LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna

Transfobiaren aurka irten dira kalera, harrotasuna aldarrikatuz

LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunean, mobilizazio jendetsuak izan dira hainbat lekutan. LGTBIfobiaren aurkako eta sexu eta genero askatasunaren aldeko aldarriek hartu dituzte karrikak

Askotariko ostadarrekin egin zuten manifestazioa atzo Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz - Javi West Larrañaga
Bilbo
2022ko ekainaren 29a
00:00
Entzun

Harrotasuna izan zen atzo garaile karrikan; horren erantzule eta lekuko izan dira Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan deituriko manifestazioetan izandako milaka herritarrak. LGBTI Komunitatearen Nazioarteko Eguna izan zen, sexu eta genero askatasunaren aldeko borrokaren egun seinalatua: jendeak ez zuen huts egin, eta ozen aditu ziren komunitatearen aldarrikapenak. Bilbon, esaterako, transfobiaren kontrako mezuetan jarri dute indarra aurten.

Ikusi gehiago:Mer Gomez: «Pertsona asko ez dira intersexual gisa identifikatzen»

Transfobiaren aurrean, tinko. Konplizitaterik ez, hartu posizioa izan zen lelo nagusi Bizkaiko hiriburuan izandako mobilizazioan. 19:30ean abiatu zuten martxa, Jesusen Bihotza plazatik, E28 Koordinakundeak deituta. Banderak, afixak eta pankartak harturik, «harro» egin zuten bidea ehunka pertsonak, aurpegian ortzadarrak pintaturik askok. «Harrotasuna ez dago salgai», ohartarazi zuten.

Mugimendu feministari, ezkertiarrei eta gizarteari eskatu zieten transfobiaren eta transmisoginiaren aurkako jarrera hartzeko, eta ez tratatzeko «bazterreko kontu gisara». Manifestazioaren akabuan, aldarrikatu zuten transexualak «beti» izan direla borroka feministaren parte, eta gaur egun mugimendu feministaren barrenean «feminismo zuri, burges, debekatzaile, zigortzaile eta kapitalista» bat sortu nahi dela transexualak eta prostitutak isilarazteko. «Ezabaketa historikoa eginez, gorroto diskurtso hori bat-batean gatazka gisa planteatu da, trans pertsonen aurkako indarkeria eta adierazpen askatasuna parekatu nahi dituena».

Feminismoaren barruko «korronte transfobo» hori «goraka doan mugimendu kriptofaxista» bat dela esplikatu zuten, eta patriarkatuak historikoki erabili duen determinismo biologiko bera erabiltzen dutela transexualen aurka egiteko. Koordinakundeak gizarte askapenaren alde egiteko garaia dela aldarrikatu zuen, «bortizkeria patriarkal eta bioesentzialista» alde batera uzteko, «gizabanako atzerakoiek oztopatu eta trabatu» arren. Esan zutenez, «ez dute onartuko» erakundeek, feminismoak eta mugimendu ezkertiarrek «zuzenean edo zeharka babestutako gorrotoz beteriko diskurtsoek» hazten jarraitzea.

«Bortizkeria olatua»

Gorroto diskurtso horiekin lotu zuten LGTB pertsonen aurkako erasoen «bortizkeria olatua». Eraso horiek «izozmendiaren tontorra» bakarrik direla uste dute, eta sistemari berari egotzi diote erantzukizuna: «Argi dugu gizarteak inposatu nahi duen moralitatetik aldendu eta normalitatea zalantzan jartzeagatik jasaten dugun zapalkuntza sistema aldatuz soilik bukatu daitekeela; sisteman integratzeko edozein saiakerak ezingo baitu sistemak berak sortutako indarkeria desagerrarazi». Esan zutenez, «sistemaren suntsipenean» eta «transmaribibollo autodefentsa sareen sorreran» sakondu beharra daukate.

LGTBI harrotasunaren «merkantilizazioari» heldu zion, berriz, E28 Koordinakundeak. Haien arabera, Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak, EAJk eta enpresariek «harrotasuna instrumentalizatu eta merkantzia bihurtu dute» egunotan egindako Bilbo Bizkaia Harro egitasmoaren bidez. Adierazi zutenez, «gozamen burgeserako» sortutako festa «despolitizatuak» eta «desklasatuak» dira, eta, aldiz, baliabiderik ez da jartzen LGTBI komunitatearen «benetako» beharrak asetzeko.

Prostituzioa ere izan zuten aipagai. Espainiako Kongresuan onartutako lege proiektuagatik ardura adierazi zuen koordinakundeak, eta arloan martxan ipinitako «debeku politiken aurka» agertzeko deia egin zuten. «Egungo testuinguruan, sexu lanari trabak jartzeak arrisku handiagoko praktikak egitea baino ez dakar, gehienetan migratzaileak diren trans pertsona prekarioak kriminalizatuz». Esan zutenez, prostituzioa amaitzeko, prostituten bizi baldintza materialak hobetu behar dira. «Abolizioa ez da soluzioa» oihukatu zuten protestan. Espainiako Atzerritarren Lege «arrazistak» prekaritatea eragiten duela gehitu zuten, eta emakume transen langabezia tasa handiak «egiturazko transmisoginiaren» ondorio direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.