintza, gaztelaniaz: «Espainia bultzakada batez eroriko dela uste baduzue, jai duzue. Gehiago gara, hobeak gara. Inor ez da etorriko Tuterara zer garen esatera (...). Harro gaude nafar eta espainiar garelako».
Ikusi gehiago
2015. urtean ere gauza bera egin zuen Ernaik, Hispanitatearen Egunaren aurretik, Tuteran. Euskal Herrian, bada beste Osborneren zezen bat, Ribabellosan (Araba).
Ernaik borroka eguna antolatu du urriaren 12an, Tafallan, espainolismoaren eta faxismoaren gorakadari aurre egiteko. Mobilizazioa 13:00etan aterako da Tafallako San Frantzisko plazatik. Tafallako kaleak zeharkatu ondoren plazan amaituko da berriz.