Ubarretxena: «Tresna politiko berriak behar ditugu, eta orain da momentua»

Maria Ubarretxena autogobernu sailburuak datorren legealdirako dauzkan lehentasunak azaldu ditu Eusko Legebiltzarrean. Esan du «buru-belarri» lan egingo dutela Gernikako Estatutua osorik bete dadin, eta laguntza eskaini du estatutu berria egiteko.

Maria Ubarretxena sailburua, gaur, legealdiko helburuak azaltzen, Eusko Legebiltzarrean. EUSKO LEGEBILTZARRA
Maria Ubarretxena sailburua, gaur, legealdiko helburuak azaltzen, Eusko Legebiltzarrean. EUSKO LEGEBILTZARRA
gurutze izagirre intxauspe
2024ko irailaren 17a
17:50
Entzun

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailburuak azaldu duenez, Gernikako Estatutua osorik bete dadin «buru-belarri» lan egingo dute, 1979an onartu zenetik oraindik 29 eskumen falta baitira esku aldatzeko. Sei aurreratuta daudela esan du, eta gizarte segurantzarena eskualdatzeko barne lanketan hasita daudela. Baina harago joan da: «Aldaketa eta eraldaketa garai batean gaude; tresna politiko berriak behar ditugu, eta orain da momentua». Hari horri heldu dio Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarreko eledunak hitza hartu duenean: «Orain da unea, bai. Legealdi hau ez da edozein legealdi; aukera berriak irekita daude, eta hitzetatik ekintzetara pasatu behar dugu». Abiatu berri den legealdirako dituzten helburu nagusiak azaldu ditu Ubarretxenak, Eusko Legebiltzarrean, Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasun Batzordean.

«Legealdi hau ez da edozein legealdi; aukera berriak irekita daude, eta hitzetatik ekintzetara pasatu behar dugu»

NEREA KORTAJARENAEH Bilduko eleduna legebiltzarrean

Ekain Ricok hartu du PSE-EEren izenean hitza, eta kontu hartu dio Ubarretxenari, birritan. Esan dio PSE-EEk EAJrekin Eusko Jaurlaritza osatzeko egindako gobernu akordioan argi adierazten dela alderdiei dagokiela estatutua berritzeko akordioa lortzea. «Ez du balio gehiengo batzuk eratzeak erakundeak gobernatzeko eta beste gehiengo bat estatutu berri baterako. Eta estatutu berri batez ari gara, ez estatus berri batez; argitu ditzagun terminoak». Ubarretxenak biak erabili ditu bere hitzaldian, estatutua eta estatusa. Eta Kortajarenak estatusa erabili du: «Estatus berriari buruz jardun behar dugu, ez beste ezertaz, ze estatutua erabat mutilatua dagoen tresna bat da».

«Ez du balio gehiengo batzuk eratzeak erakundeak gobernatzeko eta beste gehiengo bat estatutu berri baterako»

EKAIN RICOPSE-EEko legebiltzarkidea

Ubarretxenak legealdirako dituen helburuen artean lehenik aipatu duena da autogobernu handiagoaren beharra. Aurreratu du urriaren amaierarako espero duela Espainiako Gobernuarekin aldebiko batzordea eratzea, eskualdatzeko falta diren 29 eskumenak nola bideratuko diren lantzeko. Eta autogobernu zabalago bat aldarrikatu du: «Herri gisa ditugun erronkei aurre egiteko, autogobernu handiagoa behar dugu». Estatutu berria lantzea alderdiei badagokie ere, bere sailaren laguntza eskaini du.

Beste bi helburu nagusi aipatu ditu: tokiko administrazioarekin harremana estutu, eta leihatila bakarraren kontzeptuan sakonduko dute, herritarrei tramiteak arintzeko, zenbait prozedura sinplifikatzeko eta burokrazia arintzeko.

Hirugarren helburua administrazioaren digitalizazioan sakontzea izango da. Hor aipatu du gardentasuna eta lanpostuen egonkortasuna areagotzeko proposamena. Sindikatuekin hitz egiten hasi nahi du, eta langileen egonkortasuna areagotu. «Administrazio irekiagoa, adimentsuagoa eta gardenagoa sustatuko dugu, inklusibitatea bermatuz». Iragarri du erretiro asko izango direla datozen urteetan administrazioan, eta langileen belaunaldi aldaketa baliatu nahi dute profil berriak txertatzeko, «erakundea malguagoa izateko eta egungo erronkei hobeto egokitzeko». Gehitu du udaletako idazkari, kontu hartzaile eta diruzainen lanpostuak bertan erabakitzeko dekretu bat ere jorratuko dutela legealdi honetan.

«Herri gisa ditugun erronkei aurre egiteko, autogobernu handiagoa behar dugu»

MARIA UBARRETXENAEusko Jaurlaritzako Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailburua

Euskara lanerako eta zerbitzurako hizkuntza izatea lehentasuntzat dauka. Esan du prestakuntza sustatuko dutela Eusko Jaurlaritzaren «hizkuntza nagusia» euskara izan dadin. Uste du «normalizazio prozesu arrakastatsu bat» egon dela, eta euskara sustatzen segitzeko konpromisoa adierazi du, PPren eta Voxen hitzei erantzunez, haiek egotzi baitiote administrazioan zenbait lanpostu bete gabe geratzen direla langileei euskara maila jakin bat eskatzeagatik. Ubarretxenak ukatu egin du hori, eta erantzun die herritar denen hizkuntz eskubideak betetzeko lana egingo dutela.

«Estatus berri bat»

Kortajarenak lankidetza eskaini dio Ubarretxenari: «Hemen dituzu 27 legebiltzarkide elkarlanean aritzeko prest, estatus berri baten alde lan egiteko prest: estatus bat aitortuko duena nazio bat garela, estatuarekin berdinen arteko harremana ahalbidetuko duena, eta XXI. mendeko politikak eta tresnak ahalbidetuko dituena».

Kortajarenaren iritziz, bizitza hobetzeko akordioak egiteko eskatzen diete herritarrek alderdiei. «Beren bizitzarako ezinbesteko diren gaiak hemen erabakitzeko eskatzen dute: hala esan ziguten hauteskundeetan. Burujabetasunaren inguruko pedagogia egiten entzun zaitut, eta hori gehiago egin beharko dugu». Kortajarenaren iritziz, begi bistakoa da Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakari berriarekin hasi berri den legealdiak badakartzala berrikuntzak aurrekoarekin alderatuta. «Ikusteko dago ea interes orokorraren mesedetan eta herri ikuspegiarekin bideratzen duen aurreko gobernuari egindako zuzenketa». Hitz egiteaz harago ekin egin behar delakoan dago, eta aurreratu du EH Bildu eragile aktibo izango dela, osasunaren arloko itunean erakutsi duen moduan.

EAJko Jon Andoni Atutxak babesa agertu dio Ubarretxenak azaldutako bide orriari, eta hitzaldia amaitu du esanaz elkarlana eta akordio zabalak lortzen saiatuko direla, baina oposizioa gobernuari kontrola egiteko dagoela, eta gobernua osatzen duten alderdiak, berriz, gobernatzeko. PSE-EEko Ekain Ricok ere bide beretik agertu dio babesa Ubarretxenari, eta, estatutu berriari buruzko hitzaldia salbuetsita, gainerako bide orrian babesa eta elkarlana hitzeman dizkio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.