GASTEIZ. EH Bilduk Arabako Batzar Nagusietan duen bozeramaile Kike Fernandez de Pinedok esan du Arabako Aldundiak eta Burgosko Diputazioak (Espainia) Trebiñuren inguruan sinaturiko hitzarmenak «iruzurra» direla, lehenagotik ere Arabak eskaintzen zituen zerbitzuak jasotzen dituztelako.
Esan duenez, aspalditik zegoen hitzarmen orokor baten beharra, Arabak eskaintzen dituen zerbitzuei babes legala emateko Burgosek aurkez zitzakeen helegiteen aurrean. Orain, zazpi hitzarmen izenpetu dituzte Arabak eta Burgosek, beste hainbeste arlotan. «Arabako Aldundia saiatu da hori sekulako lorpena balitz bezala aurkezten», esan du Fernandez de Pinedok, «baina hitzartutakoa aztertzen badugu, ikusiko dugu kezkagarria dela, azalean zein mamian».
Fernandez de Pinedok salatu duenez, hitzarmenetako arloak hamahirutik zazpira murriztu dituzte. Gainera, ez dute Eusko Jaurlaritza auzian inplikatzea lortu. «Ez da Trebiñurako beren-beregi egindako hitzarmena, Araba eta Burgosen arteko gertutasun ituna baizik», erantsi du. Salatu duenez, hitzarmenean mugako beste herri batzuk ere agertzen dira, eta Burgosek ia ez du bere gain gasturik hartzen. Trebiñuko zinegotzi independente Maria Eugenia Galarretak, berriz, esan du herritarrei ez dietela «ahotsik» eman itun haietan, eta gai garrantzitsuak hitzarmenetatik kanpo geratu direla.
Trebiñuri buruzko itunak «iruzurtzat» jo ditu EH Bilduk
Diotenez, Arabako Aldundiak lehenagotik ere eskaintzen zituen zerbitzuak baino ez dituzte jasotzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu