Katalunia. Erreakzioak Euskal Herrian

Tsunamia Euskal Herrian ere

Sare sozialetan hedatutako deialdi bati erantzunez, Bilboko sarrera moztu dute ehunka manifestarik ordubetez. Ertzaintza gogor oldartu zaie, eta atxilotu egin ditu zenbait lagun

Ertzainak, La Caixaren Bilboko egoitzan zeudenak ateratzen. L. JAUREGIALTZO / FOKU.
Gotzon Hermosilla - Irati Urdalleta Lete
Bilbo Donostia
2019ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Kataluniako greba orokorreko egunarekin batera, protesta ekitaldi ugari egon dira Euskal Herrian ere. Baina hainbat eragile politiko eta sindikalek antolaturiko elkarretaratzeez gain, eta Katalunian Tsunami Demokratikoa plataformak erabilitako moldeari jarraikiz, zenbait desobedientzia ekitaldi ere egin dituzte, batzuk aldez aurretik iragarri gabeak eta beste batzuk sare sozialen bidez antolaturikoak. Desobedientzia zibilaren tsunamiak Euskal Herria ere zipriztindu duela esan daiteke.

[youtube]https://youtu.be/gtw5-E73pq8[/youtube]

Arratsaldean izan da ekitaldirik ikusgarriena, Bilbon. Ordu batzuk lehenago, sare sozialen bidez hedatu dute deialdia, «autodeterminazio eskubidearen alde eta herri baten aurkako sententziaren kontra», #EuskalTsunamia traola erabiliz. Deialdi horri erantzunez, ehunka lagun, gazteak gehienbat, San Mames futbol zelaiaren inguruan bildu dira, eta handik Bilboko sarrerara jo dute, bidea ordubetez ixteko asmoz. Horietako askok ikurrinak, Kataluniako ikurrak eta autodeterminazio eskubidearen aldeko afixak zeramatzaten. Errepidea moztu eta atoan iritsi dira Ertzaintzaren zenbait furgoneta.

Atxiloketak

Gazteak lurrean eseri dira, «Ez gaituzue geldituko!», «Altsasukoak askatu!», «Katalunia aurrera!» eta antzeko oihuak eginez. Hasieran, ertzainak ez dira eserita zeuden gazteen kontra oldartu, eta beste bide bat erabili dute: manifestariengana hurbildu, lehenengo lerroan eserita zeudenetako bat indarrez hartu, eta furgonetak zeuden aldera eraman. Identifikatzeaz gain, haietako batzuk Ertzaintzaren auto banatan eraman dituzte ertzain etxera. Horrelakoak gertatzen zirenean, manifestariek «EAJ, lotu zure txakurrak!» eta «Zuek hil zenuten Iñigo Cabacas!» egiten zuten oihu. Gazte pare bat eraman dute modu horretan, baina hirugarrenaren bila joan direnean, gainerako manifestariak babesten saiatu dira eta ertzainak kolpeka aritu dira, eta arrastaka eraman dute atxilotua. Oldarraldiak gero eta bortitzagoak izan dira, eta azkenengoetan balarik gabeko tiroak ere egin dituzte.

Hamar bat minutuan behin aritu dira ertzainak gazteak modu horretara atxikitzen, eta, orotara, dozena bat lagun eraman dituzte, horietako batzuk aski modu bortitzean eta arrastaka. Horietatik atxilo eraman dituztenak lau izan dira, zenbait iturriren arabera.

Manifestariek ordubete zeramatenean bidea mozten, protestaldia bukatutzat eman dute, txaloka eta Eusko gudariak kantatuz. San Mamesekoa da Bilbora sartu eta handik irteteko bide nagusia, eta mozketak auto ilara luzeak eragin ditu. Ertzainek bidea ireki dutenean, istilu batzuk izan dira: agenteei harriak bota dizkiete, eta ertzainek, berriz, foam balak jaurtiki dituzte. Gazteek Bilboko erdialdera egin dute, eta han, Kale Nagusiaren inguruetan, Albiako lorategietan eta Arriagako zubian, istiluak egon dira.

Eguerdian, eserialdiak

Ernaik deituta, zenbait gaztek eserialdiak egin dituzte Donostiako epaitegiaren eta Bilboko eta Gasteizko La Caixaren egoitzetan. «Estatu espainola estatu terrorista», eta «Katalunia aurrera» leloak oihukatu dituzte.

Bilbon, 50 bat gaztek, elastiko horiak jantzita, eserialdia egin dute La Caixak Plaza Biribilean duen egoitza nagusian, sarrera oztopatuz. Handik gutxira ertzaintzaren furgonetak iritsi dira; lehenbizi, eskuorriak banatzen ari zen gazte bat identifikatu dute, eta, geroago, eserialdian zeuden gazteak banan-banan atera dituzte, haietako batzuk arrastaka, eta identifikatu eta miatu egin dituzte.

Protestaldiak iraun duen bitartean, «Independentzia!», «Katalunia aurrera!», «Ez gaituzue geldituko!» eta antzeko oihuak egin dituzte gazteek. Bukatutakoan, gazteei bihotz ematen ari ziren pertsonen kontra ere oldartu dira ertzainak, eta gazte bat atxiki eta identifikatu egin dute. Identifikatutako gazte guztiak libre gelditu dira.

Donostian, gazteak ordu laurden inguruan egon dira eserita, eta indarkeria erabili gabe altxatu dira. Horietako bat identifikatu egin dute, eta jakinarazi diote zigorra jarriko diotela. Horrez gain, BERRIAko kazetari bat eta bideogile bat identifikatu dituzte, argazkiak eta bideoak egiteagatik. Gasteizen ere, La Caixaren eraikinaren aurrean egin dute eserialdia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.