Iazko abenduan aurkeztu zuten Bagira egitasmoa, Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen herri topaketak antolatzeko. Mugimendu abertzalearen oinarriak «eguneratzeko» eta «helburu eta etapa partekatuak» kokatzeko asmoz, egutegi zehatz bat plantan ezarri zuten, epe jakin batzuk ezarriz parte bakoitzerako; lehen fasea, aste hondarreko Aberri Egunean bukatutzat emanen dutena, transmisio historikoarena zen. Gero jinen dira geroaz gogoetatzeko momentuak.
Iratzar fundazioko eta Bagiraren gidaritza batzordeko kide Txomin Poveda baikorki mintzatu da lehen fasearen bilana egitean, hamalau hitzordutan 75 hizlari eta orotara 750 pertsonatik goiti present izan baitira. Kantitateaz gain, kalitatea azpimarratu du: «Kualitatiboki, gai asko jorratu ditugu. Komunikabideak, ekologia mailan izan diren borrokak, bihotzezko gaiak: presoen inguruko sostengua, borroka instituzionala... Baina ez hori bakarrik, mugimenduaren zabalerako gaiak landu baitira». Mahai inguruetan, zenbait belaunaldi eta sektoretako militanteak izan dira hizlari, 60 urteko historia zeharkatu duten borrokak oroitarazteko, protagonisten ahotik.
«Jakiteko nora goazen, begiratu behar da nondik gatozen», dio Povedak, kide baten errana errepikatuz. Ideia horrekin jorratu nahi izan du Bagirak transmisio historikoa, mugimendu abertzaleari deialdia eginez, «eta deialdiak oihartzun bat atzeman du mugimenduan», Povedak dioenaz. Sei hamarkadako historian arlo desberdinetan mugimendu abertzaleak egin bideari behako bat eman zaio hitzorduz hitzordu. Halere, frustratu samar ere sentitzen dira antolatzaileak, zeren, espero zuten baino gehiago landu badute ere, mugimenduaren historia «denbora neurtuan» osoki aipatzea ezinezkoa da, Povedaren erranetan, «hain baita aberatsa historia hori: ehunka eta ehunka egitura izan dira, milaka istorio. Ikaragarria da hor den mamia!».
Txomin Poveda, Iratzar fundazioko kide eta Bagira prozesuaren koordinatzailea. Guillaume Fauveau
Transmisiotik gerora
Transmisio historikoaren fasean, bazen zer aipatua mahai inguruak elikatzeko: «Mugimendu abertzalean, hastapen-hastapenetan hiru katu ziren, arrunt minorizaturik. Gero, errepresio urteak izan dira, borroka armatuarenak, eta hainbat gauza... Ondotik, lehen ezagupen instituzionalak izan dira zenbait sektoretan, eraikuntza momentu asko alternatibak sortuz komunikabideetan, kooperatibetan, laborantzan, eta abarretan», aletu du Povedak, azken bi hilabeteetako aipagaiak zehazteko. Lehen fasea bururaturik, Aberri Egunaren ondotik geroaz hausnartzen hasiko dira.
Geroko helburuak finkatzen hasi aitzin, haatik, Bagirak pentsatu duen bigarren etapan, sektore askotarikoak hunkitzen dituen mugimendu zabalaren oinarriak finkatzea proposatzen du, Povedak zehaztu duenez: «Bektore komun horren inguruan behar dugu solastatu, jakiteko zerk egiten gaituen mugimendu, zeintzuk diren gure oinarriak». Mugimendu abertzalea plurala dela azpimarratu du segidan, hainbat sektore eta egitura dituela: «Xedea da aniztasun hori babestea, baina, denbora berean, atzematea zer partekatzen dugun denen artean».
Bagira abiarazi zutenek abiapuntuetan zuten, 60 urteko ibilbidearen ekarpenak baloratzeaz gain, testuinguru berezia sumatzen zutela, Povedak erran duenez: «Borroka armaturik ez da gehiago, Ipar Euskal Herriak badu ezagupen instituzionala, eta mugimendu abertzalearen adar politiko instituzionalak geroz eta emaitza interesgarriagoak ditu; mugimendu abertzalea geroz eta sektore gehiagotan garatzen ari da...». Gidaritza taldeko kideak ondorioztatu du «izaera aldatzen ari den» mugimendu bat dela.
Testuinguru horretan kokatu du prozesuaren koordinatzaileak fasez fase eramanen duten gogoeta, Povedaren arabera talde antolatzailea konbentzitua baita «mugimenduak baduela etorkizun ikaragarri zabala, badituela sekulako baldintzak azeleratzeko eta indartzeko».
Ondoko fasean, segitu dute deialdia mugimendu abertzale zabalari helarazten, baina gerora proiektatzeko, eta Povedak argi du transmisio historikoaren fasea beharrezkoa izan dela baldintza onetan izateko proiekzioetarako: «Ez da berdin gogoeta estrategiko bat abiaraztea egun batetik bestera, edo bi hilabete lehenago piztu baduzu oroitzapen historiko bat; fokua desberdin pausatzen du, nahi eta nahi ez».
Otsailaren 24an Bagirak Baionan antolatu zuen mahai ingurua. Patxi Beltzaiz
Aberri Eguna Itsasun
Transmisio historikoaren zikloa zerratzeko, hastapenetako sinbolo bat hautatu dute heldu den apirilaren 9ko Aberri Eguna antolatzeko: Itsasun eginen dute, duela 60 urte bezala. Bagiraren deialdian, hitzordua zenbait gogoeta fasetan kokatzen da, gainera, «iraganaz oroiturik, oraina ospatzeko eta etorkizunera proiektatzeko» momentu gisa iragarri baitute apirilaren 8ko eta 9ko asteburua.
Besta bai, borroka ere bai leloa aipatu du Txomin Povedak bi egun horietako egitaraua aurkezteko, bietatik anitz izanen dela ziurtaturik. Iduri zaio alde politikoan izanen diren ekinaldiek parada emanen dutela panorama osoa deskubritzeko: «Manera izan daiteke mugimendu abertzaletik hurbiltzeko; batzuek nahi badute mugimendua deskubritu bere zabaleran, asteburu hori da momentua», ziurtatu du Bagirako dinamizatzaileak.
EGITARAUA
Apirilaren 8an eginen dute irekitze ofiziala, 10:00etan, mugimendu abertzalearen historia erakutsiko duen erakusketa estreinatuz.
Apirilaren 8a, larunbata
Erakusketa. Mugimendu abertzalearen historia iruditan. Egun osoan.
Kantaldiak. Ixabe, Foisis Jaunak eta Marilou, 12:00etan.
Mahai ingurua. Aberri Eguna atzo, gaur eta bihar, 14:30ean.
Kantu afaria. Nat eta Watsonek alaiturik, 20:00etan, Atharrin.
Apirilaren 9a, igandea
Manifestazioa. Alaitua eta aldarrikatzailea. Ziganteak, joaldunak eta gaiteroak. 11:00etan, plazatik. Ekitaldia. 12:00etan.
Zikiroa. Kuxkuxtuk animaturik, 14:00etan.
Kontzertuak. Xiberoots, Liher, Kuartz, Dupla eta DJ Xa2. Urririk, 19:00etan.