Euskaraz kantatzen duten musikari ia denek erantzun behar izan diote uneren batean galdera honi: «Zergatik kantatzen duzu euskaraz?». Ohikoa baita hizkuntza hautu hori egiten denean horren inguruko azalpenak eskatzea sortzaileari. Atzo halakorik ez zuten erantzun beharrik izan Alex Sardui, Rafa Rueda eta Maria Rivero musikariek, baina hizkuntza hautuaren inguruko gogoetak izan zituzten hizpide Euskaraldiak antolatutako mahai inguruan: Musikariak euskaraz kantatzearen erabakiaz mintzo.
Hasteko eta behin, euskaraz kantatzearen zergatia eskatzeari buruzko hausnarketa egin zuen Ruedak: «Berlinen ziurrenik ez ligukete galdetuko zergatik kantatzen dugun euskaraz. Herri moduan oso barneratuta daukagu konplexu hori, hainbat urtez baztertuak izan baikara, eta, horren eraginez, normaltzat hartzen ditugu galdera batzuk». Horregatik, zehaztu zuen arazoa galdera egiten duenak daukala, eta ez hautu hori egiten duen sortzaileak. Riverok, hariari eutsiz, aipatu zuen euskaraz kantatzen duten musikariak ertzetik aritzen direla, eta ez dutela kantatzen beste hizkuntza batzuek eskaintzen duten erdigune hegemonikotik: «Erdigunean dagoenari ez diote galdetuko zergatik kantatzen duen modu batera, baina guri bai, aukera baitaukagu hizkuntza hegemoniko batean aritzeko». Galdera bakar batekin gauza asko galdetzen baitira.
Euskaraz kantatzeagatik kontuak eskatu ala ez, musikariek hizkuntza hautua egin egiten dute. Aukeraketa horrek, ordea, ikuspegi ezberdina izan zezakeen iraganean eta gaur egun. Ruedak hala esan zuen: «Sasoi batean euskaraz kantatzeak bazuen talde baten babesa; ikuspegi hori ez dut ikusten gaur egun, orain sakabanatuta gaudela uste dut». Ildo horretan sakondu zuen Riverok: «Nik hizkuntza hautua egin nuenean, herriari begira egin nuen, eta egun ez dut ikusten horrela egiten denik; hizkuntza hautua egiten da norberak bere buruari galdetuz zer kantatu nahi duen». Eta, horrela, askok hiru hizkuntzatan dauzkate diskoak.
Baina zer funtziorekin egiten da hautu hori? Ikuspegi funtzional batetik, musikari batek profesionalizatzeko bidea hartu nahi duenean bi abiadura izan ditzakeela uste du Ruedak. Batetik legoke luze gaberako egiten den hautua: Euskal Herritik kanpoko merkatura salto egin nahi bada, gazteleraz kantatu eta Espainian entzun daitezke doinu horiek. Eta horrek luze gabe etekinak sor ditzake. Bestetik legoke luzera begirakoa, eta kasu hori euskarari estu lotuta legoke, etekinak iritsiko badira, geroago iritsi baitaitezke. Euskaraz aritzen diren taldeek beste merkatuetarako sarbide mugatuagoa baitaukate. «Zergatik behar dute bat-batekotasun hori? Ekonomikoki ez delako jasangarria apustuak luzera begira egitea». Hau da, euskaraz aritzea. Beraz, profesionalizatu nahi duen musikari batek luze gabe etekinak nahiko balitu, beste hizkuntza batera joko luke. Eta kasurik onenean euskaraz egingo luke bere kantutegiaren zati bat.
Presentzia bermatu
Euskarazko musikak behar duen ikusgarritasunean bat egin zuten hiru musikariek. Riverok hala aipatu zuen: «Euskara kanpoan entzungo bada, indarra behar dugu; eta hemen euskarazko ekoizpena ez bada erdigunean jartzen, kanpora ateratzea zailagoa izango da. Horretarako, politikak behar dira». Mahai gainean jarri zuten euskarazko kantuen presentzia bermatzeko kuotak ezartzearen ideia, eta hedabideetan zein supermerkatu handietako hari musikalean euskarazko doinuak egotearen garrantziaz hala zioen Sarduik: «Errepikapenaren errepikapenez, jendeak euskarazko kantuak ezagutu ditzake, eta talde asko ezagutarazteko aukera eman dezake horrek». Berekin dakartzan ondorioekin: belaunaldi berrientzako euskaraz arituko diren erreferentzialtasunak sortzea.
Eta erreferentzialtasunik ezean, gerta daiteke belaunaldi berriek pentsatzea ezinezkoa dela trapa euskaraz egitea. Ruedak ikusi du hori ikastetxe askotan: «1980ko hamarkada inguruan esaten zenean ezin zela heavya euskaraz egin, bada, orduko antzeko fenomeno bat ikusten dut gaurko gazteen artean. Ez dute onartzen trapa euskaraz egin daitekeenik, nahiz eta egon badagoen». Egoera horri aurre egiteko euskaraz egiten den ekoizpena zabaltzeko kultura politikak egin behar direla azaldu zuen. Eta hor kuoten gaiak bere garrantzia izan dezakeela zioen.
«Inork planteatzen du euskarak ez duela laguntzarik behar? Argi dago hizkuntza gutxitu bat garela, eta normalizaziora iristeko babesa behar dugula», Ruedaren arabera. Izan ere, euskaraz kantatzeak errentagarritasun ekonomikorik izango ez badu, nekezagoa izan daiteke halako hautuak egitea. Sarduik aipatu zituen musikariek ordaindu behar dituzten zerga eta kuota guztiak. «Ez dago laguntzarik, kultura ez delako aintzat hartzen. Musika klasikoan badauzkate euren soldatak, baina guk gure enpresak sortu behar ditugu, zergak ordaindu, %21eko BEZa ordaindu... Ez daukagu babesik». Eta errentagarritasunik gabe, eta hedapenik gabe, jarraitutasuna are zailagoa izan daiteke.
EUSKARALDIAn BERRIA bizi
Trapa ere euskaraz egin dadin
Musikan euskararen aldeko hautua egingo bada, gaur egun egiten diren ekoizpenek ikusgarritasuna behar dutela esan dute Alex Sarduik, Rafa Ruedak eta Maria Riverok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu