Trantsizioaren korapiloak

Energia berriztagarriei ertz askotatik heldu diete EHUko Ekopol taldeak antolatutako mahai inguruan. Trantsizio energetikoari buruzko desadostasunak azaleratu dira.

EHUko Letren Fakultatean egin zuten EHUk antolatutako mahai ingurua, ostegunean. RAUL BOGAJO/ FOKU.
edurne begiristain
Gasteiz
2023ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Ez dago formula magikorik gizarteak aurrean duen krisi ekologiko eta sozialari irtenbidea emateko, eta asko dira askatu beharreko korapiloak. Dena ez da zuri edo beltz: badira grisak. Bide egokiena aukeratzea da gakoa —halakorik baldin badago—, baina hori ere ez da samurra. Energia berriztagarrien eta trantsizio energetikoaren inguruan askotariko ikuspegiak baitaude Euskal Herrian: elkarrezinak batzuk, bateragarriak besteak. Horietako batzuk entzun ziren ostegun iluntzean Gasteizen, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Ekopol ikerketa taldeak antolatutako Energia berriztagarriak Euskal Herrian. Gatazka edo aterabidea? mahai inguruan.

Bost solaskide aritu ziren hizketan: Rebeka Gonzalez de Alaiza, Araba Bizirik taldeko kidea; Pablo Lorente, Sustrai Erakuntza fundazioko ordezkaria; Mikel Otero, EH Bilduko legebiltzarkidea; Aritz Otxandiano, Fagor Taldeko Iraunkortasun arduraduna; eta Aitziber Sarobe, Mondragon Unibertsitateko irakaslea. Egoeraren diagnostikoan bat egin zuten guztiek: Euskal Herriak menpekotasun energetiko handia dauka, erregai fosilak albo batera utzi behar dira, eta premiazkoa da energiaren kontsumoa murriztea. Klima larrialdiari aurre egiteko moduan, ordea, ez ziren bat etorri.

Trantsizioa nola egin

Leire Urkidi Ekopoleko kideak kokatu zuen gaia: Ukrainako gerrak agerian utzi ditu sistemaren ahulezia eta erregai fosilekiko menpekotasuna, eta eztabaidaren erdi-erdian jarri du trantsizio energetikoaren beharra. Eta trantsizio hori nola egin zehaztu behar da orain. Hona hemen adituei bota zien galdera: «Zer neurri beharko lituzke Euskal Herriko trantsizio energetikoak?».

Trantsizio energetikoa termino bera zalantzan jarri zuen Araba Bizirik taldeko kideak, elite ekonomiko eta politikoek «negozioa» eta «garapen basatia» egiteko erabiltzen dutela iritzia. Gonzalez de Alaizaren ustez, trantsizioaren izenean, enpresa handiak aberastu egiten dira, eta herritarrei erabakietan parte hartzeko aukera ukatzen diete. «Proiektu horiek eremu komunalak eta laborantza lurrak bereganatzen dituzte, eta gure lurraldea egituratzen duten ekosistemak desagerrarazten».

Sustrai Erakuntza fundazioko kideak, berriz, egoeraren diagnostikoa egin zuen ezer baino lehen: «Baliabide mugatuak ditu planetak, eta jada berandu goaz egungo energia kontsumoari eutsi nahi badiogu». Baina trantsizioaren izenean sistema kapitalistak erabiltzen dituen «gezurrez» ohartarazi zuen segidan: «Sistema kapitalista ez da sekula ekologista izango». Lorentek gogoratu zuen Nafarroan azken urteotan martxan jarritako azpiegitura berriztagarriek «kolapsora» eraman dutela herrialdea, eta berriztagarriak ezartzeak ez duela murriztu energia kontsumoa. «Gizarte ereduan dago gatazka, ez berriztagarrietan».

Otxandianok nabarmendu zuen helburu jakin batzuk izango dituen «ibilbide orri bat» behar dela egungo energia eredua «doitzeko». Industriari dagokionez, azaldu zuen ezinbestekoa duela trantsizio energetikoa egitea, energia kontsumitzaile handia denez gero. «Eraldaketa propioa egin behar dugu, berriztagarrietan oinarritutako beste eredu batera igarotzeko».

Oterok ideia beretik tiraka azaldu zuen EH Bilduren estrategia energetikoa, eta hor kokatu zuen trantsizioa egin beharra: «Ditugun baldintzetatik abiatuta eta ortzi muga batekin: eredu energetiko demokratikoagoa eta ekologikoagoa adostea». Oterok argi utzi zuen ezinezkoa dela trantsizioa egitea soilik energia kontsumoa murriztuta, eta berriztagarriak hedatzearen alde egin zuen, eskala guztietan.

Sarobek erantzun zion ezinbestekoa dela ekuazio horretan biodibertsitatearen aldagaia sartzea. Haren ustez, klima aldaketaren politikek eta biodibertsitatearen aldekoek elkarrekin lerratu behar dute, eta natur ondarearen babesa lehenetsi. «Trantsizio energetikoa ezin da egin biodibertsitatearen galeraren bizkar», ohartarazi zuen. Energia berriztagarriak ezartzea biodibertsitatea babestuta, hortxe dago «koxka» eta «kezka», unibertsitate irakaslearen iritziz.

Balantzan jartzea

Energia berriztagarriak bultzatzea eta bioaniztasuna zaintzea bateragarria dela esan zuen Otxandianok. «Badago biak uztartzeko aukera. Horren alde lan egin beharko dugu, ez dago beste aukerarik». Energia eolikoak edota fotovoltaikoak sortzen duten inpaktu negatiboa beste politika batzuekin konpensatzeko modua badela azpimarratu zuen. Are, erantsi zuen aukera baino gehiago «halabeharra» dela, erregai fosilak albo batera uztea premiazkoa delako.

Oterok onartu zuen energia berriztagarriek kalte egiten dutela ingurumenean, baina trantsizioa egiterakoan hori «balantzan» jartzea funtsezkoa dela erantsi zuen, energia fosiletan oinarritutako sistemaren kalte ekologikoak baino apalagoak izango direlako berriztagarriek eragindakoak. Oteroren ustetan, berriztagarriak hedatzeak ingurumen kalteak eragingo dituela esatera mugatzea ez da soluziobidea, «geldiunea» eragin dezakeelako.

Saroberen iritziz, ostera, ez da egokia energia berriztagarrien aldeko azpiegiturak egitea eta aldi berean energia kontsumoa murriztea planteatzea. «Ezin dira batera joan: lehenbizi kontsumoa ahalik eta gehien murriztu behar dugu, eta orduan ikusiko dugu zein azpiegitura diren beharrezkoak». Bestalde, Gonzalez de Alaizaknabarmendu zuen «desazkundea»dela aterabide bakarra. Araba Bizirik-ekoak energia ekoizpena eta kontsumoa murriztea hobetsi zuen, eta zentral eolikoak «antropizatuta» dauden tokietan jartzea proposatu.

IPCC munduko adituen taldeak klima aldaketaz egindako azterketak ere gogoan hartu zituzten Oterok eta Otxandianok, eta ohartarazi premiazkoa dela egungo egoeratik abiatuta trantsizio energetikoari heltzea. Otxandiano: «Bide errealista eta gauzagarri bat behar dugu». Otero: «Denbora kontra dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.