Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Hego Euskal Herria

Trebiñuko auzia erreferendum bidez konpontzea proposatu dute

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek galdeketa lotesle bat nahi dute. EAJk dio trebiñarrek beren borondatea azaltzeko eskubidea dutela

Juantxo Lopez de Uralde eta Kontxi Palencia Elkarrekin Podemoseko hautagaiak, atzo, Trebiñun. BERRIA.
jon olano
2019ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Azken orduetan, hainbat indar politikok hauteskunde kanpainaren lehen lerroan jarri dute Trebiñuko konderriaren auzia, eta, nork bere hitzekin, antzeko irtenbidea proposatu dute Trebiñuko eta Argantzongo herriei (Burgos, Espainia) Arabara batzeko aukera emateko. Atzo, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek eskaini zuten auzia erreferendum baten bidez konpontzea.

Atzo, Equoko buru eta Elkarrekin Podemosen Espainiako Kongresurako hautagai Juantxo Lopez de Uraldek eta Senaturako hautagai Kontxi Palenciak hauteskunde ekitaldi bat egin zuten Trebiñun, eta bertan jakinarazi zuten Espainiako Gobernuari eskatuko diotela «legezko erreferendum lotesle baten deialdia» egin dezala, «berme guztiekin». «Argantzongo eta Trebiñuko udaletako herritar gehienak askotan azaldu dira Arabara biltzearen alde. Alderdi guztiak dira betidaniko gogo horren jakitun, baina orain arte ez dute borondate politikorik eduki behin betiko konponbidea mahai gainean jartzeko. Eta guk hainbeste urtetako blokeo hori amaituko dugu», adierazi zuen Lopez de Uraldek.

Horrekin batera, «lurralde mugak aldatzeko» lege organiko bat edukitzea «ezinbesteko urratsa» iruditzen zaio Lopez Uralderi, «egoera horri buelta emateko eta aurrera egiteko». Gogorarazi duenez, Burgosko Diputazioak eta Arabako Aldundiak zazpi lankidetza hitzarmen sinatu zituzten, besteak beste babes zibilaren eta larrialdietarako arretaren alorretan, eta adinekoen gizarte arretan, genero indarkeriaren aurkako borrokan eta euskararen normalizazioa; akordio hori «positiboa» izan da, Lopez de Uralderen iritziz, baina Palenciari «behin-behineko neurriak» iruditzen zaizkio: «Ez da nahikoa, behin-behineko zerbait baizik. Enklabe honetako herritarrek denbora gehiegi, zenbait belaunaldi daramatzate zentzu- gabekeria horren ondorioak sufritzen. Elkarrekin Podemosek konponbidearen eguna finkatuko du».

Antzera mintzatu zen Iñaki Ruiz de Pinedo, Espainiako Kongresurako EH Bilduko Arabako zerrendaburua. Haren esanetan, Trebin?uko auziari «soluzioa emango dion herri galdeketa loteslea» egitea defendatuko du EH Bilduk Madrilen. Trebin?uko plazan agerraldi bat egin zuen Ruiz de Pinedok, eta harekin batera egon ziren Trebin?uko zein Argantzongo hautagaiak, zerrendako beste kide batzuekin batera.

Ruiz de Pinedok azaldu zuen Trebin?uko auzia Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatus politiko berrian jaso behar dela, baina bi herrietan galdeketa egin bitartean herritarrak ezin direla «bigarren mailako arabarrak» izan: «Zerbitzu guztiak bermatuta izan behar dituzte». Alde horretatik, ez zaizkio nahikoa iruditzen Burgosek eta Arabak sinatutako lankidetza hitzarmenak.

Arabara batzeko saio ugari

Ez da Trebiñuko auzia konpontzeko erreferendum bat proposatzen den lehen aldia. Azkena, 2016an: Arabako Batzar Nagusiek Trebiñuren geroari buruzko erreferendum bat egiteko eskatu ziotenMadrili; hain justu, Ahal Dugu-k sustatuta. Eztabaida hartan, ados azaldu zen Izaskun Moiua EAJko batzarkidea, baina gogorarazi zuen Euskal Autonomia Erkidegorako 2004ko estatutu proposamenean jasotzen zela proposamen hori, eta erantsi «gutxienez hamar urte berandu» iritsi zela eskaintza.

Orain, EAJk ere badarama berriro Trebiñuko auzia hauteskunde programan. Honela jaso du: «Aitortu egin behar da, konponbidean hasteko, bertako herritarrek euren egoeraz duten iritzia emateko eskubidea dutela, eta, kasua bada, Euskal Autonomia Erkidegoko dagokion lurralde historikoan sartzeko eskubidea, Gernikako Estatutuak jasotzen duen moduan». Igandean, Mikel Legarda EAJko Arabako zerrendaburuak babestu egin zuen trebiñarrek Arabara batzeko «borondatea libreki adierazteko eskubidea». Erantsi zuen ez PPk, ez PSOEk ezta Ciudadanosek ere ez dutela auzia konponbidean jarri nahi izan, egungo egoerak trebiñarrei egiten dien «kaltea» ezagutu arren: «Eurek jakingo dute zergatik».

Konderriak hainbat saio egin ditu Arabarekin bat egiteko; 1646. urtekoa da aurreneko eskaera, eta lau aldiz saiatu zen XX. mendean: 1940an, 1958an, 1980an, 1998an. 1998an eginiko herri galdeketan, Trebiñuko hamar biztanletik zazpik Araba izateko erreferendum bat egitearen alde bozkatu zuten, baina Gaztela Leongo Gobernuak ez zuen eskaria aintzat hartu. Egun, konderria Euskal Autonomia Erkidegora batzeko aukera ematen du 1979ko estatutuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.