Laugarren hautesbarrutia

Trounday eta Etxaniz bigarren itzulira

Annick Troundayren (Ensemble) eta Iñaki Etxanizen (NUPES) artekoa izanen da lehia laugarren hautesbarrutian. Egoitz Urrutikoetxea (EH Bai) bosgarren lekuan jalgi da.

Annick Trounday, goizean, bozkatzen. BOB EDME
Oihana Teyseyre Koskarat - Ekhi Erremundegi Beloki
2022ko ekainaren 12a
21:31
Entzun

Annick Trounday (Ensemble) Emmanuel Macronen sostenguarekin aurkeztu den hautagaia, eta Iñaki Etxaniz Frantziako ezkerreko alderdien aliantzako hautagaia sailkatu dira bigarren itzulirako; bozen %26,6 bildu ditu Troundayk, eta %24 Etxanizek. Hautesbarrutiko orain arteko Jean Lassalle diputatua ez da berriz aurkeztu, baina haren anaia bai: hirugarren lekua erdietsi du (%20,3). Laugarren lekuan da eskuin muturreko Batasun Nazionaleko Sylviane Lopez (%11,6). Bosgarren lekuan da Egoitz Urrutikoetxea EH Baiko hautagaia, bozen %10 lorturik.

Ipar Euskal Herriko barnealdea eta Biarnoko zati bat hartzen ditu laugarren hautesbarrutiak, eta, Ipar Euskal Herriko zatiari so eginez, bestelakoak dira emaitzak. Annick Trounday da lehena, Julien Lassalle bigarrena, eta, Urrutikoetxea hirugarrena.

Dena den, hautesleak eskertu ditu Annick Troundayk (Ensemble), laugarren hautesbarrutiko hautagaiak. Lehen postuan iritsi da laugarren hautesbarrutian, eta Iñaki Etxaniz NUPESeko hautagaiaren kontra lehiatuko da heldu den igandean. «Biziki umilki hartzen ditut emaitzak. Ez da deus irabazirik, eta lanean segitu beharko dugu», adierazi du Euskal Irratietan. Julien Lassallen hautesleengana joko duela iragarri du. Etxanizen kontra jo du, hizkuntzen kontrakoa dela erranez: «Euskalduna naiz, euskaltzalea. PSko Etxaniz, batere ez. Berak borroka hori ez du eramanen». Pour Que Vivent Nos Langues (Gure hizkuntzak bizi daitezen) kolektiboaren galdetegia ez zuen erantzun Troundayk; Etxanizek, bai.

Egoitz Urrutikoetxeak, berriz, emaitza «baikorki» baloratu du, hala eta guztiz ere. Guk karrikan eramaten diren borroken bozeramaile izan nahi genuen hauteskunde horietan; lerroak mugitzeko beharrezkoa da zango bat karrikan ukaitea eta beste bat instituzioetan. Dena den, pozten gara 2017ko emaitzei so eginez gero, EH Baik gora buruzko bidean segitzen baitu». 2017an 3.912 boz lortu zituen koalizio ezkertiar abertzaleak; Urrutikoetxearen alde egin dute 4.333 hauteslek egun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.