Ttale Ouret artzaina hil da

Laborantzaren eta artzaintzaren aldeko borrokan eman du bizi osoa. 2022an argitaratu zuen 'Bortuko azken indiarra, artzain lur gabekoa' lan autobiografikoa.

Ttale Ouret artzaina, artxiboko argazki batean. GUILLAUME FAUVEAU
Ttale Ouret artzaina, artxiboko argazki batean. GUILLAUME FAUVEAU
Xalbat Alzugaray
2024ko abuztuaren 8a
19:34
Entzun

Ttale Ouret artzaina hil zen atzo goizean. Suhuskuneko Idiaia etxean (Nafarroa Beherea) sortu zen Ouret, 1941ean. Gaztetan, apez izateko seminarioan sartu zen. Han, Piarres Lafitte ezagutu zuen. Uztaritzetik (Lapurdi) Akizeko (Okzitania) apaizgaitegira joanik, Lyongo (Frantzia) Prado ikastegira joan zen teologia ikasketak egitera, 1966ra bitarte.

Ondotik, hiru udako lanaldi egin zituen Lourdesen (Okzitania), non CFDT sindikatuaren adar bat sortu zuen bertan ziren langile euskaldunekin. Geroztik, ELB sindikatuko kide izan zen.

1968an, apezpikuak MJRC Landa Eremuko Gazte Mugimendu Kristauaren omonier gisa igorri zuen Donibane Garazira. Omonier gisa zegoela, 1972an Bretainiako behi esnearen krisiaren gatazka hurbiletik segitu zuen, baita 1974ko Larzaceko (Frantzia) ekintzak ere.

Eliza utzi, eta 1974ko primaderan artzain hasi zen. 1975ean artaldea erosi eta lurrik gabeko artzain gisa abiatu zen. Geroztik, udak Iratin pasatu zituen, eta neguak, berriz, Nafarroa Behereko lurretan barna iragan zituen. 2003an erretiratu zen artzaintzatik, baina 2016an utzi zuen Iratiko mendia, behin betiko.

Berrogei urte baino gehiago artzaintzan eman ondotik, 2022an Bortuko azken indiarra, artzain lur gabekoa liburua argitaratu zuen, Elkar argitaletxean.

Ehorzketak astelehenean eginen dira, Suhuskuneko elizan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.