Tuterako araztegia birmoldatu eta egokitzeko, lizitazioa atera du Nilsa enpresa publikoak. Gurelur talde ekologistaren ustez, Nilsak proiektua lehenetsi nahi du «legearen eta herritarren osasunaren» gainetik. Hori dela eta, araztegia handitzearen eta kutsatutako lohiak ibai eremuetan isurtzearen aurka agertu da, eta epaitegietan salaketa aurkeztuko duela ohartarazi du.
Gurelurrek jakinarazi du lohiek «mota guztietako hondakinak» dituztela. Are, lohi horiek «birziklatzen zailak diren kutsatzaile ugari dituzte». Talde ekologistak esan duenez, horiek isuriz gero arriskuan egongo da inguruko fauna, baita herritarrak ere. Hain zuzen, Arguedasko eta Tuterako arroz soroetan Nafarroako hegazti espezie ugari daude. Horietako batzuk, gainera, galzorian. Hortaz, eremu hori bereziki sentibera dela ondorioztatu du Gurelurrek; arriskutsua izan daiteke «Nilsaren proiektu oldarkorra» bertan ezartzea.
Hegaztiei ez ezik, gainerako «ingurumenari» eta «pertsonei» ere kalte egingo lieke proiektuak. Hori dela eta, Gurelurrek salaketa aurkeztuko du epaitegian, «natura ondarea eta bizilagunen osasuna suntsitzea eragozteko».
Helburu bakarra
Tuterako araztegia handitzeak helburu bakarra du, taldearen hitzetan: «Hondakin batzuen tratamendua errentagarri bihurtzea, energia kostuak aurrezteko; sor daitekeen biogasarekin negozioa egin nahi dute». Milioi bat euroko irabazia lortuko lukete horrela. «Kopuru hutsal horregatik ez du merezi 11 milioi euroko kostua izango duen proiektu bat egitea eta Arguedasko zelaiak urteetan eta urteetan kutsatzea», kritikatu dute. Eta erantsi dute eremu horretan nekazaritza produktibitate handiko soroak daudela eta hainbat hegazti espezierentzako babesleku den landaredia dagoela.