EAJko eta JxCko ordezkariak Bilbon elkartu dira gaur, eta Jordi Turull JxC idazkari nagusiak Radio Euskadin adierazi duenez, haren alderdiak eta EAJk hasieratik koordinatuko dituzte euren botoak Espainiako Kongresuan, «batera joateko» eta Euskal Herriko eta Kataluniako nazioentzat «ahalik eta baliagarrienak izateko». Antzera mintzatu da EAJren Espainiako Kongresuko eledun Aitor Esteban ere, ETB2n, argudiatuta bi alderdiek bat egiten dutela «estatuaren berrantolaketari eta nazio aitortzari» lotutako gaietan.
Bi alderdien arteko bilera 12:00etan izan da, Sabin Etxean, eta bi ordu iraun ditu. Turullekin batera, Miren Nogueras diputatua eta Albert Batet Kataluniako Parlamentuko kidea joan dira. Parean, Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea, eta Esteban eta Joseba Aurrekoetxea burukide jeltzaleak izan dituzte. Hartan hizpide izan dituzte Kataluniako independentzia prozesuari lotutako amnistia legea zein Espainiako Kongresuan hasi den legealdia. Azken horri dagokionez, EAJk ohar baten bidez azaldu du «etorkizunera begira elkarlanean aritzeko borondatea» dutela bi aldeek, eta EAJk zein JxCk PSOErekin adostutako akordioak gauzatzeko egutea «legealdi hasieratik» lantzeko prest daudela: «Horretarako, EAJ eta JxC Gorte Nagusietan elkarlanean arituko dira talde biek partekatzen dituzten helburu horiek betetzera begira».
Ikusi gehiago
Estebanen esanetan, EAJk eta JxCk argi adierazi dizkiote nazio auziari eta Espainiako estatuaren lurralde antolaketari lotutakoak PSOEri, eta hala jaso dira alderdi bakoitzak sozialistekin egindako akordioetan. Hortik aurrera, bakoitzak bere «dinamika propioak» dituela adierazi du jeltzaleak, baina bien arteko harremanak onak direla nabarmendu.
Izan ere, jeltzaleak azaldu du bien arteko harremanetan izandako gorabeherak «estrategia zehatz» eta une jakin batzuetan gertatu direla. Are gehiago, azaldu du EAJ bitartekari lanetan aritu dela JxCren eta PSOEren arteko harremanak berreskuratzeko, «Katalunia eta Madril arteko zubiak hautsi egin baitziren».
Turullek ere baieztatu du bien arteko harremana «ona» dela; «izan ere, beti izan da harremana». Eta adierazi du elkarrekin aurre egin nahi diotela Katalunian eta Euskal Autonomia Erkidegoan dituzten eskumenei eragiten dien edozein legeri.
Juntseko ordezkariaren hitzetan, gauza askotan bat egiten dute jeltzaleekin. «Inbestidurarako negoziazioaren prozesu osoan asko hitz egin dugu, eta, orain, gure botoak koordinatu nahi ditugu, gure nazioentzat ahalik eta baliagarrien izan daitezen», ziurtatu du. PSOEk akordio bat baino gehiago egin ditu beste indar politikoekin, baina, Turullen hitzetan, horiek ez dituzte EAJ eta JxC lotzen. «PSOEk badaki hori», adierazi du. Hala, uste du bi indar politikoak batera joaten badira aukera gehiago izanen dituztela beren posizionamenduak aurrera eramateko, bereziki bi autonomia erkidegoen eskumenei buruzko gaietan.
Estebanen ustez ere hori da elkarlanerako auzietako bat. Izan ere, EH Bilduk lurralde auziaren inguruko akordio bat egitearen alde esanikoei erantzunez, azaldu du «zail» ikusten duela koalizio subiranistarekin auzi horri buruzko akordioak egitea Madrilen, EH Bilduk Eusko Jaurlaritzarekiko duen jarreragatik, besteak beste.
Are gehiago, salatu du EAJ «bakarrik» aritu dela autogobernua defendatzen Madrilen, eta EH Bildurentzat hura ez dela «lehentasunezkoa» izan. Estebanek ERCren kontra ere egin du, esanez «nahaste handia» duela gai horren inguruan: «Ezkerreko plano ideologikoa lehenesten du autogobernuaren aurretik».
Plurinazionalitatea
Espainiako Estatuaren peko diren nazioen auzian, Turullek adierazi du EAJk eta Euskal Herriko indar independentistek defendatzen duten hura errespetatuko dutela, haiek Kataluniako Parlamentutik ateratzen dena errespetatzeko eskatzen duten gisa berean. Era berean, «Espainiako Gobernutik edo estatutik» datorren orori «adi» egon behar dela abisatu du, haien izaera halakoa delako, edozein legek EAEren berezko eskumenei edo Kataluniaren finantzaketari eragiteko arriskua dagoelako.
Legegintzaldi honetan EAEn eta Katalunian erreferenduma egitea nahi ote duen galdetuta, adierazi du hori izan dela gai nagusia PSOErekin egindako akordioan: katalanek erreferendum baten bidez erabaki dezatela beren etorkizun politikoa. Haatik, zehaztu du bere alderdia ez dela sartuko «Euskaditik ezartzen diren lehentasunetan», eta horiek errespetatu besterik ez duela egingo.