Trikimailu juridikoen esanetara

Bizkaiko Foru Aldundiak Urkiolako Parke Naturalaren barruan dagoen harrobia ixteko konpromisoa hartu du, baina hura kudeatzen duen enpresak baimen berria eskura dezake.

Bilbo
2009ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Urtetan aurkako epaiak eta xedapen politikoak pilatu dituen arren, Urkiolako Parke Naturaleko Zallobentako harrobian ustiatze lanak aurrera doaz. Eusko Jaurlaritzak 1989ko abenduaren 29an naturgune izendatu zuen Urkiola. Ordutik, Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatu du Parkea, eta bere gain hartu du haren oparotasunari eusteko ardura. Haatik, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak Zallobentako harrobiaren ustiatze lanak baimendu zituen, 1998ko martxoan.

Gezurra badirudi ere, hamaika urte igaro ostean, harrobia behin betiko baimen administratiborik gabe ari da lanean. 2001ean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zuen harrobia kudeatzen duen enpresak ustiatzeko zeukan A mailako baimena. Zallobentak helegitea aurkeztu zuen Espainiako Auzitegi Gorenean. Auzitegiak lau urte eman zituen auzia berraztertzeko, baina 2005ean berretsi egin zuen EAEko Justizia Auzitegiaren epaia. Hala, Zallobentak lau urtez ekin zion Eskubaratz mendiaren berezko orografia kaltetzeari.

Errekurtsoa aurrera zihoan heinean, enpresak estrategia berria abiatu zuen 2003an. Zallobentak A mailatik C mailarako jauzia aurrez ikusi zuen. Izan ere, C mailak aurkako epaia saihestu ez ezik ustiatze lanak Urkiola barruan hedatzeko aukera ere ekar zezakeen. Hala, Eusko Jaurlaritzako Industria Saileko Meategien Zuzendaritzak baimena eman zien 2004an. Mañaria Bizirik herri plataformak errekurtsoa aurkeztu zuen, eta Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen Jaurlaritzaren sailkatze aldaketa 2007an. Izan ere, elkarteak aurkeztutako txostenaren arabera, mendian egindako kaltea ustiatzeari utziz konpon daiteke. Dena den, enpresak Auzitegi Gorenera jo du, eta horrek gatazka beste lau urtez luza dezake gutxienez.

Izan ere, gaur egun indarrean dagoen Urkiolako Parke Naturalaren Erabilera eta Kudeaketa Arautzeko Planak (EKAP) zabalik uzten du harrobia ustiatzeko aukera. Hori dela eta, araudia aldatzeko eskaria egin zion Urkiolako Patronatuak Aldundiari, martxoaren 25ean egindako osoko bilkuran. Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Eusko Legebiltzarrak gauza bera egin dute dagoeneko. Erakundeok tramiteak arintzeko eskaerak onartu dituzte azken urteotan. Nolanahi ere, Aldundiak abiatzeke duen prozesua «urte eta erdiz edo bi urtez luza daiteke», ezker abertzaleko Atxondoko zinegotzi Onintze Oleagak azaldu duenez.

Urkiolako Patronatuak Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza diputatu Irene Pardo du buru. Eusko Jaurlaritzako eta Arabako Aldundiko nekazaritza saileko ordezkariak bertan ari dira, baita ingurumen eta lurralde antolakuntza sailekoak ere. Gainera, aholkularitza organo horretan herri ordezkariak, sindikatuak eta elkarte kulturalek parte hartzen dute.

Patronatua aho batez ados jarri arren, iradokizun hutsa da martxoan esandakoa. «Gureak kontsulta organotzat dihardu, beraz, han esandakoa ez da erabakigarria», Oleagaren esanetan. Gainera, Pardok eguneko aztergaien zerrendatik kanpo utzi zuen gaia, eta adostutako proposamena bozkatu barik utzi zuen Patronatuak.

Nolanahi ere, Patronatuko kideek «aurrerapausotzat» jo dute Aldundiak EKAP aldatzeko erakutsi duen konpromisoa. «Oso erabaki garrantzitsua dela azpimarratu behar dugu, eta are gehiago kasu honetan. Erakundeek borondate politiko argia izan behar dute harrobia behin betiko ixteko», azaldu du Patronatuko eta Mañaria Bizirik-eko kide Izaskun Gorostizak.

Berandu heltzearen arriskua

Enpresak, bestalde, bide administratiboari ekin zion 2007ko uztailean: Jaurlaritzan tramiteak hasi zituen baimen berria eskatzeko. «Berria eta zabalagoa». Zallobentak 4 milioi tona kareharri gehiago atera nahi ditu Eskubaratzetik. «Mota honetako tramiteetan, informazioa isilpean gorde ohi du Jaurlaritzak. Beraz, ezinezko dugu asmatzea tramiteak zein fasetan dauden», azaldu du Gorostizak.

Zuhur ibiltzeko unea heldu da, horrenbestez. Bestela, gerta liteke EKAParen aldaketa onartzean neurriak praktikan eraginkortasunik ez izatea. Baimenak bidean gurutza daitezke. «Enpresak egitatez bere jarduerarekin jarraitu ahalko luke EKAP onartu orduko Jaurlaritzak baimena ematen badio enpresari», azaldu du Oleagak. «Patronatuak zera eskatu dio Aldundiari: tramitazioaren nondik norakoen berri izatea ezinezko den heinean, harrobiaren handitzeari ezezko biribila emateko; alegia, baimena neurriak baino arinago helduz gero bertan behera utz dezaten», gaineratu du Gorostizak.

Hamaika urte luzeko borrokaren ostean, zuhur azaldu da, halabeharrez, Gorostiza: «Diru asko dago jokoan, eta enpresak aukera guztiak agortuko ditu, orain arte egin duen bezala. Urrezko meategia omen dute esku artean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.