Larhundik gora (Lapurdi) doan tren txikiak 94 urte bete ditu aurten. Battitt Laborde Sarako alkateak gogoan du zergatik eraiki zuten: «Turistentzat; egon trankil ez zutela artzainentzat egin». 1924. urtean 70.000 pertsona eramateko pentsatua zenak iaz 370.000 lagun igo zituen tontorreraino, baina joan den mendeko azpiegitura berberekin. Gaurko egunean gaindituak dira azpiegitura horiek, bide bazterreko auto ilarak edo sasietako komuneko paper ezin zenbatuak lekuko. Hasiera hartako proiektu turistikoa haziz joan da, neurrigabe handitzen, haren jabe den Pirinio Atlantikoetako Departamenduak —Jean Jacques Lasserre buru— etekinak biltzen dituen bitartean. Hamazortzi euro ordaintzen ditu bisitariak 30 minutuz tontorrera joateagatik; bost euro dira txakurrentzat. Sarako herriak ere ehuneko bat hartzen du etekinetatik, eta, alkatearentzat, «bada aktibitate ekonomiko garrantzitsua», besteak beste 30 eta 50 langile artean enplegatzen dituelako.
Ekainean aurkeztu zuen Lasserrek Larhun 2020 proiektua jendaurrean, Sarako, Azkaineko eta Urruñako alkateekin batera. 36 milioi euroko aurrekontua du, eta 2018-2020 tartean egin nahi dituzte obrak. Hiru ataletan banatzen dira moldatu nahi dituzten guneak: tren geltokia, aparkalekuak eta harrera lekua; trenak eta burdinbideak; eta, azkenik, tontorra.
Tren geltokia, aparkalekuak eta harrera berritu behar direla ados da proiektuaren kontra sortu berri den Larhun Ez Hunki herritar kolektiboa. «Guk hori begi onez ikusten dugu; aspaldi egin behar zituzten lanak dira. Tren geltokiaren inguruetan ez da harrera gune egokirik, ez itzalgunerik, ez eta aski komunik ere», azaldu du Ellande Alfaro kideak. Sarako alkatea ere lan horiek egitearen alde agertu da, eta Alfaroren gisa azpimarratu du «lehenago inbertitu behar» zutela. Horretan behintzat ados agertu dira denak.
Desadostasunak
Mendi kaskora begira jarriz hasten dira ikuspegi ezberdinak. Alfarorentzat, Larhun 2020 egitasmoa ez datza soilik azpiegiturak hobetzean: «Arrunt beste zerbait da». Puntu frankotan iritzi ezberdina plazaratu du kolektiboak. Alde batetik, bi tren gehitzea aurreikusten baitute proiektuaren eramaileek, eta hori «ez da jende gehiagori plazer emateko, sos gehiago egiteko baizik». Labordek, aldiz, sustatzaileen antzeko iritzia plazaratu du: bi tren horien gehitzea «segurtasun» neurriei begira egina da. Gaurko egunean diren lau trenak elektrikoak baitira; «matxura bat gertatzen bada, ezin dugu deus egin», azaldu du hautetsiak.
Kalkulu batzuekin erantzun dio baieztapen horri Labordek: «Orain, lau trenekin, egun batean 4.000 jende iganarazten dituzte kaskora, topean hamasei igoera; bi tren berriekin, 6.200 izango lirateke». Mendi tontorrean egin nahi dutenarekin lotu du. «Bi tren berri horiek betetzeko, bidaiariak behar dira erakarri; horretarako dute kasko inguru guztian zaldain hori egin nahi». Labordek ere aitortu du bi tren berri horiek uda betean erabiltzeko izanen direla.
Gailurreko egitasmoak ditu eztabaida eta aurkakotasun gehien pizten. Bederatzi milioi euro inbertitu nahi dituzte bertan. «Gutxien aipatzen dituztenak dira: bost edo sei terraza, harmailak ikusgarrien emateko, kasko guztia egingo lukeen zaldain handi bat, hiru tren bagoi gaua pasatzeko, txirrista handi bat, haur parke bat, eskalatzeko gune bat...», esan du Alfarok. Eraldatze horren kontra agertu dira kolektiboko kideak: «Aski betoi eta burdina emanak dira kasko horretan, eta antena ere hor da; muga bat eman behar zaio mendiko turismo mota horri». Laborde Sarako auzapeza izateaz gain, Euskal Elkargoko mendien arduraduna ere bada. Komunikabideetan proiektuaren alde agertu bada ere, BERRIArekin izandako solasaldian ñabardurak ekarri ditu bere iritzira: «Gaineko partea ez dut uste eginen denik; ez du zentzurik, nik ez dut nahi Larhun kaltetua izan dadin. Jende kopuru handiaren araberako azpiegiturak garatzea nahi dugu; jendearen neurriko izan behar du». Ikustekoa da neurria zenbatekoa den.
Larhun Ez Hunki taldearentzat, garbi da «turismo masibo horren bila» ari direla, «etekin gehiago» lortzeko. «Guk beste turismo eredu bat aldarrikatzen dugu», erantsi dute. Sarako alkatearentzat, ordea, ez da jende gehiago erakarri behar: «Gaur egungoa mantentzea eta baldintza hobeetan errezibitzea da kontua; gunea bere mugetara iritsi da».
Baditu bai Larhunek mugak, bost herrirenak: Sara, Azkaine, Senpere, Urruña eta Bera. Azken horretako alkatea ere aurka agertu da. «Ondoko herriekin, Nafarroarekin eta herritarrekin pentsatu beharko da zenbatekoa izan beharko duen proiektuak», dio Labordek. Hala ere, herritarrek eta Berako alkateak salatu dute kontzertaziorik ez dela egon. Larhun Ez Hunki taldeak ere gogoeta hastekotan du, «mendia erabiltzen duten aktore guztien artean, nola zaindu behar dugun ikusteko, nola babestu eta nola utziko diegun ondokoei, Larhun izan zein beste edozein mendi».
Ingurumenak ere bere mugak jartzen ditu: Natura 2000 ingurumenaren zaintzarako sarearen barne baita Larhun; hots, Euskal Elkargoaren esku: zuzenki Laborden ardura bada, beraz. Gregory Lemoigno Natura 2000ko animatzaileak hala dio: «Larhunen den arazo nagusia bertan ibiltzen den jende kopuru handia da, ibiltariak edo beste». Larhungo gune babestua zaintzea bada lehentasuna. Izan ere, urteetako erabaki politikoek hazi duten arazoa da orain Larhunen magalean udaro errepikatzen dena. Sarako alkateak dio proiektu berriak ez duela jende gehiago ekarriko. Baina eskaera eta eskaintzaren arabera, gerta liteke jendea emendatzea, beste arlo guztietan bezala. Eric Morvan prefetak uztailaren 31n parte guztiei jakinarazi dien «ingurumenean izango duen eragina aztertzeko inkesta» bat egin beharko dela, «ezin saihestuzkoa» delako proiektua egin nahi bada.
Turismoaren magal zailena
Eztabaida sutsua piztu du Pirinio Atlantikoetako Departamenduak aurkeztu berri duen Larhun 2020 proiektuak. Turismo eredu bati jarraikiz ari direla adierazi dute egitasmoaren aurkariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu