AHT Abiadura Handiko Trenaren alternatiba aztertzeko kanpaina abiatu dute Arabako, Nafarroako eta Burgosko Trenaren Aldeko Alternatiba plataformak. Azterlana aurrera eraman ahal izateko, eta tren sozialaren aldeko kanpaina finantzatzeko, bilketa kolektibo bat iragarri dute. Azterlanaren helburua da dagoeneko eraikita dauden trenbideak erabil eta berritu daitezkeen edo ez aztertzea. Iñigo Leza plataformako kideak azaldu duenez, AHTaren alternatiba gisa, «benetako azterlan alternatibo bat» landu nahi dute. Bi hilabete iraungo du finantzaketa kolektiborako kanpainak, eta 12.000 euro biltzea espero dute. Plataformak prentsaurrekoa eman du Gasteizko tren geltokiaren parean, hori azaltzeko.
Nafarroari dagokionez, egungo trenbidearen bikoizketan, hobekuntzan eta doikuntzan datza azterlana. Lezak nabarmendu du, beraz, gaur egungo azpiegituren «hobekuntza garrantzitsua» ekarriko lukeela horrek: besteak beste, trenbideak dituen gune korapilatsuak desagertzea, lurperatzeak eta saihesbideak. Are, gaineratu du «mota guztietako trenentzat» egokituko direla trenbideak.
Azterlanak alternatiba bat garatuko du, trenbideetako ingeniaritza azterketa batek bermatua. Plataformako kideek ziurtatu dute «kontsentsu zabal batez» egingo dutela, eta lurraldearen kohesioa ziurtatuko duela; izan ere, «bertako biztanleen beharretara egokituko da». Horrekin batera, gaitasun teknikoak gehituko zaizkio merkantzien garraiorako eta «ingurumenari kalte askoz txikiagoak» eragiteko. Ohartarazi dutenez, «klima larrialdiari aurre egin beharrean dago» gizartea, eta, beraz, ezinbestekoa da «baliabideen eta aurrekontuen erabilera zorrotza» bermatzea.
Azterlanean jasotako emaitzak eragile sozial, sindikal eta politiko guztiei azalduko dizkiete, eta atxikitzeko eta babesa emateko eskatuko diete. Adifen eta Renferen sindikatuek, eta Arabako, Nafarroako eta Burgosko plataformek orain arte eskatu dutena babesten du proposamenak, eta jarraipena ematen dio ardatz atlantiko-mediterraneoko beste zati batzuetan egindako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioaren trenbide politikari. «Azterlana hobetuko dugu. Trenbidea hainbat herritatik pasatzen da, eta batzarrak egingo ditugu, eta herritarren ekarpenak jaso», azaldu dute.
Maiatzaren 14ko manifestazioarekin bat
Halaber, plataformak dei egin du maiatzaren 14an Araba Bizirik plataformak Gasteizen deitutako manifestazioan parte hartzeko. Izan ere, Araba Bizirik plataformako kideek hilabeteak daramatzate Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Lege berria salatzen. Iragan abenduan onartu zuten, eta, joan den astean salatu zutenez, Jaurlaritzak nabarmen handitu du ingurumen balio handiko guneetan energia berriztagarrien zentralen proiektua «lehentasunezkotzat jotzeko presioa». Uste dute Jaurlaritzak «erabilera interesatua egiten duela «energia premia» deitu zaionaren inguruan.
Ingurumen Administrazioaren Legea onartzeak Lurralde Antolamenduaren Legea moldatzea ekarri du, besteak beste. Horrekin, Jaurlaritzak bere esku du hainbat proiektu «goi mailako interes publikoko proiektu» gisa izendatzea. Ondorioz, hura onartu edo ez erabakitzeko eskumena galdu dute udalerriek.