Trebiñu Araban sartzeko eskaera egin dute berriz bizilagunek

'Trebiñu Araba da' mugimendua aurkeztu dute herritarrek, antolaketa administratibo «zentzugabeari» aurre egiteko

Herri mugimenduaren aurkezpena egin dute gaur. FOKU.
aitor biain
2022ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
«Arabarrak gara; arabar sentitzen gara, bagarelako, Arabaren bihotzean bizi garelako». Trebiñuko herritarrek enklabea Araban sartzeko eskaera egin dute, beste behin. Orain duten administrazio antolaketa «zentzugabea» eta «irrazionala» dela iritzi diote, eta egoerari aurre egiteko Trebiñu Araba da mugimendua berrabiarazi dute. Dozenaka norbanako eta eragilek egin dute bat aldarrikapenarekin, eta ohartarazi dute lan egingo dutela harik eta «eskubide osoz» arabartzat aitortzen dituzten arte. «Ez gara geldituko egoera juridiko-administratibo hau amaitu arte».

Atzo goizean egin zuten herri mugimenduaren aurkezpena, Trebiñuko herriko plazan. Elkarretaratzean irakurritako manifestuan, bizilagunek salatu dute egungo egoera «anakronikoa, antidemokratikoa eta antinaturala» dela. Eta argi utzi dute agortuta dagoela «historian zehar pilatutako arazoei» aurre egiteko erabili izan den «hitzarmenen bidea». «Hitzarmen horiek ez dituzte gure premia guztiak betetzen, eta, horrenbestez, ezin dira behin eta berriz luzatu», ohartarazi dute.

Hain zuzen, pandemiaren kudeaketa jarri dute horren adibidetzat. Herritarren hitzetan, birusaren hedapenari aurre egiteko erabakiek agerian utzi dute oraingo administrazio antolaketa «oztopo bat» dela zenbait neurri eta arau ezartzeko. «Estatuak berak egiaztatu du errealitatea», adierazi dute. Izan ere, salatu dute araubide orokorraren «salbuespena» egin eta «adabakiak» jarri arren, «zuloak» azaldu direla antolaketan.

«Alde batetik, Gaztela eta Leonek beretzat hartzen zuen merkataritza eta ostalaritza arautzeko eskumena. Segurtasun publikoko eskumenak, ordea, Euskal Autonomia Erkidegoari egokitu zaizkio. Eta, azkenean, eskumenen nahaste horren ondorioz, hemengo biztanleok ez genekien zeini erreparatu, esaterako, merkataritzaren ordutegiei dagokienez», gaitzetsi dute.

Hauteskundeen esanahia

Gaztela eta Leongo (Espainia) hauteskundeetan izandako abstentzioa ere izan dute hizpide bizilagunek. Trebiñun %64,1ekoa izan da, eta, Argantzonen, berriz, %59,59koa. Azpimarratu dute datuak esanguratsuak direla, eta esanahi bat dagoela horien atzean; izan ere, uste dute haien «interesekin» loturarik ez duten hauteskundeak izan direla, eta aukera politikoak ez datozela bat enklabearen soziologiarekin. «Ezin ditugu hautatu, prekarioan bada ere, gure interesen zati handi bat kudeatzeko ardura duten ordezkari politikoak».

«Ez dugu ezer Burgosen eta Gaztela eta Leonen aurka», azpimarratu dute bizilagunek, baina salatu dute zerbitzu gabezia pairatzen dutela egunero arlo guztietan. Erakundeei eta alderdi politikoei galdegin diete «behingoz» hitzetatik ekintzetara pasatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.