Hego Euskal Herrian, CEUS Europa Solidarioago Baten Aldeko Koalizioan aurkeztu da EAJ Europako Parlamentuko bozetara, eta hartako zerrendaburu da Oihane Agirregoitia (Bilbo, 1980). Jeltzaleen «europarzaletasuna» nabarmendu du, eta helburu gisa jarri du batasunaren balioak defendatzea eta «Euskadiren ahotsa» Estrasburgora eramatea: «EAJk beti defendatu izan ditu Euskadiren interesak eta balioak, eta horiek indartzeko aukera guztiak aprobetxatu behar ditugu Europan».
Zer dago jokoan igandeko bozetan?
Batetik, Europaren esentzia bera. Europako Batasuna bake proiektu bat izateko sortu zen. Eta inkestetan ikusten ari gara hori arriskuan dagoela, muturreko eskumaren gorakadarekin. Bestalde, azkenengo urteetan azaleratu egin dira Europaren hainbat ahultasun. Europak bere lehiakortasuna du jokoan, Txinaren eta AEBen aurrean. Oso garrantzitsua da aurrerapausoak ematea, baina zutabe soziala babestuz. Horrek ezberdintzen gaitu.
Koalizio Kanariarra da zuen aliatu nagusia bozetan. Hauteskunde sistema eta inkestak ikusita, ez duzue faltan Kataluniako eta Galiziako alderdiekin ere aliantza bat egitea?
Koalizioaz gain, atxikimendu orri bat dugu, eta Galiziako eta Kataluniako mugimenduak gehitu dira. Halere, guk uste dugu badugula aukera Europara joateko Madrildik eta Kataluniatik pasatu gabe ere.
Gerrak markatu du kanpaina. EBri erreparatuz, uste duzu hartaz espero zitekeen erantzuna ematen ari dela?
Ukrainari dagokionez, EBko lurralde izateko hautagaia da. Beraz, Errusiak Ukrainaren aurkako guda gogortu zuenean, Europaren kontra egin zuen zuzenean. Horregatik, erantzuna aho batez erabaki zen.
Eta Gazan?
Uste dugu pausoak eman direla Palestina herri moduan onartzeko, baina ez da nahikoa. Ordua da erakunde guztiek eskatzeko su etena ezar dadila eta bahituta daudenak askatu ditzatela, eta, bitartekariak behar badira, horiek jartzea bultzatzeko. Baina Europak erabaki bateratu bat hartu behar du.
Programan aipatzen duzue gastu militarra «eskakizun berrietara» egokitu behar dela. Zertan datza egokitzapen hori?
Lehen gauza da segurtasun arloan politika bateratu bat behar dela. Koordinazio lan itzela behar da; guztia ez da aurrekontua. Baina, Europako estatu guztien gastua batuz gero, Txinaren gastuaren inguruan gaude, eta Errusiatik oso urrun. Orduan, aztertu egin behar da ea kopurua handitzeko beharra dagoen.
«Gu beti aritu gara faxismoaren kontra: marra gorriak aspaldi dauzkagu ipinita. Eta marra gorri horiei eutsiko diegu Europako instituzioetan ere»
Beste gai bat da Migrazio eta Asilo Itunarena. Giza eskubideen aldeko erakundeek kritikatu egin dute, eta zuek ere beste itun bat eskatu duzue.
Itun horri dagokionez, abstenitu egin ginen, uste baitugu Aita Mari, Zaporeak eta halakoen lana arriskuan jartzen duela. Horren kontra gaude, erabat. Eta beste bat: ez zait gustatzen termino hauetan hitz egitea, baina badirudi posible dela dirua eskaintzea dagokizun pertsona kopurua ez jasotzeko. Guk uste dugu guztiok hartu behar ditugula. Europa bateratuaren esentzia da: elkartasuna eta aniztasuna.
Eskuin muturraren gorakadak zer eragin du bide horretan?
Horretan eta beste hainbat gaitan eragiten du. Migrazio kontuekin hasi dira, baina badira gehiago: LGTBI kolektiboa, feminismoa... zerrenda luzea da. Horregatik, garrantzitsua da domekan bozkatzera joatea.
Ika-mika eragin du Von der Leyenek atea ireki izanak eskuin muturra Europako Batzordean sartzeari. Marra gorri bat litzateke Von der Leyenen aldeko botoa emateko?
Gu beti aritu gara faxismoaren kontra: marra gorriak aspaldi dauzkagu ipinita. Bai Euskadin, bai Madrilen. Eta marra gorri horiei eutsiko diegu Europako instituzioetan ere. Gu Europako Alderdi Demokratan gaude: gure hautagaia Sandro Gozi da, ez Ursula von der Leyen.
Aste honetan, nekazarien protestak izan dira. Izan ere, lehen sektorean nabarmen eragiten dute EBn hartzen diren erabakiek. Zer erantzun emango diezue?
Lehen sektorea lehentasunezkoa da guretzat. Balioa eman nahi diogu egoera hobetzeko haiekin adostu dugun dekalogoari. Gure konpromisoa da hori Europara eramatea. Oso garrantzitsua da haien interesak defendatzen jarraitzea: ekoizpen katean duten lekuari balioa emateko, haien produkzioa jasangarria izateko, ekoizpenak jarraipena izateko... Eta arrantzaren arloan, digitalizazioa erabili behar da haien lana eguneratzeko, arrantza ilegalaren kontra lan egin... Horregatik, komisario berezi bat eskatzen dugu arrantzarako.
Zenbait eragilek auzia baliatu dute Itun Berdearen aurka egiteko.
Biak lotzen saiatu direnentzat, mezu argia: uste dugu jasangarritasuna lehentasunezkoa dela nekazarientzat.
Eta zein dira itun horri dagozkion lehentasunak EAJrentzat?
Trantsizio energetikoa eta digitala egin beharrekoak dira, gure sektore estrategikoen eskutik: industria eta lehen sektorea. Enplegu asko daude jokoan, eta kontuan hartu behar dugu gure ekonomiaren ezaugarriak zein diren ere. Euskadi izan zen lehen erkidegoa klima larrialdia onartzen, eta badaukagu Basque Green Deal izenekoa ere. Helburu batzuetara iritsi behar dugu, Europak ezarritako helmugak kontuan hartuta.
Eta nola baliatu abagunea?
Europako Next funtsak eta, bereziki, ESEPEak aipatu nahi ditut. Eskatu dugu horiek zuzenean Euskaditik kudeatzeko eta ez Madrildik. Badugu 30 urteko esperientzia halako funtsak kudeatzen, eta uste dugu enpresa txiki eta ertainetara arinago helduko liratekeela. Ez gara hutsetik hasiko: parke teknologikoak garatu ditugu, gure politika propioak ditugu.
Funtsei erreparatuta, horiei lotutako maileguen itzulketen eragina jomugan jarri dute zenbait eragilek. Horrek kezkatzen zaituzte?
Aztertuz joan behar dugu, dudarik gabe. Horregatik, kontuan izanda Europan 27+4 ogasun sistema daudela ─lau horiek Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa dira─, eskatzen dugu mahai horretan parte hartzea. Gure eskumenekoak direlako, eta zer motatako erabakiak hartzen diren aztertu ahal izateko.
«Komisario bat eskatzen dugu hizkuntza eta kultura gutxituen eskubideak defendatzeko. Guk argi dugu euskara ofiziala dela»
EAJren eta Urkullu lehendakariaren apustu bat izan da Atlantikoko Makroeskualdearena, baina estatuek ez dute bidea errazten.
Beti defendatu izan dugu herrien Europa, eta garrantzitsutzat jotzen dugu ardatz atlantikoa. Pausoak eman dira, eta azkenengo bultzada falta da makroeskualdea sortzeko. Hori onartuz gero, Europaren babesa izango luke, aurrekontu berezi bat, eta erabaki mahaian egongo ginateke. Onura ekonomiko eta sozialak eragingo lituzke.
Self-Determination caucus-ak autodeterminazio prozesuak garatzeko zirriborro bat aurkeztu zuen. Uste duzue posible dela horren inguruko eztabaida bat izatea europarlamentuan?
Eredu bat da, adostua izan zelako eta uste dugulako argitasun araudi batek erantzun ahal diola Europaren aniztasunari eta gurea bezalako errealitate nazionalen egoerari. Segurtasun juridiko hori garrantzitsua da herrien Europa horretan herriek erabaki ahal izateko.
Euskararen ofizialtasunari ere erreparatu diozue. Urratsak egin dira, baina non egin behar da indarra?
Gure programan komisario bat eskatzen dugu hizkuntza eta kultura gutxituen eskubideak defendatzeko. Guk argi dugu euskara ofiziala dela eta gure eskubidea dela euskaraz berba egin ahal izatea Europako instituzioetan ere. Eta euskara bezala, galegoa, katalana... Europan, kultura gutxituez berba egiten dugunean, 50 milioi pertsonaz ari gara.
motzean
Nolakoa da europarlamentua?
Ni politika lokalera ohitua nago, eta lehen aldiz han sartzea izugarrizko aldaketa izan zen. Baina gustatuko litzaidake hurbiltasuneko politika hori Europako instituzioetara eramatea.
Bidaiak nola egiteko asmoa duzu?
Ez dut askorik pentsatu. Nire asmoa da han egotea Euskadiren ahotsa izateko eta haren interesak defendatzeko. Eta gero, uste dut garrantzitsua dela hemen ere agenda egitea. Oso garrantzitsua da tokiko eragileekin komunikazioa izatea.
Eta zer egingo zenuke lehen-lehenik?
Aurrena, emaitza onak lortu. Gero, lanera joan.
Renew taldean egongo zinateke. Ari zara hura ezagutzen?
Florentzian egon ginen jardunaldi batzuetan, Sandro Gozi eta beste zenbait alderditako kideak ere izan dira. Harreman zuzena dago, eta indartu egingo dugu datorren astetik aurrera.