Trantsizio feministarako palankak

Bostehun emakumek kapitalismoaren bukaeraz hausnartu dute gaur Laudion, Emakume Abertzaleon X. Topaketa Feministetan. Goizeko solasaldian, sistema sozioekonomikoa «hankaz gora» jartzeko hainbat proposamen egin dituzte.

Emakume Abertzaleon X. Topaketa Feministak gaur, Laudion. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Emakume Abertzaleon X. Topaketa Feministak gaur, Laudion. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
Laudio
2024ko azaroaren 16a
19:35
Entzun

«Sarri esan ohi da gaur egun errazagoa dela munduaren amaieran pentsatzea, kapitalismoaren bukaeran pentsatzea baino». Hala gogoratu du gaur Elene Lopetegi Bilgune Feministako kideak Laudioko kiroldegian bildu diren bostehun emakumeen aurrean (Araba). Egoera horrekin konforme ez, eta horri buelta emateko Emakume Abertzaleon X. Topaketa Feministak antolatu dituzte, Trantsizio feminista dimentsio guztietan lelopean. Etorkizun desiragarriak irudikatzea izan dute helburu, eta, horretarako, mahai inguru batekin hasi dute eguna. Sistema sozioekonomikoa «hankaz gora» jartzeko proposamenak eta Euskal Herri feminista bat lortzeko «palankak» jarri dituzte mahai gainean.

Lopetegik gidatu du solasaldia, eta lau emakumek hartu dute parte: Mirene Begiristain ekofeministak; Txefi Roco militante feminista, antirrazista eta sindikalistak; Jule Goikoetxea idazle eta militante feministak; eta Amaia Perez Orozco ekonomialari eta militante feministak. Lauren artean egungo testuinguru konplexuaren analisia egin dute. Bakoitzak bere gogoeta egin ostean, etorkizuneko aldaketarako tresnen inguruan mintzatu dira.

Trantsizio hitza izan dute hizpide hizlariek. Izan ere, ideia hori kritikatu du Rocok: «Botere lekuetatik trantsizioa saldu digute, baina, funtsean, kontrol eta menderatze harremanak sakonki berrantolatu dituzte eta esplotazio dinamika zaharrak eta berriak uztartu, emaitza bera izateko: indarkeria handiagoa eta desberdintasun sozial gehiago». Are, Perezek uste du trantsizioaren ideia «lapurtu» dutela, eta «trantsizio berde digitalak» bereganatu duela. Hortaz, beste kontzeptu batzuk proposatu ditu egungo egoera definitzeko: «krisi anizkoitza» eta «kolapso ekosoziala».

«Sistemak gero eta gutxiago liluratzen gaitu, gero eta argiago ikusten dugulako agindu diguna faltsua dela»

AMAIA PEREZ OROZCOEkonomialaria eta militante feminista

Perezen arabera, kapitalismoak inoiz baino zailagoa du negozioa egiteko bide berriak aurkitzea. Beraz, «bizitzaren kontrako erasoak» gero eta handiagoak izango dira, kapitalismoak hori behar baitu bizirik mantentzeko. Sistema ekonomikoak —«besteak beste, kapitalista, heteropatriarkala eta koloniala denak»— bi mekanismo behar ditu egoerari eusteko. Alde batetik, sedukzioa: «Sistemak gero eta gutxiago liluratzen gaitu, gero eta argiago ikusten dugulako agindu diguna faltsua dela». Hori dela eta, beharrezkoa du gero eta indarkeria handiagoz jokatzea. Horren adibide dira protesten kriminalizazioak eta Europan ezarritako harresiak. Egoera horren aurrean, ekonomialariak ezinbestekotzat jo du begirada feminista intersekzionala, indarkeria mota guztiak lotzen dituen haria ulertzeko.

«Ekozidio zabala»

Merkantilizazioa ere bada egungo testuinguruaren ezaugarri bat, Rocoren iritziz: «Egun, ia guztia eros edo saldu daiteke; preziorik ez duenak ez du ezer balio». Begiristainek, berriz, aipatu du «ekozidio zabal bat» gertatzen ari dela, eta eskubideen urraketa hori «nahita» egiten ari direla.

«Euskal Herria kolonia digital bat da», esan du Goikoetxeak, «aldi berean, neokolonialismo digital estraktibistaren parte dena». Azaldu du gorputzetatik informazio pila bat ateratzen dutela, eta horrek sortzen duela kapital balioa gaur egun. Horretarako, «energia eta ur pila bat» behar duten datu zentroak sortzen ari dira. Argi utzi du: «Hodeia ez da existitzen». Baina, zergatik da Euskal Herria kolonia digital bat? «Silicon Valley-ekiko dependentzia osoa duelako; klik batekin, ezer gabe utz gaitzakete».

Topaketa feministak
Begiristain, Roco, Lopetegi, Perez eta Goikoetxea Laudion, Bilgune Feministak antolatutako topaketa feministetan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Nahiz eta testuinguruaren lehenengo argazkia «negatibo» egin, alde positiboak ere atera nahi izan dizkiote egoerari. «Pertsona askoren bizitzari eusten dioten gorputz kolektiboak daude; praktika kolektibo txiki horiek espazio eta denbora propioak sortzen dituzte, eta etorkizunerako agertoki posible batzuk irudikatzen dituzte», nabarmendu du Rocok.

Bide beretik, Goikoetxeak onartu du, «kolapso batean» bizi arren, «gauza ederrak» gertatzen ari direla. Haren ustez, ugaritzen ari da indarkeria zuzena, indarkeria sinbolikoa arrakalatzen ari delako. Hortaz, orain arte indarkeria zuzena egin behar ez duten tokietan, hala jokatzen hasi dira, sinbolikoak jada funtzionatzeari utzi diolako.

«Zaintza sistema agroekologikoa imajinatzen dut nik: bizigarria, bideragarria eta ikusgarria»

MIRENE BEGIRISTAINEkofeminista

Horiek hala, trantsizio feministan «palanka» izan daitezkeen proposamenak egin dituzte lau hizlariek. «Begirada ekozentrikoago bat landu behar dugu», esan du Begiristainek. Tokian tokiko proiektuan alde egin du, eta Amillubi adibidetzat jarri: «Herritik herriarentzat lantzen dugun proiektua da, ekoizpen duina eta kontsumo herrikoiaren ikuspegia lotuz, hainbat eragilerekin elkarlanean». Hiru ezaugarri izan behar dituen zaintza sistema agroekologikoa aldarrikatu du: «Bizigarria, bideragarria eta ikusgarria izan behar da».

Espazioa ezin da «anekdotikoa» izan

Rocok, berriz, argi utzi du Euskal Herri feminista ez dela «benetakoa eta koherentea» izango pertsona migratu eta arrazializatuak kontuan hartu gabe. Are, esan du migratzaileek okupatzen duten espazioa ezin dela «anekdotikoa» izan; ikusgaitasun handiagoa duten espazioak okupatu behar dituzte. Rocorentzat, Euskal Herria hankaz gora jarriko duen justizia proiektu komun bat gauzatzea da utopia feminista.

Topaketa feministak
Emakume Abertzaleon X. Topaketa Feministak gaur, Laudion. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Hankaz gora ere jarri nahi du Perezek sistema sozioekonomikoa. Horretarako, publikoaren eta komunitarioaren aldeko apustua egin du, baita irabazteko asmorik ez duten ekonomien alde. «Horrela, antolamendu sozioekonomiko berri bat lor dezakegu, non, besteak beste, lehen sektoreak indar handia izango duen, baita zaintzak ere».

Etorkizuneko estatu feministan autodefentsa ondo jorratzeko proposamena egin du Goikoetxeak. Fisikoa ez ezik, autodefentsa epistemikoa ere landu nahi du, indarkeria sinbolikoaren kontra egiteko ezinbesteko ezagutza izateko. Horrez gain, kategoria eta marko berrien beharra aldarrikatu du. Hau da: «Indibiduoa jada ez da existitzen; espezie anitzek egiten gaituzte. Gainera, gure aldaketa genetikoen erdia testuingurutik dator. Alegia, testuinguru patriarkaletan biologia patriarkalak edukiko ditugu. Gizonak eta emakumeak egin egiten dira». Hortaz, adierazi du gorputza beste era batera irudikatu behar dela, baita indibiduoa ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.