«Dimentsio guztietan eragin nahi dugu. Gure lanaren dimentsioa hedatu nahi dugu. Egunerokotasunari lotutako esparruetan eta eremuz eremu intzidentzia feminista artikulatzen jarraitu. Eta hori guztia egiteko, askotariko dimentsioetatik eragin nahi dugu». Euskal Herriko Bilgune Feministako kideek mezu argiarekin dei egin dute Emakume Abertzaleen Topaketa Feministetara. Aurtengoa X. edizioa izanen da, eta Laudion elkartuko dira (Araba), azaroaren 16an. Izena emateko aukera zabalik egonen da azaroaren 6a bitarte, esteka honetan.
Bi urtean behin antolatzen dute topaketa, «Euskal Herrian eta munduan dauden erronka konplexuei galderak eta erantzun posibleak bilatzeko». Aurreko edizioetan gai konkretu batzuetan sakontzeko erabili zuten saioa; aurten, ordea, «ariketa kolektibo bat zabaltzeko» saiakera eginen dute: «Egoeraren eta mugimendu feministaren egoeraren irakurketa elkarbanatuko da, eta, ondoren, espekulaziorako espazioa zabalduko dugu». Finean «etorkizun desiragarriak marrazteko» ariketa eginen dute, «errealak diren proposamenetan islatuta». «Irudimena entrenatu nahi dugu, etorkizunean pentsatu, orainaldi bizigarriagoak ere sortzeko, narratiba eta iruditeria berrietan pentsatuz eta galdera berriak eginez», zehaztu dute.
Izan ere, azpimarratu dute Euskal Herri feminista bateranzko bidean «nondik, nora eta nola trantsitatu» nahi duten zehazten jarraituko dutela.
Egitarauari dagokionez, goizean egoeraren analisia eginen dute, eta «etorkizun desiragarrietan pentsatzen hasteko ekintza performatibo batean parte hartzeko aukera» egonen da. Bazkaria eginen dute gero, inguruko ekoizleen eskutik; eta taldeka banatuko dira «ariketa espekulatiboari ekiteko». Ekitaldi politikoak emanen dio amaiera egunari.