Tratamendua jaso eta fiskaltzarekin akordioa egin du Miren Larrionek

EH Bilduko Gasteizko eledun ohiak adierazi du Osakidetzan arta jaso izanari esker akordioa lortu duela. Egindako «akatsa» aitortu du

Miren Larrion, 2019ko argazki batean. ENDIKA PORTILLO/ FOKU.
Edu Lartzanguren - Edurne Begiristain
2022ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
«Bada urtebete pasatxo akats bat egin eta aitortu nuenetik. Une hartan, ez nintzen jabetzen kide baten izenean bankuan kontu bat irekitzea, akats bat ez ezik, laguntza eskatzeko oihu bat ere bazela»: horrela hasten da Miren Larrionek Facebooken duen kontuan atzo idatzi zuen mezua. Azaldu du behar zuen arreta jaso duela, eta Osakidetzako profesionalek diagnostikoa egin eta tratamendua eman diotela, eta, jakinarazi duenez, horri esker akordioa lortu du fiskaltzarekin. Nortasuna ordezteagatik auzibidea zabaldu zioten Larrioni duela urtebete, baina, hark kontatu duenez, itxi egin dute auzia, fiskaltzarekin akordioa erdietsita. Diagnostikoa erabakigarria izan da horretarako. Adierazi duenez, tratamenduan dago, eta laster komunitatearentzako lanak egingo ditu.

EH Bilduko Gasteizko Udaleko eleduna zen Larrion, baina 2021eko otsailaren 21ean dimisioa aurkeztu zuen, alderdikide baten izenean banku kontu bat ireki zuela zabaldu zutenean. Alderdiak dimisioa onartu zion, «bere eremu pertsonalari» lotutako gertakariek «kode etikoa urratzen» zutela argudiatuta.

Garai hartan buruko osasun arazoak zituela onartu du Larrionek sare sozialetan argitaratutako idazkian. «Gaizki nengoela banekien, ez dut ukatuko, baina ez nintzen jabetzen zenbateraino nengoen horrela». Lo egiteko arazoak zituela aipatu du: «Ni behintzat hautsi egin nintzen. Nigandik urruntzen joan nintzen». Adierazi du buruko arazoetatik itzultzeko bidaia ez dela amaitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.