Pedro Esnaola. Oncomatryx enpresako aholkularia

«Tumorearen inguruaren aurka egitean, hedatzeko gaitasuna kentzen diogu»

15 urteko ikerketa lanen ondoren, ekainean hasiko da Oncomatryx enpresa minbiziari aurre egiteko botika berri bat gaixoekin probatzen. Tumoreari eraso beharrean, inguruko zelulen aurka egiten du botikak.

JON URBE / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
2022ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Tumore solidoen aurkako botika bat ondu du Zamudioko Oncomatryx enpresak(Bizkaia). Enpresako aholkulari Pedro Esnaolak (Donostia, 1965) adierazi du metodo «berritzailea» dela. Izan ere, ez du zuzenean egiten tumore zelulen aurka, lesioaren inguruko zelulen aurka baizik. Datorren ekainean hasiko dira botika berria probatzeko entsegu klinikoak egiten, eta zortzi ospitaletako 150 gaixok edukiko dute hartzeko aukera. Donostiako Onkologikoa izango da horietako bat.

Minbiziari aurre egiteko sendagai bat diseinatu duzue. Zein berezitasun ditu?

Bi ezaugarri nagusi dituela esango nuke. Batetik, ez du zuzenean egiten tumore zelulen aurka, ohiko tratamenduek egiten duten bezala. Tumorearen inguruko zelulen aurka egiten du. Hasieran ideia zoro bat zela zirudien, baina egindako ikerketa lanen ostean baieztatu da hala egiteak emaitzak ekartzen dituela, oharkabean igarotzen delako. Bestetik, molekula espezifiko bat sortu dugu, eta, lehergailu bat izango balitz bezala, eraso nahi diegun zelulen aurka eztanda egiten du.

Nola funtzionatzen du?

Antigorputza tumorearen inguruan dagoen zelula baten barruan sartzen da, eta, han, karga kimikoa jaurtitzen du. Tumorearen inguruko zelula disolbatu egiten da, eta, tumorea ere haren ondoan dagoenez, immunitate sistema osoaren arreta erakartzen du. Hau da, inguruaren aurka egitean, karga kimikoak tumoreari eta immunitate sistemari erasotzen die. Efektu hirukoitz horren ondorioz lortzen dira emaitzak.

Sendagai berri hori pankreako, biriketako eta bular hirukoitz negatiboko minbiziei bideratuta dago. Besteetara zabaltzeko aukerarik ikusten da?

Bai, hori da asmoa. Oraingoz hiru horietan lortu ditugu emaitzarik onenak, baina urte amaierarako beste tumore batzuk tratatzen hastea da gure helburua.

Minbiziei aurre egiteko ateak zabaltzen lagun dezake?

Zalantzarik gabe. Tumorearen inguruaren aurka egitean, gorputzeko gainerako eremuetara hedatzeko gaitasuna kentzen diogu minbiziari. Gainera, antigorputz jakin bat denez, eremu jakin batzuei soilik erasotzen die, eta toxikotasun maila ere oso baxua da. Horrek kantitate handiak emateko aukera emango digu, eta, hala, eraginkortasuna handituko da.

Zuhurtzia ere behar da halakoen berri emateko orduan.

Bai, noski. Oraingoz, animaliekin bakarrik probatu dugu, eta emaitza bikainak lortu ditugu, baina entsegu klinikoen zain gaude eraginkortasuna frogatzeko. Suntsitzaileak diren tumoreen aurka ari gara, baina uste dugu bide berriak zabalduko dituela.

Hamabost urteko ikerketa lana egin behar izan duzue sendagaia diseinatzeko. Ibilbide horretan muga edo zailtasunen bat izan duzue?

Asko. Duela hamabost urte ideia plazaratzean, askok esan ziguten ezinezkoa zela minbizia sendatzea tumoreari eraso gabe. Baina proba ugari egin ditugu, eta ezagutza asko jaso dugu bueltan.

Ekainean hasiko zarete entsegu klinikoekin. Zer espero duzue?

Animalietan lortu dugun eraginkortasun bera lortzea da gure itxaropen nagusia. Mundu osoko erreferentziazko ospitaleak aukeratu ditugu, eta, hala, entsegu klinikoak ahalik eta baldintza onenetan egitea bermatuko da.

Eta entsegu klinikoen ondoren, zein izango da hurrengo fasea?

Produktua paziente gehiagorekin probatzea izango da asmoa. Dena ondo badoa, merkaturatze prozesuarekin hasiko gara.

Zer esango zenieke minbizia duten pertsonei eta ingurukoei?

Itxaropen mezu bat zabaltzea gustatuko litzaidake. Jende asko ari gara minbiziari aurre egiteko bide berriak bilatzen, eta gero eta gehiago dakigu gaiaren inguruan. Konplexutasun handiko gaixotasuna da, baina aurrerapausoak lortzen ari gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.