Tuterako jaietan izandako «istilu eta kantu faxistak» arbuiatzeko eskatu dute

Gazte batzuek 'Cara al sol´ abesti faxista kantatu dute jaietan. Contigo Tudela koalizioaren ustez, gaitzesgarria da «alkateak giro garratza sustatzea».

Tutera (Nafarroa), artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Tutera (Nafarroa), artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
gotzon hermosilla
2024ko uztailaren 29a
15:00
Entzun

Contigo Tudela ezkerreko koalizioak gaitzetsi egin ditu Tuterako jaietan (Nafarroa) izandako «istilu eta kantu faxistak», eta berdin egiteko eskatu dio Tuterako Udalari: «Tuterako jaiek elkartzeko, ondo pasatzeko eta bizikidetzarako gune izan beharko lukete, zuriz eta gorriz margotutako jaiak, kolore horiek baitira batzen gaituztenak eta zirrara eragiten digutenak Tuterako aste nagusian».

Koalizioari bereziki larriak iruditu zaizkio uztailaren 25ean gertatutakoak. Egun hartan, zezenketatik ateratzean, gazte batzuek Cara al sol abesti faxista kantatu zuten Tuterako kaleetan. Contigo Tudelaren ustez, gazte horiek ez dute Tuterako gazteria ordezkatzen: «Horrelakoak ezin dira normalizatu, ezin da garrantzia kentzen ibili, oso gertaera larria baita, eta diktadura frankista goresten baitu, hau da, gure historiaren atalik ilunenetako bat». Haien aburuz, halakorik «ezin dira gertatu demokrazian», eta halako gertaerek ezin dute «jaien izaera zikindu».

«Eredu» izan beharra

UPNko alkate Alejandro Toqueroren jokabidea ere deitoratu du koalizioak: «Alkateak ezin ditu giro garratza eta desberdintasunak sustatu; inoiz ez, eta are gutxiago jaietan. Gertatutakoa gaitzesteaz gain, alkateak eredu izan beharko luke, beste inor baino lehen gainera, eta herritarrei deitu beharko lieke jaiak merezi dugun bezala ospatzera, errespetuz, alai, bizikidetza zainduz eta irainetatik urrun».

Koalizioak azaldu duenez, egun batzuk pasatzen utzi dituzte istiluak gertatu zirenetik, «alkateari isiltasuna apurtzeko aukera emate aldera», baina ikusita ez dela horrelakorik gertatu, erabaki dute salaketa jendaurrean egitea: «Horregatik, udalari eskatzen diogu gaitzets ditzala gertatutako istilu guztiak, eta bereziki uztailaren 25ean zezenketatik ateratakoan dozenaka gaztek kantatutako kantu faxistak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.