Egun, turismorako etxebizitzen jabeek zerga gutxiago ordaintzen dituzte urte osoko alokairuko etxebizitzen jabeek baino. Hain zuzen ere, hori aldatzeko lege proposamen bat ondu dute Renaissancek eta Frantziako Alderdi Sozialistak.
Turismorako etxebizitzen jabeek %50 eta %71 arteko zerga oinarriaren apaltze berezi bat dute orain, eta gehienez ere apaltzea %30 izatea proposatu dute legegaian Iñaki Etxaniz Biarno eta Ipar Euskal Herriko diputatuak eta Anaig Lemeur Renaissancekoak. Urte osoko alokairuko etxebizitzen jabeen zerga apalmendua %30 da egun, eta, beraz, legearen helburua da turismorako etxebizitzak alokatzea erakargarriagoa ez izatea.
Bada, lege proposamenaren lehen irakurketa egin zuten atzo Frantziako Asanblean, eta diputatuen gehiengoak alde egin zuen. Nolanahi ere, egitasmoak ibilbidea hasi berri du, eta Frantziako Senatuaren esku geldituko da orain hura aztertzea.