Mugituk abiadura handiko trenaren aurkako eraikin bilakatu du Castejongo trenaren museoa, 45 minutuz. Etxe hori okupatu zuten atzo, Nafarroan, AHTaren aurkako taldeko 30 kide inguruk. Pankarta handia zabaldu zuten egoitzako balkoi batetik, AHTak hainbat tren zerbitzu desagerraraziko dituela salatzeko.
13:00 aldera egin zuten protesta Mugituko kideek. Museora sartu ziren hainbat pertsona, eta pankarta zabaltzearekin batera, sirena hotsak entzunarazi zituzten, herritarrek protestaren berri izan zezaten. Karrikan, hain zuzen ere, AHTaren aurkako informazioa banatzen aritu ziren Mugituko bertze hainbat kide.
Pankarta zabaltzeaz gain, AHTaren proiektua salatzeko, eta Nafarroan 60 kilometroko «luxua» izanen dela gogoratzeko, tarta bat eraman zuten Mugituko kideek Castejongo museora. Kutxa baten barruan eraman zuten, museoak bere piezen artean har dezan. Eraikin barruan zegoen abiadura handiko trenaren maketa bat, berriz, plazara atera zuten.
Protestak iraun bitartean, Castejongo udaltzain bat baino ez zen agertu museora. 14:00etan ateak itxi baino pixka bat lehenago atera ziren handik Mugituko kideak. Handik gutxira, Foruzaingoaren, Guardia Zibilaren eta Espainiako Poliziaren hainbat auto agertu zire museoaren ondora. Hainbat argazkilari eta Mugituko dozena bat kide identifikatu egin zituzten.
Bergaran ere, protesta
Castejonen ez ezik, Bergaran ere (Gipuzkoa) AHTaren aurka protesta egin zuten atzo. Elkarretaratzera deitu zuten, abiadura handiko trenaren bidea egiteko lanen zubiaren azpian. Azpiegitura horrek dirua «xahutzen» duela salatu zuten parte hartzaileek. Lanak gelditzeko eskatu zuten, ondorioz.
Trenaren museoa hartu du Mugituk Castejonen, AHTko lanak salatzeko
Pankarta handia zabaldu dute abiadura handiko trenaren aurka; 45 minutuz egon dira eraikin barruan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu