Turismoaren morrontzak kateatuta

AZET taldeak turismorako etxebizitza bat okupatu zuen atzo Bilbon, horrelakoen ugaltzea salatu eta auzoa ez dela «hotela» aldarrikatzeko.

Ertzainak, etxebizitza turistiko okupatuaren aurrean, atzo. AZET
Ertzainak, etxebizitza turistiko okupatuaren aurrean, atzo. AZET
gotzon hermosilla
Bilbo
2024ko uztailaren 11
11:30
Entzun

Bilboko AZET Alde Zaharreko Etxebizitza Taldeak etxebizitza turistiko bat okupatu zuen atzo Bilboko San Frantzisko auzoan, horrelako ostatuen ugaltzea salatu eta «auzoa hotel» ez dela aldarrikatzeko. «Etxebizitza turistikoen kontrako ekitaldia» iragarria zuten, Ane Lindane umoristaren bakarrizketa batekin, eta horren ostean izan zen protestaldi sinbolikoa, lau bat orduz iraun zuena.

Martzana kaian izan zen Lindaneren bakarrizketa, «gentrifikazioaren bihotzean», hark azaldu zuenez. Lindanek umorez aletu zituen turistifikazioaren ajeak, eta, bakarrizketaren amaieran, iragarpena egin zuen: «Orain, denak San Frantziskora!». Martzanatik San Frantziskora abiatu zen jende ilara, eta han, Mariaren Bihotza plazaren aurrean, AZETeko bi kide etxebizitza turistiko batera igo, balkoira atera, eta han pankartak jartzen hasi ziren. Ondoren, balkoiko burdin barrei kateatu ziren.

Alokairuen «neurrigabeko igoera»

Bitartean, ekintzaren zergatiak azaldu zituzten AZETeko kidek: «Turistifikazioak sortzen dituen arazoen artean mingarriena da etxebizitzaren alorrean duen eragina. Auzo turistifikatu batean, arian-arian, bizitzeko diren etxebizitzen alokairuak desagertuz joan ohi dira, eta etxebizitza turistikoek eta denbora baterako alokairuek hartzen dute horien tokia. Ondorioak ezagutzen ditugu: alokairuen neurrigabeko igoerak, alokairu zaharretan oinarritzen diren kontratuen amaiera, eta egoera berri horri aurre egin ezin dioten milaka pertsonaren kaleratzeak».

Azaldu zutenez, azken urteotan etxebizitza turistikoen kopurua %35 igo da Bilbon, eta 1.500 dira gaur egun. Horietatik 700 inguru San Frantziskon, Zazpikaleetan, Atxurin eta Bilbo Zaharrean daude: «San Frantzisko da etxebizitza turistiko gehien dituen auzoa, bai eta etxegabetze gehien pairatzen dituena ere».

Egoera horren erantzuleak ere seinalatu zituzten, eta bi enpresa aipatu zituzten beren-beregi: Alameda Flats, Bilbon 50 etxebizitza turistiko baino gehiago dituena, eta Inversiones Belfeta, hamabost etxebizitza turistiko dituena; horietatik hamabi San Frantziskon eta Zazpikaleetan daude. «Horiek dira gure auzoak erakuslehio turistiko bilakatzen ari diren etsaien izenak, horiek dira gure auzoetatik kanporatzen gaituztenak».

Handik gutxira, Ertzaintzaren hiru furgoneta agertu ziren Mariaren Bihotza plazan. Ertzainek eta udaltzainek San Frantzisko kalea moztu zuten, etxebizitza turistikoaren aurrean bildutakoek «etxebizitza ez da negozioa» kantatzen zuten bitartean.

Ertzainekin hitz egin ostean, AZETeko kideek jakinarazi zuten mehatxu egin zietela protestan parte hartzen ari ziren guztiak identifikatu eta mozal legea aplikatzearekin. Hortaz, eta «helburuak beteta» zeudelakoan, elkarretaratzea bukatutzat ematea erabaki zuten. Hala ere, «inguruan gelditzeko» eskatu zieten plazan zeudenei, balkoian kateatuta jarraitzen zuten bi kideei babesa emateko. Segituan, inguruko tabernak jendez bete ziren.

Iluntzen hasitakoan, suhiltzaileen kamioi bat agertu zen plazan. Ertzainekin elkarrizketa labur bat izan ostean, suhiltzaileek uko egin zioten kaleratzean parte hartzeari, eta alde egin zuten. Azkenean, gauerdi aldera, ertzainak etxebizitzara sartu ziren, eta balkoian zeuden bi kideak kanporatu zituzten. Identifikatu ostean, libre utzi zituzten, inguruan zeudenek txalo jotzen zuten bitartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.