Tuterako (Nafarroa) 25 urteko gazte baten bila ari dira Soriako La Cuerda del Pozo urtegian, Espainian. Atzo arratsaldean desagertu zen gizona, bikotekidearekin pedalontzi batean zebilela. Uretan murgildu zen, eta atera ez.
Playa Pita izeneko gunean zebiltzan; gizonezkoa hango moilatik 500 bat metrora sartu zen uretara, eta ikusita ez zela azalera irteten, bikotekideak abisua eman zien larrialdi zerbitzuei. Biek Tarazonan (Espainia) egiten dute lan, eta han jai zela baliatuta zebiltzan Sorian egun-pasa.
«Mutilak bazekien igerian, baina ez oso ondo. Neskak, berriz, ez daki igeri egiten, eta ezin izan zion lagundu», azaldu du Miguel Latorrek, Espainiako Gobernuak Sorian duen ordezkariordeak.
Atzo, suhiltzaileak bi orduz jardun ziren desagertuaren bila, ilundu zuen arte, baina ez zuten ezer topatu. Gaur goizean berrekin diete lanei. Uste dute balitekeela gorpua 11-12 metroko sakoneran egotea.