AHT abiadura handiko trenaren ordez, TPS Tren Publiko eta Soziala. Proiektu hori jarri du mahai gainean Sustrai Erakuntza fundazioak, abiadura handiko trenaren Nafarroako korridorearen alternatiba gisa. Bihar aurkeztuko dute egitasmoa Iruñeko Kondestablearen jauregian, 18:30ean.
Fundazioko kide Pablo Lorenteren esanetan, «egungo baliabideak erabili eta hobetuko dituen azpiegitura baten aldeko proiektua» izanen da: «Finean, gaur egungo trenbidearen bikoizketa da planteatzen duguna». Hainbat txosten eta ikerlan erabili dituzte proposamena ontzeko: Tren Publiko eta Sozialaren aldeko Erriberako Plataformak 2007an argitaratutakoa, EHUko hainbat irakaslek argitaratutako Euskal Y-a irtenbiderik gabeko atakan izenburuko lana, eta, batez ere, Ekologistak Martxan elkarteak iragan ekainean kaleratutako txostena: Nafarroan behar dugun trena.
Ikerlan horiek oinarritzat hartuta, «trenbide paralelo bat» eraikitzea da Sustrai Erakuntzak proposatuko duena: «Egungo trenbidearen ondoan beste bat eraikita, trenen arteko aurreratzea eta gurutzatzea ahalbidetuko litzateke. Aukera hori da, hain zuzen, Espainiako Sustapen Ministerioak Kantabrian (Espainia), Santander eta Torrelavega hirien artean aplikatu duena, trenbideko abiadura eta eraginkortasuna handitzeko».
1987ko Tren Garraio Planean ere, gisa horretako irtenbide bat planteatu zuen Espainiako Gobernuak, Castejon eta Altsasu arteko trenbide zatia zaharberritzeko. Plan hori, ordea, bazter batean gelditu zen AHTaren etorrerarekin.
Aierdiri kritika
Bestalde, AHT Gelditu elkarlanak kritika gogorrak egin dizkio Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko lehendakariorde Manu Aierdiri, iragan ostegunean aurkeztutako parte hartze prozesua dela eta. Elkarteko kideek «propaganda ariketa iraingarritzat» jo dute Aierdiren proposamena: «AHT proiektua definitu ondoren —UPNk eta PSNk bultzatu zutenaren antzekoa—, parte hartze prozesu bat sustatuko dutela diote, baina, erabakia hartua badago, zertarako zabalduko dute parte hartze prozesu bat?». Alternatiben inguruko «eztabaida lasaia» egiteko eskatu diote Nafarroako Gobernuari.
Tren proiektu alternatibo bat nahi du Sustrai Erakuntzak
«Tren publiko eta sozialaren aldeko proiektua» aurkeztuko dute bihar Iruñean. AHT Gelditu-k «iraingarritzat» jo du gobernuaren hitzarmena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu