Ehun norbanako baino gehiago Ozaetan (Araba) bilduko dira gaur, trantsizio ekosozialaren inguruan hausnartzeko. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak Su txikien itsasoa deituriko topaketak antolatu ditu, eragileek elkarrekin zein lan egin dezaketen aztertzeko. Leire Gallego ELA sindikatuko ekintza sozialeko arduradunak azaldu duenez, 35 antolakunde inguru bilduko dira Garaion (Araba), Sorgingunean: «Eragile feministak, ekologistak, antirrazistak, osasungintzaren aldekoak eta sindikatuak, besteak beste».
Eskubide Sozialen Kartak «argi» dauka eragile bakoitzak ikuspuntu bat izan arren denek elkar «elikatzen» dutela. Horregatik, gaurkoa bezalako egunak beharrezkoak dira bakoitzak bere lanaren berri emateko eta «mobilizazio guztien mapa» ezagutzeko.
Jardunaldiak gogoeta batetik abiatuta antolatu dituzte. «Egungo krisiaren aurrean, eragile guztiok badugu kezka bat, eta bakoitzak bere esparrutik egiten du lan horri aurre egiteko». Gallegok esan duenez, egoera ezagutzeko, «kalea besterik» ez da ikusi behar: «Udazkenerako hamaika greba eta mobilizazio daude deituta». Kaleak «aktibatu» behar direla azpimarratu du.
Greba feminista orokorra
Gallegok esan du lanuzteen artean aipagarriena azaroaren 30eko greba feminista orokorra dela, borrokak «zeharkakoak» direla erakusteko adierazgarri nagusia izango baita. «Mugimendu feministak deitutako greba da, baina beraiek egindako prozesu parte hartzaile baten ondorioz, gaur bilduko garen eragile guztiok bat egingo dugu grebarekin, eta atxikimendua emango diogu».
Aliantzei buruzko mahai inguru batekin emango diote hasiera egunari, 10:00etan. Horren ostean, trantsizio ekosozialerako funtsezkotzat dituzten zazpi ardatzei buruz eztabaidatuko dute; besteak beste, gai hauek jorratuko dituzte: burujabetzaz ariko dira, zaintza erdigunean jartzeaz eta planeta bizigarria egiteaz. Arratsaldean, antolakundeak «elkarrekin egin nahi eta ahal» dutenari buruz mintzatuko dira. 17:30 aldera amaituko dituzte topaketak.
Antolatzaileak «jabetuta» daude egun bakarra ez dela nahikoa izango «erronka handi horren» inguruan hitz egiteko. Hori dela eta, argi dute: «lanean jarraituko dugu».
Trantsizio ekosozialari buruz hausnartuko dute eragileek gaur Ozaetan
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak 'Su txikien itsasoa' topaketak antolatu ditu. 35 taldetako ehun herritar baino gehiago bilduko dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu