Bide ingeniaria eta Alternatiba proiektuaren egileetako bat

Kimetz Munitxa: «Tren egituratzaile batek justu ‘Euskal Y’-aren kontrakoa egiten du»

Burgos (Espainia), Araba eta Nafarroa arteko trenbide proiektuaren Alternatiba egitasmoaren egileetako bat da Munitxa. Egungo trenbide azpiegiturak baliatuz, tren merkeago, iraunkorrago eta sozialago bat egin litekeelakoan dago.

KIMETZ MUNITXA
ARITZ LOIOLA / FOKU
inaki petxarroman
2024ko otsailaren 23a
05:00
Entzun

Burgos (Espainia), Araba eta Nafarroa arteko tren sozialaren proiektuaren egileetako bat da Kimetz Munitxa (Abadiño, 1974). Proiektu hori garatuz gero, herrien arteko lotura eta egungo trenbide plataformak baliagarriak liratekeela nabarmendu du, eta kostuak asko gutxituko liratekeela. Asteburu honetan Agurain (Araba), Altsasu (Nafarroa) eta Irurtzunen (Nafarroa) izango diren AHTaren aurkako jardunaldietako mahai inguru batean parte hartuko du.

Bada urte eta erdi aurkeztu zenutela Burgos, Araba eta Nafarroa arteko tren sozialaren proposamena. Zer harrera izan du Alternatiba izeneko proiektu horrek?

Denetik izan da. Burgosen oso harrera ona izan du. Araban ere harrera ona izan du, eta hainbat aurkezpen egiteko eskatu digute. Nafarroan eztabaida egon da eragile sozialen artean, eta, batzuek, behintzat, desadostasun sakona agertu dute proposamenaren inguruan. Zehazki, AHTez plataformak eta haren inguruko eragileek kezka azaldu dute gure proposamenaren inguruan.

Zergatik?

AHTez asanblada mugimendu antidesarrollista da, eta ez du ondo hartzen azpiegitura handiei alternatibak aurkeztea, euren ustez ez baita hori gizarte eragileen egitekoa. Zehazki, kritika horixe egin digute. Kontua da asko direla guri enkargua egin ziguten eragileak: sindikatuak, herritarrak, sentsibilitate politiko ezberdinetako taldeak, tartean kolore politiko askotariko udalak.

Trenbideetako langileak eta sindikalistak ere badira tartean. Zer diote haiek?

Ikusten dute arriskuan ohiko bideen etorkizuna, AHTan inbertsioak egiten jarraitzen den heinean. Alegia, salgaien garraiorako eta ohiko trenbideetan desinbertsioak egitea eta galtzen uztea, Cuencan edo Espainiako hainbat tokitan bezala. Kezkak eta beharrak askotarikoak izan dira. Nik ulertzen dut AHTez-en kritika hori, baina sentsibilitate hori ez duten eragile asko daude gure proposamen horren atzean.

Ikuspegi praktiko batetik egin duzue proposamena, beraz.

Ikusi dugulako nola joan diren gauzatzen proiektuak: oso astiro eta epeak bete gabe. Nafarroan ere, Castejondik hasita, plataformaren zati bat eginda dago, eta aurrera doaz. Eurak ez dira gelditzen. Durangaldean ere geratuta egon ziren luzaro, baina orain lanean ari dira. Beraz, ikusten duguna da, horren aurrean, zerbait egin behar dugula. Tren eredu hori oso kaltegarria da herritarrentzat, zergen erabilerarentzat, lurraldearentzat, sozialki, ekologikoki. Eta horri beste eredu bat kontrajarri behar diogu, guk sinesten dugulako trenean garraiobide gisa, publikoa eta egituratzailea baldin bada. Beraz, abiadura handiko tren eredu kaltegarri hori argudioz husten saiatu gara, azterketak eginez eta frogatuz badagoela gauzak beste modu batera egitea, merkeago, onuragarriago eta zerbitzua herritar guztiei emanez. Eskualdeak, herri txikiak batuz, geltokiak lotuz, ixten joan diren geltokiak berreskuratuz.

Horren kontrako adibidetzat jo izan duzue Euskal Y-a. Zergatik?

Ageriko arrazoiengatik. Haren plataforma doa tarteko geltokiak, loturak eta transferentziak egin daitezkeen toki horietatik guztietatik baino 20, 50 edo 100 metro gorago. Lurraldea gainetik bezala zapaltzen du, eta eredu egituratzaile batek justu kontrakoa egiten du: ahalegintzen da herria eta lurraldea egituratzeko balio izan duen tren eredu zaharkitua berreskuratzen eta eguneratzen.

Zuen tren proposamena salgaien garraioarentzat baliagarria dela aldarrikatu duzue. Jaurlaritzak esan izan duenez, Euskal Y-ak ere salgaiak eramango ditu.

Gure alternatiba pentsatuta dago, hasiera-hasieratik, salgaiak eramateko. Horregatik kokatzen dira trenak aurreratzeko puntuak. Bikoiztu egiten da bidea. Transferentzia puntuak non egin aztertu dugu, eta, berez, gainera, Sakanako Garapen Agentziarekin batera ari gara aztertzen zamak nola aldatu daitezkeen trenbidera. Oso ezberdina da bidaiariak eramateko espresuki pentsatuta dagoen azpiegitura baten inguruan esatea aukera izango duela lotzeko Gasteizko logistika zentroan edo portu lehorrean, eta hori esatea zehaztu gabe zein garraiorekin, zein trenbiderekin, zein enpresarekin, zein bagoi motarekin eta zein zamarekin egingo den. Guk trenbide zabalera iberiarrean pentsatu dugu, salgaiak iberiarrean eramaten direlako. Eta trabesa bera erabilera anitzekoa izango da, hau da, etorkizunean Europako zabalerara aldatu nahi bada, moldatu ahal izateko.

Bost zati aztertu dituzue, Burgosen hasi eta Nafarroa hegoaldera arte. Eremu zabala da. Borondate politikoa beharko litzateke halako proiektu bat gauzatzeko. Administrazioan zer moduzko harrera izan duzue?

Udalek eta eragileek ondo hartu dute. Nafarroako Parlamentuan ere egon ginen, eta, oso harrera ona izan genuen. Agindu zuten aztertuko zutela, eta eskertu zuten proposamen zehatz bat helarazi izana.

Zuen proiektuak aukera izango du eraikita dagoen Euskal Y-aren plataformarekin lotzeko, ezta?

Bai, eta horren inguruan ere eztabaida dezentekoa izan genuen, batzuen ustez, lotura aurreikusteak esan nahi zuelako onartu egiten genuela Euskal Y-a. Nik ez dut uste hala denik, uste dudan bakarra da Gamarraraino egina dagoela, eta bata egiten bada, bestearekin lotu egingo dela bai ala bai.

Gauden momentuan, zuen proiektuak garrantzia har dezake Gasteiz eta Iruñea arteko zatian, oraindik ofizialki onartu gabe dagoelako. Zer ekarpen egiten dio zuen proiektuak zati horri?

Guk argi ikusten dugu: hori da proiektuaren zatirik argiena; hau da, gaur egungo trenbidea moldatuz egin daiteke, daukan trazadura oso egokia delako, eta konponketa gutxi batzuk behar direlako eguneratzeko.

Azken finean, zuek proposatzen duzuen alternatiba %40 merkeagoa da. Bada argudio bat hori ere.

Gurea da aldirietakoa, eskualdeetakoa, abiadura handiko trena eta zama garraio trena bateratzen dituen proiektu bat. Obra garestitzen duten tunel eta saihesbide batzuk aurreikusten ditu. Eta, hala ere, %43 merkeagoa da.

Euskal Y-ari buruz, diote 2028rako jarriko dela martxan, behin-behineko geltokiekin. Obraren egungo egoera ikusita, noizko aurreikus daiteke obra amaituko dela?

Abadiño-Atxondo inguruan (Bizkaia) etxetik ikusten ditut lanak, eta oraindik ari dira zubi bideen zutabeak eraikitzen. Geltokiak-eta kontuan hartuta, azpiegiturari dagokionez, aurrekontuaren %50 inguru izan daiteke orain arte egindakoa. Falta den inbertsiorako dirurik ez dakit egongo den, noiz egongo den. Gehiago ikusten dut finantzaketa arazo bat, eta logistika arazo bat, horri lotuta. Azpiegitura osorik eginda egoteko, hirietako geltokiak barne, zeren hori da zailena, botako nituzke, gutxienez, hamar urte. Behin-behineko irtenbideren batekin agian gutxiago; Bilbora Basauritik sartuta eta abar. Baina horretarako ere falta zaie gainegitura, seinale guztiak, erabilpen lizitazioak... Zalantza asko daude, eta nik, behintzat, ez dut argi ikusten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.