«Trauma egoeran, amaren begiradak bakarrik arindu ditzake haurraren emozioak»

Bihar dira banatzekoak Sara Majarenas eta haren alaba, eta horrek haurrari ekar diezaiokeen kaltea nabarmendu dute adituek. Presoa askatzeko eskatu dute

Barrutia-Arregi, Zurutuza, Reizabal eta Fernandez, atzo, Sara Majarenasen eta haren alabaren egoeraz Donostiako udaletxean egindako agerraldian. J. C. RUIZ / ARP.
Hodei Iruretagoiena
Donostia
2017ko martxoaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bihar da eguna. Sara Majarenas euskal presoaren alabak 3 urte beteko ditu, eta amarengandik bereiztekoak dira. Picassenteko (Herrialde Katalanak) kartzelan geratuko litzateke ama, etxetik 595 kilometrora; kanpoan, urtarrilaren 15ean aitaren eraso matxista jasan zuen umea —labanaz eraso zion; larri egon da erietxean, joan den astera arte—. Bien artean, distantzia, hormak; hain justu, trauma osteko estres egoeran, haurrak amaren babesa, kontaktu fisikoa, haren begirada gehien behar dituenean. Iñaki Barrutia-Arregi haur psikologoak eta Luixa Reizabal EHUko Garapen Psikologikoko irakasleak azaldu dute, Donostiako udaletxean egindako agerraldian: «Ezinbestekoa da Izar [Majarenasen alaba] Sararekin bizitzea».

Reizabalek adierazi duenez, Majarenas da haurraren «atxikimendu irudi nagusia, lotura afektibo seguruak bermatzen dizkiona, haurraren oinarrizko premia biologiko, afektibo eta kognitiboak asetzen dituena». Izan ere, jaio zenetik, harekin bizi izan da kartzelan, gau eta egun. Halako erasoen ondoren, haurrak babesgabe, konfiantzarik gabe, segurtasunik gabe sentitu ohi direla kontatu dute bi psikologoek, eta amak bakarrik eman diezaiokeela galdutako babes, konfiantza eta segurtasun sentimendu hori.

Orain, trauma osteko estres egoeran dago 3 urteko haurra: antsietatearekin, erasokor, loa nahasita, apatiko... «Egoera horretan, amaren begiradak bakarrik arindu ditzake haurraren emozioak, pixkanaka trauma hori gainditu dezan», nabarmendu du Barrutia-Arregik: «Orain, traumak sortutako ondorioak kanporatu behar ditu, norbaitengan hustu behar ditu sentimendu horiek, eta hori amarekin bakarrik egingo du. Bera da funtsezko irudia haurrak bizitzako lehen pausoak eman ditzan, bere izaera modu autonomoan eraiki dezan, geroko ongizatea bermatzeko».

Amarengandik banatzeak ondorio kaltegarriak ekar diezazkioke Majarenasen alabari, Reizabalen hitzetan: ondoeza, harreman sozialetarako arazoak, amesgaiztoak, etengabeko kezka...Gainera, aitarengandik jasandako «eraso fisiko latza» dago; adituen esanetan, «neurriak hartu ezean», ondorio larriagoak eragingo lizkioke amaren faltak: helduenganako mesfidantza, beldurra, erru sentimendua, oldarkortasuna...

«Orain da momentu gakoa»

«Bihar [gaur] ekartzea nahi dugu», nabarmendu du Izarrekin Sara Etxera plataformako Amaia Zurutuzak: «Bizi osorako trauma izan daiteke, edo ez. Orain da momentu gakoa». Bihar da eguna. Majarenas baldintzapean aske uztea eskatzeko, manifestazioa egingo dute 19:00etan, Donostiako Bulebarretik. Barrutia-Arregi: «Justizia krudel eta mendekati bat bakarrik izan daiteke haurra amarengandik banatzeko gai».

Astelehenean sarean jarritako bideo batean, haurraren amona Kontxi Ibarretak eman zuenbizitzen ari diren egoeraren testigantza. «26 egunez eduki dute ama soilik tarte txikietan ikusten. Astakeria hutsa izan da», kontatu du: «[Ospitalean] Amak esaten zion: 'Zu lasai, ni hemen egongo naiz eta. Aitak min egin dizu, baina lasai, aita ja ez dago. Nik ez dut onartuko min egin diezazuten'. Eta orduan ama badoa, eraman egiten dutelako. Eta haurrak berriz ere amorrua. Nork erreparatuko dio hori dena? Orain, nork azalduko dio haurrari ama han [kartzelan] geratu behar dela?».

Egoerari aurre egitera deitu du Ibarretak: «Honek ez du zer ikusirik politikarekin. Indarkeria matxista da, eta haur bat ari da ordaintzen. Ez dago eskubiderik. Ni matxinatu egin behar naiz horren aurka. Ezin dut onartu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.