xabier martin

Aldaketa bat bide berean

2025eko otsailaren 6a
15:00
Entzun

Batzuk ezustean harrapatuko zituen Andoni Ortuzarren agurrak, baina alderdiaren barruan hainbat buru irudikatzen hasiak ziren irteera hori EBBren barne prozesuak marraztu duen labirinto zitalarentzat. Hamabi urtez EAJren lema (2013-2025) eraman ostean, alboko atetik doa orain Ortuzar, baina, lasterketan jarraitu izan balu, atzeko atetik joateko arriskua zuen. Lehen hautespen aldia irabazi du, bai, baina parte hartzea oso apala izan da, eta, gainera, batzoki askotan bozkatu zutenean oraindik ez zegoen erabat garbi Ortuzar-Esteban dikotomia. Bigarren itzulian afiliatuek erreleboaren alde egiteko aukerak alborarazi du Ortuzar, hark gidatu duen EBBk Iñigo Urkullu eraman zuen ate berera.

Aitor Esteban alderdiaren buruzagitzara bultzatu duten indarrak ez dira soilik errelebo baten aldekoenak. Horiek ez dute azaltzen ildoz, adinez eta praxian oso gertukoak diren lagun biren arteko aparteko norgehiagoka bat, baina, epe motzera behintzat, nekez jakingo da, erreleboa emateko nahiak ez ezik, beste zerk bultzatu duen Esteban pauso hori ematera.

Pertsonen errelebo hutsa baita: Esteban ez da aldaketa handia sexuari, ildo politikoari, belaunaldiari eta lurraldeari dagokienez. EAJko Kongresuko eleduna trantsizio garai bat gidatzeko burua izan daiteke, aingura bat alderdiaren barruan, noiz eta erakundeetan aurpegi berri gazteagoak agertzen ari diren honetan. Trantsizio bat, benetako erreleboa iristen den artean, esan nahi baita.

(ID_14296546) (Endika Portillo/@FOKU) 2024-09-29, Gasteiz. EAJren Alderdi Eguna
Ortuzar, EAJren Alderdi Egunean, iaz. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Arduratsuak eta arduragabeak

Ortuzarrek argi utzi du X sarean txiokatutako idatzian «militantziaren parte esanguratsu bat, nahiz eta txikiagoa izan», azaldu delako erabaki duela hautagaitza uztea, bigarren itzulian bi hautagaitzaren lehiak «banaketa arrisku handia» ekarriko lukeela eta hori «arduragabekeria» litzatekeela. Ortuzar ez doa pozik. Esan du, batetik, parean dituenak gutxiago direla, eta, bestetik, berak jokatu duela arduraz. Hortaz, zer eman du aditzera? Esteban arduragabea dela? Zailtasun handirik gabe lerro artean irakur daitekeen galdera da.

Eta horrek beste galdera bat piztu du: bi hautagaien eta haien atzean dauden indarren arteko paktu batek ekarri du Ortuzarren adioa? Edo egungo EAJko presidenteak hartu du erabakia bere kabuz? «Alderdian pentsatu beharra daukat», dio Ortuzarrek bere idatzian, eta erraza da pentsatzea azkenerako aldeen arteko adostasuna nagusitu dela, betiere alderdiaren mesedetan, buru askok eskatzen zuten moduan.

EBBren osaera

Markel Olanok ere ez du bere txanda atzeratu, eta iragarri du EBBko presidente izateko lasterketa utzi duela, baina Olanoren ukoa oso desberdina da, hark ez baitu sekula esan EAJko presidente izan nahi duenik, eta ez du sare sozialetan eta elkarrizketetan hauspotu bere hautagaitza, Ortuzarrek eta Estebanek egin duten moduan. Eta, beraz, ez du ibilitako bidean atzera egin behar, Ortuzarrek egin duen moduan: «Nire barru-barruko lehen uste sendora itzuli behar dudala uste dut, hau da, berritzeari tokia uztera».

Estebanen aldeko paktu bat egon bada, EBBren osaera berrian islatuko da Gipuzkoako jeltzaleek zenbaterainoko zeresana izan duten itun horretan

Batera edo bestera, Estebanek bidea zabalik du EAJko presidente bihurtzeko, martxoaren 29an eta 30ean egingo duten Batzar Nagusian. Olanok aurreratu du «presidente bikaina» izango dela. Hautagaitza bakarrarekin ez da aukera handirik izango EBBren osaera berrian orain arteko orekak askorik aldatzeko, subiranistak-paktistak ildoei eta lurralde artekoei dagokienez. Ez dira albiste onak Bizkaiko ildo kritikoarentzat. Hala ere, ikusteko dago Gipuzkoako jeltzaleek zenbaterainoko zeresana izan duten Estebanen aldeko balizko itun batean. EBBren osaerak islatuko du hori.

EAJk erakundeetan inoiz izandako aginterik zabalenaren aroa gidatu duen buru historikoa badoa, baina Ortuzarren agur hori ezin da azaldu nagusitasun jeltzaleak izan duen galera kontuan hartu gabe. EAJk jadanik ez du alperra pasatzen garai batean bezala. Orain, EH Bildurekin lehiatzen da nagusitasun politikoari eusteko. Azken hauteskunde zikloaren emaitza txarrek atsekabea eta ezinegona erein dute alderdian, eta, finean, horrexek ireki dio irteteko atea Ortuzarri. Koalizio subiranistaren gorakada aintzat hartu gabe ezin da azaldu EAJren barne prozesuak ekarri duen ezustea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.