Trantsizio Energetikoaren Agentzia eratzeko proposamena aurkeztu du Nafarroako Gobernuak

Parlamentuak lege egitasmoa onartuz gero, sortuko den erakundearen egitekoen artean izango dira Nafarroako Energia Plana ontzea eta energia berriztagarriak, autokontsumoa eta ekoizpen eredu banatu bat sustatzea.

Parke eoliko bat, Artaxoan.
Parke eoliko bat, Artaxoan. JESUS DIGES / EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2025eko urtarrilaren 16a
11:24
Entzun

Nafarroako Trantsizio Energetikoaren Agentzia eratzeko betebeharra ezartzen du Klima Aldaketaren eta Energia Trantsizioaren Nafarroako Legeak, 2022an onartu zenak. Agindu horri erantzunez, agentzia sortzeko foru legearen proposamena aurkeztu zuen atzo Nafarroako Gobernuak. Agentziaren helburua izango da energia trantsizioa sustatzea eta «energia eredu jasangarri bat» bultzatzea. Egitasmoa Nafarroako Parlamentuak eztabaidatuko du.

Nafarroako Gobernuak bere ohiko bilkuran eman zion bide lege proposamenari. Segidan egin zuen agerraldian, Mikel Irujo Industria eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariak azaldu zituen egitasmoari buruzko xehetasun batzuk. Haren hitzetan, agentziak «energia eraginkortasuna lortzeko eta energia kudeatu eta aurrezteko neurriak bultzatuko ditu, baita energia trantsizioari buruzko azterketak eta analisiak egin ere».

Energia sare jasangarri bat lortze aldera, proposamenak jasotzen du agentziak ekoizpen eredu banatu bat sustatuko duela, baita energia berriztagarrien autokontsumoa ere. Irujoren esanetan, «zero kilometroko energia orokortzen» saiatuko dira horretarako, eta «Nafarroako biztanleriaren energia subiranotasuna» bultzatuko dute, «energiaren demokratizazioaren bitartez».

Proposamen hori aurrera ateraz gero, trantsizio energetikoaren norabidea finkatuko luketen egitekoak izango lituzke agentziak. Besteak beste, haren esku egongo litzateke Nafarroako Energia Plana ontzea eta plan horrek jasotzen dituen helburuak betetzeko behar diren neurriak proposatzea. Horrez gain, erakunde horrena izango litzateke Nafarroako Energia Azpiegituren Plana egiteko ardura.

Beste funtzio batzuk ere egokitu dizkio gobernuak lege egitasmoan: izan dadila energia berriztagarrien ekoizpenerako, autokontsumorako, ekoizpen banaturako, energia biltegiratzeko, ibilgailu elektrikoak kargatzeko eta mugikortasun jasangarrirako sistemen sustatzaile eta kudeatzaile.

Inbertsioak

Eginkizun horiek bete ahal izateko, zuzeneko inbertsio ekonomikoak egingo ditu, eta zeharkako laguntzak eskaini mailegu edo berme modura. Onuradunak erakunde pribatuak direnean, irabazi-asmorik gabeko eragileak lehenetsi beharko ditu agentziak, tartean komunitate energetikoak.

Lege proposamenean jasotzen da agentziak merkataritza sozietateak sortzea edo horietan esku hartzea ere, argindarra merkatu lehiatik kanpo eskaintzeko. Energia sektorean estrategikoak edo aitzindariak izan daitezkeen proiektuen garapenean aritzeko eginkizuna ere izango du agentziak, eta bereziki zaindu beharko du sektore publikoaren energia erabilera, Nafarroako administrazioaren kontratazioetan laguntza teknikoa eskainiz, energiaren kontsumoa apaltzeko programak abiaraziz eta energia berriztagarriak aprobetxatzea bultzatuz.

Tokiko erakundeen laguntzaile ere izan beharko du, horietan energia eredu jasangarri bat bultzatzeko. Besteak beste, laguntza teknikoa eskaini beharko die, plangintzak egin ditzaten energia trantsizioaren eta klima larrialdiaren alorretan, eta plan horien jarraipena egin beharko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.