Trebiñu, berriz agenda politikoan

Trebiñuko auzia aztertzeko lan taldea martxan jarri du Eusko Legebiltzarrak, beste behin ere. Duela lau urte sortu zen aurrenekoz, eta aurrerapausorik ez du eman orain arte.

Edurne Begiristain.
Gasteiz
2010eko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Ez aurrera, ez atzera. Horrela dago Trebiñuko (Araba) afera aspalditik. Blokeatuta. Irtenbiderik gabe. Alderdi politikoen agendetan egun batetik bestera agertu eta desagertzen den gaia da. Arabako bihotzean dago Trebiñuko Konderria, baina Burgosko (Espainia) administrazioaren menpe dago XVII. mendetik. Trebiñu Araban txertatzeko saio ugari egin diren arren, ezerezean geratu da trebiñarren borondatea. Agintari politikoek ere maiz izan dute afera eskuartean, bainakonponbidea lortzeko gai ez dira izan oraindik.

Legealdi honetan, gaiari berriro heltzeko erabakia hartu du Eusko Legebiltzarrak, eta Trebiñuko egoera aztertzeko lan talde berezia martxan jarri du. Iragan azaroan adostu zuten talde guztiek lan taldea abian jartzea, aho batez. Erakundeek trebiñarren interesen alde egiten duten lanari eta Trebiñu Araban sartzeko martxan jartzen diren ekimenei jarraipena egiteko asmoz eratu dute batzordea. Hala ere, enegarren aldia da talde parlamentarioak aferari irtenbidea bilatzensaiatzen direla. Trebiñuko enklabearen egoera aztertzeko lan taldeak ibilbide luze eta gorabeheratsua izan du ganberan: 2006an erabaki zuten martxan jartzea, Trebiñu Batu taldearen ekimenez eta talde guztien aho batezko adostasunarekin, baina gutxi iraun zuen. 2008an berriro hasi zituzten bilerak, baina Trebiñu Araban sartzearen aldeko elkarteek uko egin zioten lan taldean parte hartzeari, alderdiei ez zietelako sumatzen auzia konpontzeko benetako borondaterik.

Hori horrela, joan den legealdian egindako lanari bestelako norabidea eman nahi diote sortu berri den batzordearekin, Joana Madrigal PSE-EEko legebiltzarkide eta batzordeburuak BERRIAri azaldu dionez. Orain arte auzia «hauteskunde interesen» menpe egon dela uste du, eta aurrerantzean «zorroztasun» handiagoarekin landuko dutela dio. Madrigalen esanetan, alderdi abertzaleek urtetan bere egin nahi izan dute Trebiñuko aldarrikapena, baina hemendik aurrera Legebiltzarrak «zentzuz» jorratuko du afera, eta indarrean dagoen legedia errespetatuko du. Edozein modutan, «errealista» izan beharra dagoela dio, eta «oso zail, ia ezinezko» ikusten du Legebiltzarrak aferari soluzioa aurkitzea.

Trebiñuko herritarrek hamaika aldiz adierazi dute enklabea Araban sartzearen aldekoak direla: 1940an, 1958an, 1980an eta 1988an egindako galdeketak horren lekuko dira. Aitzitik, herritarren borondatea «ezabatuta» dagoela kritikatu du Celia Villanueva Trebiñuko Udaleko talde independenteko zinegotziak. Haren aburuz, alderdiei komeni zaie «noiz edo noiz» gaia mahai gainean jartzera, baina ez dute «benetako borondate politikorik» ezer konpontzeko. «Badakite trebiñarrok Araban egon nahi dugula, baina ez digute sekula kasurik egiten». Hori horrela, argi dauka Legebiltzarreko lan taldeak ez duela «ezertarako balio» izango.

Motel eta atzerapenekin

Batzordea iazko azaroan sortu bazuten ere, otsailaz geroztik ateak itxita lan egiten ari dira legebiltzar taldeak, eta behin baino ez dira bildu orain arte.Motel hasi dira lanean, gainera. Asteazkenean egindako lehen bileran lan egutegia eta agerraldien zerrenda zehaztu behar zituzten, baina horiek aurkezteko epea hilaren 26ra arte atzeratzea erabaki zuen batzordeburuak, azken unera arte ez zutelako erabaki nor izango zen lan taldean egon behar zuen PSE-EEko ordezkaria. EAJk, EAk eta Aralarrek eginak dituzte agerraldien eskaerak. Besteak beste, Trebiñu eta Argantzungo alkateak, Trebiñu Batuko ordezkariak eta Arabako Diputazioko, Eusko Jaurlaritzako eta Burgosko Administrazioko ordezkarienak galdegin dituzte.

Trebiñuko afera inoiz baino korapilatuago dago, eta egoera horretan hartu du gaia Legebiltzarrak, gainera. Izan ere, joan den apirilaren 26an, Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabetu egin zituen Jaurlaritzaren eta Trebiñuko udalen arteko hitzarmenak. 2002az geroztik zeuden martxan Osasuna, Hezkuntza eta Kultura eta Sustapen Ekonomiko eta Nekazaritza Garapenaren gaineko hitzarmenak, baina Gaztela eta Leongo Gobernuak horien aurkako helegitea jarri zuen, eta Gorenak baliogabetu egin ditu orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.