Eusko Jaurlaritzak gizarte eta osasun zerbitzuak hobetzeko giltzarri izango den tresna berri bat aurkeztu du: EAEko adineko pertsonenganako tratu txar fisiko eta ekonomikoak prebenitu eta hautemateko prozedura. Gizarte Politiketako sailburu Angel Toñak atzo hartu zuen hitza, Donostian, protokolo horren berri emateko. Adinekoen gaineko tratu txarrena orain arte «suma zitekeen» errealitate izan dela azaldu zuen, baina tresna horrekin zehatz ikusi nahi dela nor diren biktimak, eta zer egin daitekeen horien bizi baldintzak hobetzeko. Prozedura zehaztu eta baliotzeko egindako ikerketaren arabera, aztertu zituzten 596 adinekoen artean, %4,5 zeuden tratu txarrak jasateko arriskuan, eta horietako %1,7an larrialdizko erantzun bat beharrezkoa zen, kalte handiagoak saiheste aldera. Prozedura berria egiteko lanen koordinatzaile Mariaje Goikoetxeak argi utzizuen, hala ere, kasu horietako askoren atzean ez dagoela berariaz kalte egiten ari den inor. «Ez du esan nahi kasuen %1,85en atzean delituren bat dagoenik».
Protokoloaren edukia ahalik eta ondoen zehazteko, hiru herritan bildu zituzten datuak: Zuian (Araba), Hondarribian (Gipuzkoa) eta Bilbon. Oso tankera ezberdinetako hiri eta herriak dira, eta egokiak izan dira prozedura ahalik eta errealitate ezberdinetara egokitzeko. Orain, protokoloa ezarriz joatea da asmoa; urte osoan urratsak egingo dira koordinazio lanak bideratzeko, eta datorren urtean sei eskualderi baliabideak eman nahi zaizkie protokoloa ezartzen hasteko. Oraindik ez dute zehaztu zein eskualde izango diren. Oro har, 65 urtetik gorakoei erreparatzeko gakoak ematen ditu prozedurak, eta, bereziki 80 urtetik gorako andreei, haien egoera bereziki kaltebera dela uste baitute adituek.
Tratu txarren arriskuan dira adinduen %4,5
Eusko Jaurlaritzak prozedura bat plazaratu du pertsona zaharren babesgabetasun kasuak hautemateko eta bideratzeko.Egoera horietako askoren atzean ez dago berariaz kalte egiten ari den inor
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu