Manifestazio jendetsua egin dute Pasaian (Gipuzkoa), Oiartzualdeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deituta. Hartan, Trintxerpeko Herrera kaleko 11. eta 12. etxeetako —Escalerillas esaten zaio— bizilagunen egoera salatu dute, eta horientzat etxebizitza alternatiba bat aurkezteko exijitu diete erakunde publikoei.
Pasaiako Portuko Agintaritzak eta Euskal Trenbide Sareak merkantziak portutik eramateko trenbide bat egin asmo dute auzo horretan, 400 metro ingurukoa; zehazki, xedea litzateke Europatik Pasaiara iristen diren bobinak Durangora (Bizkaia) bidaltzea trenbide sarea baliatuta. Horretarako, Herrera kaleko 11. eta 12. etxeetan bizi diren hamabi familia kanporatzeko prozesuari ekin zioten abenduan. Etxebizitza sindikatuaren arabera, baina, bizilagun gehienei kalte ordain ekonomikorik edo bizitoki alternatibarik eskaini gabe egin dute hori: bost dira etxejabeak, eta horiei konpentsazio bat eskaini diete; besteei, ez. Portu agintaritzak, berriz, otsailean adierazi zuen etxejabeei PPAren beste etxebizitza batzuetara mugitzea eskaini zietela, eta lanean ari zela Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Ordezkaritzarekin, gainontzekoei alternatiba bat eskaini ahal izateko, juridikoki «ezinezkoa» baita haiei kalte ordain bat eskaintzea. Bizilagunek, baina, ukatu egin zuten hori.
Sindikatuak azaldu duenez, zenbait familia eurekin harremanetan jarri ziren iazko urrian, kaleratzeko arriskua zela eta. Hala, zehaztu dute horiek abenduan jaso zutela Portu Agintaritzaren mezua, etxebizitzak zazpi hilabeteko epean «era bakezale eta ordenatuan» uzteko adieraziz. Sindikatuak hainbat ekitaldi egin ditu ordutik, auziaren berri eman eta egoera salatzeko. Besteak beste, Pasaiako Udalean 2.000 sinadura inguru aurkeztu zituzten, alternatiba bat topatzea eskatzeko. Bertan, salatu zuten Euskal Herrian, «non herritarrek batez beste soldataren %54 bideratu behar duten etxearen alokairura», ez zela bideragarria alternatibarik eskaintzen ez zuen prozesu bat garatzea. Gainera, salatu dute Algeposa enpresari mesede egitea dagoela erabakiaren atzean, Eusko Jaurlaritzaren onespenarekin.